Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan

Kultura

Maialen Akizu Bidegain
Maialen Akizu Bidegain

Soziologia ikastea erabaki nuen erabakitzea kostatzen zaidalako. Egun doktoretzan, generoa eta politika kulturalak hizpide, eta gure amona kontentu, familian mediku bat dugula eta. Kulturgintzan aritzen naiz esparru desberdinetan eta esparru honetara ekarri nahi ditut kulturgintzak. Intuizioak limurtu egiten nau datorrenero.

Geruzak, sariak eta nostalgia

Geruzak proiektua: desiraz

Badira gure betiko lur hau berritzen duten zerak. Geruzak izeneko proiektua sortu da, «gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, euskaraz eta euskaratik, feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua lantzea helburu duen ikus-entzunezko sorta». Idazten ari naizen egun honetarako lehen kapitulua soilik dago ikusgarri, eta gazteen arteko hizketagai desira da. Bost gaztek desira nola ulertzen duten, zerekin lotzen duten, zertarako erabiltzen duten konpartitzen dute elkarrekin; eta, bide batez, pantailarekin ere bai.

Desira, hutsune bat baino gehiago, indar baten moduan irudikatzen dute; normarekiko gatazkan dago desira, eta limiteak urratzeko gaitasuna du. Horregatik da, edo izan daiteke, transgresiorako formula.

Ez dizkizuet desiraren bueltan aipatuak kontatuko –horretarako baitago kapitulua sarean ikusgarri–. Gustatzen zaizkit Deleuze eta Guattarik desirez egindako gogoetak: desira, hutsune bat baino gehiago, indar baten moduan irudikatzen dute; normarekiko gatazkan dago desira, eta limiteak urratzeko gaitasuna du. Horregatik da, edo izan daiteke, transgresiorako formula. Gustatzen zait ere Meri Torras literatura konparatuko aditu katalanari entzundako hau: desirak ez du hutsik egiten; asmatu ere, ez du asmatzen.

Eta desira ere kulturgintzarekin lotua dago ezinbestean, edo hala nahi genuke. Gaur egungo kezka dira irakurzaletasunaren sustapena –irakurzaletasunarena baino, literaturarena behar lukeena–; edo galdetzen dugu nola bultza genezakeen zinemara joatea, norbere etxean, bertan goxo, serie edo pelikulak ikusteko aukera dugun honetan; edo ulertu nahi dugu zerk egin lezakeen antzerkia gustagarri.

Ernst Fischer filosofo, politikari eta idazle marxista austriarrak badu lan bat Artearen beharrizana izenekoa. Beti bueltaka eta beti berri diren galderei nolabaiteko argitasuna ematen diela iruditu zitzaidan irakurri nuenean. Hala galdetzen du:

Milioika pertsonak liburuak irakurtzen dituzte, musika entzuten dute, antzerkira joaten dira, zinemara. Zergatik? Distrakzioaren, entretenimendu hutsaren bila doazela esatea benetako auzia albora uztea da. Izan ere, zergatik distraitzen, birsortzen edo entretenitzen du beste baten bizitza arazoetan sartzeak, pintura, musika-zati edo nobela bateko pertsonaiekin identifikatzeak? Zergatik erreakzionatzen dugu irrealitate horren aurrean, errealitatearen areagotzea balitz moduan? Zer entretenimendu bitxi eta misteriotsu da hori?

Fischerrek dio erantzun osatugabea dela bere ustez existentzia asegaitz batetik ihes egin nahi dugula esatea, edo horrek beste galdera bat ekarriko lukeela: zergatik ez dugu nahikoa geure bizitzarekin?

Sinplea da arrazoia: gizakiaren nahimena norbanako izatea besterik ez bada, mundura sortzerako beteta luke gurari hori. Bizitzaren errealitatea areagotzeko erabiltzen du, besteak beste, gizakiak artea.

Kulturaren funtzioa eta erlijioarena antzerakoak direla esatea ez da berria. Fischerren ustez, gizakiak norbanako baino gehiago izan nahi du. Sinplea da arrazoia: gizakiaren nahimena norbanako izatea besterik ez bada, mundura sortzerako beteta luke gurari hori. Bizitzaren errealitatea areagotzeko erabiltzen du, besteak beste, gizakiak artea. Baina, behin hori esanda, Fischerrek beste behin sartzen dio galdera forman ziria irakurleari:

Ez al da erromantikoegia artea «bizitzaren errealitatea areagotzeko» erabiltzen dugula esatea? Osotasuna lortzen al dugu artearen bidez? Ez al da aho-bero xamarra esatea artea ez dela entretenimendu, ikusleak ez duela bere burua itsuki identifikatzen, urruntzen dela, eta artean aurkitzen duela eguneroko bizitzaren zamak kentzen dion askatasuna?

Pentsalari marxistak artea prozesu razional eta kontzientea dela azpimarratzen du, baina, era berean, jatorrian magia duela. Magia. Uau.

Axut! konpainiak eta Artedramak urriko hilabetean plazaratu dute Hondamendia izeneko lana. Zaldibarko zabortegiaren drama du abiapuntu. Uste dut sinatuko luketela Bertolt Brechtek antzerkiaz esandako hau:

Gure antzerkiak ulermenaren emozioa sustatu behar du, eta herriari errealitatea aldatzeko plazera erakutsi behar dio. Gure publikoak Prometeo nola askatu zen ikusteaz gain, bera askatzeko plