Asteartea, 2024ko urriak 08
Gora joan

Kultura

Maialen Akizu Bidegain
Maialen Akizu Bidegain

Soziologia ikastea erabaki nuen erabakitzea kostatzen zaidalako. Egun doktoretzan, generoa eta politika kulturalak hizpide, eta gure amona kontentu, familian mediku bat dugula eta. Kulturgintzan aritzen naiz esparru desberdinetan eta esparru honetara ekarri nahi ditut kulturgintzak. Intuizioak limurtu egiten nau datorrenero.

Hezkuntzari laguntasunez

EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroari begira

2022an Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroa onartu zuen Eusko Jaurlaritza osatzen duen gehiengo politikoak. Ordutik, nahikoa iskanbila sortu da hezkuntza komunitatearen eta eragile ezberdinen artean. Matrikulazioaren garaian ari naiz lerro hauek idazten, eta lauso bezain narras egindako proposamena herri bat baino gehiagotan izan da eztabaida iturri. Ikastetxeen publikotasun asmoa, Zaurgarritasun Indizea eta ikasleen orekatzea izan dira harrabots handiena sortu duten gaiak; baina, hizkuntzei ematen zaien trataera eta konkretuki euskara eta euskal kulturaren gabezia ere jo puntuan jarri dira.

Euskal Kultur Transmisioa lantaldea kezkari forma eta norabidea ematen ari da. Besteak beste, bermatzen dute aurreproiektuaren zirriborroan ez dela euskal kultura zehar-lerro, kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa ez direla funtsezko adar eta jakingai edo, testuinguru eta kokapen orokorra egiten denean, ez dagoela euskararen eta bere kulturaren egoera diglosikoaren inguruko aipurik.

Euskal Kultur Transmisioa lantaldea kezkari forma eta norabidea ematen ari da. Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiak antolatu dituzte han-hemenka, eta Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroaren irakurketa kritikoa egin eta atxikimenduak lortzen ari dira Kulturgintzan.eus webgunean. Besteak beste, bermatzen dute aurreproiektuaren zirriborroan ez dela euskal kultura zehar-lerro, kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa ez direla funtsezko adar eta jakingai edo, testuinguru eta kokapen orokorra egiten denean, ez dagoela euskararen eta bere kulturaren egoera diglosikoaren inguruko aipurik.

Aurreproiektua bera irakurtzeko parada izan dut –literatura purua–, eta zer falta zer sobra dagoen baino, zer nola esaten den behatzea iruditzen zait esanguratsuagoa. Aurreproiektua diskurtso bat delako, hezkuntza formalaren eratzaile eta oinarri izan nahi duen diskurtso adostu bat.

2022ko ekainaren 30ean onartutako lege aurreproiektuak 70 orrialde ditu. Hasieran «zioen azalpena» deituriko atal bat du, eta, ondoren, sei titulu, bakoitza kapitulu eta ataletan banatua. Amaieran, hiru xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor eta xedapen indargabetzaile bat. Azken xedapenekin bukatzen da dokumentua, eta bertan azaltzen dira legearen arau garapena eta indarrean jartzea. Ez nator eremu juridikotik, eta, beraz, formak eta gako teknikoak beste batentzat.

Lege aurreproiektuaren zioen azalpena «anbizio kolektiboa» aipatuz hasten da. Anbizio hitza ez da gainerako testuan azaltzen, baina, kolektiboari erreferentzia egiten dion terminoa da berori. Alabaina, aurreproiektuaren hasieran aipatzen da hezkuntza eraldatzailea «ikasleak protagonistatzat» hartzen dituena dela, «pertsonak eta ez automatak» eratu behar direla, «gizarte-kohesioan eta bikaintasunean» oinarrituta. Zaurgarritasuna ere aipatzen da, «krisi-garai hauetan [...] norberaren eta besteen zaurgarritasunaren arteko lotura» zaindu eta partekatzearen beharrezkotasuna, edo ziurgabetasuna, larrialdi klimatikoa, migrazio mugimenduak eta iraultza teknologikoa medio.

Iratxe Retolazak Berria egunkarian Julen Aperribaik egindako elkarrizketa batean aipatzen du ziurgabetasuna ez dela kulturarekin aipatzen, non eta Euskal Herriko testuinguruan hizkuntza eta kultura gutxituak ditugunean eta horrekiko kezka sozial bat dagoenean. Bitxia da aurreproiektuak zeri deitzen dion larrialdi, zeri mugimendu eta zeri iraultza: larrialdia da klimatikoa, mugimendua da migrazioarena, eta iraultza da teknologikoa. Teknologiek «espazio berriak» sortzen dituzte, eta horretarako «kualifikazio handiko irakasleak» behar dira. Kualifikazio handia, berariaz, teknologiarako soilik behar dela aipatzen da; ez inklusiorako, ez hizkuntza lantzeko, are gutxiago kultura transmititzeko.

Hezkuntza aurreproiektuak hiru balio azpimarratzen ditu: izatea, jakintza eta elkarbizitza.

Izatea «nortasun-esperientziarekin» lotzen da: «hezkuntza-sistema osoaren helburua da pertsonek beren kabuz pentsatzea, norberaren ezaugarriak lantzea eta bereziki autonomia eta erantzukizuna lantzea, [...], norberaren ahaleginaren kultura suspertzea». Izatea garatzeak balio eta bizikidetzan trebatzea dakarrela dio, besteekin harremanetan jartzea, kolektiboaren parte izatea beharrezkoa dela, baina trebatu beharreko zerbait da hori ere. Izateak edo «identitate irekiak» globalizazioari heldu eta norberatasuna mantentzen dutenak omen.

Jakintza. Zer da jakintza? Zertarako da jakintza? Zertarako jakintza? Aurreproiektuaren arabera, «hezkuntza-sistemak beren kabuz pentsatzen duten pertsonak prestatu nahi ditu». Horretarako, bost pauso proposatzen dira: (1) irakasleek ezagutzarekiko estimua eta gogogabetasuna sustatzea; (2) ezagutzaren eta «teknologia aurreratuen gizartean» informazioaz gaindiko jakintza hedatzea; (3) harridura sortzea, eta ikasleak irakaskuntzaren protagonista bihurtzea; (4) galderak erantzutea «erabilera instrumentala» izanez, eta teknologiaren arriskuez ohartaraztea; (5) Europako Batasunaren digitalizazio eta Adimen Artifizialaren estrategia eta politiketan kokatzea.

Jakintzaren puntu horretan aipatzen da transmisioa. Jakituria «areagotu eta zabaldu» egin behar da, eta hori da transmisioaren funtsa: aurreko belaunaldiak gainditzea, behin eta berriz aipatzen baita eurek bizi ez zuten errealitate baten aurrean gaudela eta «aurrekoan baino pluralagoa den gizarteetan bizitzeko gaitasuna» behar dugula.

Elkarbizitza balioetan garrantzitsuena dela aipatzen du testuak. Hiru puntutan xehetzen da elkarbizitza: (a) ikastetxeko pertsona desberdinekiko esperientzia eta errespetua; (b) natur zaintzarekiko erantzukizuna; (c) hizkuntzen artean, euskarari arreta berezia eskainiko zaio, eta, atzerriko hizkuntzetan, bereziki ingelesean, erabilera sustatu behar da. Hemen ere zer nola esaten dugun: euskarari, arreta berezia; ingelesari, erabilera merezia.

Mundu global eta kulturaniztuna sarritan aipatzen du hezkuntzaren diskurtsoak, eta, segidan, «euskararen erabilera aktiboarekin konprometitzeko, euskal kultura ezagutzeko eta hura garatzen eta eguneratzen laguntzeko» beharra. Euskararekin lotuta, «konpromisoa», «ezagutza» eta «laguntza». Euskararen eguneratzeko eta garatzeko premia hainbatetan azpimarratzen da.

Aurreproiektua irakurtzen ari naizela, arreta deitu dit gizarte terminoaren agerpenak. Ibai Iztuetari irakurria da euskaratik pentsatuta gizartea eta herria oso bestelakoak direla, eta kulturaren azterketan funtsezkoa dela, gizartearen edo herriaren ideiaren gainean, nondik ari garen jabetzea. Kontatu egin ditut: gizarte kontzeptua hirurogei aldiz azaltzen da; herri, aldiz, hamalau bidez. Eta adierazgarria da bakoitzak zeri egiten dion men: gizarte terminoari eskutik heltzen diote kohesioak, erronkak, parte hartzeak, aurrerapenak, demokratikoak, aktiboak. Herri terminoa herrialdeei erreferentzia egiteko erabiltzen da (hezkuntzan emaitza onak dituzten herrialdeekin baita homologagarria hezkuntza proiektua), edo herritasun aktiboarekin, edo herritarren hezkuntza premiekin.

Ikastetxeen tipologiari eta matrikulen aferari garrantzirik kendu gabe, hezkuntzaren bueltan zein diskurtso darabilgun behatzea urgentziazko iruditzen zait. Desio nuke eztabaida ez mugatzea «euskara badago/ez dago», kultura «agertzen da/ez da agertzen» horretara; hitz egitea teknologiaren espazio berriez, ikasleak protagonismoa hartzeaz, aurrekoak baino pluralagoak izateaz.

Iztuetak euskal herritar terminoa hobesten du, hizkuntzaren erabilera eta herritartasuna batera ulertzen dituelako. Oinarri horretatik, baina, herri ikuspegiari bakarrik heldu eta gizartearen parte garela ahazteak Euskal Herria bezalako lurralde batean nahasten diren ibilbide eta esperientzia ugari kontuan ez hartzea dakar; kontrara, gizarte ikuspegian kokatu eta herriarena baztertuz gero, euskara eta euskarazko adierazpenak hiritarren arazo edo hautu indibidual izatera lerratzen dira. Hargatik proposatzen du jatorri ezberdinekiko aitortza eta horiekiko kudeaketa gizartearen klabeetatik egitea, eta, integrazioa euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin berdintzea.

Izan ere, Iztuetaren iritziz, auzitan dagoena ez da euskal hiztun izateko gogoa soilik, euskal herritar izatekoa baizik. Horiek horrela, zertan datza euskalduntasunak edo zertan datza euskal kulturak bezalako galderek eta galdera horiei ematen zaien erantzunek pentsamendu marko bat ezartzeko berebiziko garrantzia dutela dio.

Ikastetxeen tipologiari eta matrikulen aferari garrantzirik kendu gabe, hezkuntzaren bueltan zein diskurtso darabilgun behatzea urgentziazko iruditzen zait. Desio nuke eztabaida ez mugatzea «euskara badago/ez dago», kultura «agertzen da/ez da agertzen» horretara; hitz egitea teknologiaren espazio berriez, ikasleak protagonismoa hartzeaz, aurrekoak baino pluralagoak izateaz.

Laguntasunari gorazarre

Ibil Bedi musika talde nafarrak kantua kaleratu duela jakin dut Merina Gris musika taldearen Instagramean. J Martinak ere bihotz batez iragarri du singlearen berri, eta, taldeaz gain, taldekide bakoitzak ere egin du Instagram bidez kanta entzuteko gonbita. Olatz Salvadorrek ere bai, eta baita 24 orduko ‘historietan’ desagertu diren beste zenbaitek ere. Ibil Bedi taldeak bakoitzaren keinuak eskertu ditu historien errepikaz. (Instagram zer den eta nola funtzionatzen duen ulertzea kostatzen zaizun irakurle maite hori: paragrafo hau azaltzeko eska diezaiokezu inguruan duzun norbaiti; paradoxikoki, sarearen logika harraparia da, eta ez zait erraza hitzez adierazten).

Sareen logika, kulturgileen zein kultur diziplinen saretzea ez da testuinguruaren parte edo ondorio bakarrik; aldatzen ari da kultur esparrua konpartitzeak, berariaz, lehia eta ordezkatzea sortzea; laguntasunari gorazarre egitea erabaki da, erabaki politikoa hartu da, eta beste era bateko harremanak zein edukiak sortzen ari dira.

Kontua da, talde horien sareetako jarraipena egiten baduzu, ikusiko duzula ohikoa dela elkarri hitz onak esatea, like-ak ematea edo besteen kontzertuen iragarpena egitea. Denetan akaso gehien harritu nauena izan da Merina Gris taldeak J Martina taldeko kideak agertzen ziren kamiseta egitea, edo Merina Gris taldearen Ardi latxen herrian kantaren bideoklipak Belako taldeko Cris Lizarraga izatea protagonista.

Merina Gris taldeak identitateari buruz egiten duen proposamena oso interesgarria iruditzen zait. Beste baterako. Hala ere, hemen zerbait ari da mugitzen, eta badago mamia. Ezinezkoa zatekeen imajinatzea Hertzainak taldeko Gari Kortaturen bideoklipa egiten, edo Alaitz eta Maider Mixel Ducauren kontzertuaren albistea zabaltzen, edo Berri Txarrak Anariren kamisetak diseinatu eta saltzen. Sareen logika, kulturgileen zein kultur diziplinen saretzea ez da testuinguruaren parte edo ondorio bakarrik; aldatzen ari da kultur esparrua konpartitzeak, berariaz, lehia eta ordezkatzea sortzea; laguntasunari gorazarre egitea erabaki da, erabaki politikoa hartu da, eta beste era bateko harremanak zein edukiak sortzen ari dira.

Ines Osinagari ere entzun diot Itsasoa da bide bakarra lanean hautu hori egin zuela. Gose taldeko parte izan zen urte luzez Osinaga, baina, amatasuna medio, taldea utzi zuen. Gose taldekoek Anita Parker taldea sortu zuten gerora, eta Ane Martinez da egun bertako abeslaria. Osinagaren eta Martinezen harremana arantzatsua izan zitekeen, eta izango zen, Osinagak aitortua, feminismoaren ekarpenak jaso ez balituzte; baina, kontrara, Osinagaren azken lanean parte hartzen du Martinezek, eta ez dute elkarren arteko ezinikusi hollywoodenserik sortu.

Inpresioz, musikan nabarmenago ari da gertatzen hori; baina beste kultur diziplinetan ere badira zantzuak. Bertsolaritzan, adibidez, gero eta ohikoago da oholtza gainean besarkadak eta laztanak ikustea, eta kantukidearen bertsoak txalotzeko joera geroz eta handiagoa da, batez ere bertsolari gazteenen artean. Ikus-entzunezkoetan, literaturan, arte plastikoetan ere esango nuke badagoela elkar bilatzeko erabaki hori, emakumeen artean batez ere.

Musikaren eremuan, ordea, laguntasun edo harremantze horiek, keinuez edo txalo jotzeez harago, produkzioan ere esplizituki igartzen dira. Berritsuena, En Tol Sarmiento musika talde arabarraren Guretzat izeneko CDa. Hamaika kantez ondu dute lana, eta lau kantek kolaboratzailea dute. Kantaren promozioa kolaboratzailearen bidez iragarri zuten, eta tartean daude Eñaut Elorrieta, Josune Arakistain, Idoia Asurmendi eta Gari Uriarte eta Beñat Oribe (Dupla taldea). Kolaborazioek atentzioa ematen didate Izaroren azken lanetik. Oroitzen dut mallabitarrak nola iragarri zituen kantak banan-banan sareetan, gauzatxoak datoz-ka, eta hamabost kantetatik hamalau beste ahots batekin zeuden osatuta. Izarok irratian aitortu zuen pandemia aurretik kolaborazioekin ez zela horren eroso sentitzen, baina, bakartuta eta munduaren amaieretan ibili ginen garai hartan, bizitzaren hauskortasunaz ohartu, eta, ordutik, kantatu nahi duen jendeari ausarki egiten diola proposamena gerorako utzi gabe.

Duela gutxi Simone de Beauvoirren biografia izan dut esku artean, eta harrigarria da bere bizitzan zehar zenbat pertsonarekin gurutzatu zen eta izandako lagun gertuko horiek zer-nolako eragina izan zuten bere pentsamenduan. Ezagutza elkarrekin egonda, konpartituta sortzen da.

Bueltan-bueltan, Katakrak argitaletxeak bere liburu propioekin erabiltzen duen logikak ere horren antza badu nolabait. Katakrak liburuen sortzea itzulpenera mugatzen du. Liburuek, baina, itzultzaileez gain, nolabaiteko enbaxadore bat izaten dute, liburuaren gaiarekin lotura duen erreferentziazko pertsona berori. Liburuaren hitzaurrea idazten du, eta liburuari gorputza jartzen diote elkarrizketa eta abarretan, testuen ekoizpen egileekin harremantzea askoz ere zailagoa delako. Adibidez, Henry David Thoreauren Walden lana Danele Sarriugartek itzuli du, eta Antonio Casado filosofian doktorea izan da hitzaurrea egin diona; edo Leslie Feinbergen Borrokalari transgeneroak liburua Fermintxo Zabaltzak itzuli du, eta Kattalin Miner kazetari eta ekintzaile feministak egin dio hitzaurrea; Hannah Arendten Indarkeriaz liburua, aldiz, Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli du, eta Mario Zubiaga politologoak egin dio hitzaurrea.

Ez dira gauza bera. Badakit. Baina hiru gauza azpimarratu nahi nituen: batetik, iruditzen zaidala norbanakoa, kulturgilea, sortzaile bezain bitarteko ere bihurtzen ari dela, pertsonifikaziorako joera dagoela esparru askotan, eta ez dakit Euskal Herrian, dugun tamainagatik, joera hori nabarmenagoa ez ote den; bigarrenetik, hausten ari da artista bakartu, jenio, ahalguztidunaren ideia. Duela gutxi Simone de Beauvoirren biografia izan dut esku artean, eta harrigarria da bere bizitzan zehar zenbat pertsonarekin gurutzatu zen eta izandako lagun gertuko horiek zer-nolako eragina izan zuten bere pentsamenduan. Ezagutza elkarrekin egonda, konpartituta sortzen da, eta arestian horregatik aipatu dut ikaslea erdigunean jartzen duen hezkuntzarekiko mesfidantza; hirugarrenik eta azkenik, interesgarria litzateke kolaborazioen zergatia eta nolakotasuna behatzea. Nire ustez, badagoelako arriskua izarrek izarrei keinuka aritzekoa, diz-diz egiten duen izarrak diz-diz egiten duen izarrari keinu; eta bihurtzen da lehia lagunkoiagoa, baina, izarrek jarraitzen dute izar izaten, eta jarraitzen dute zeruan.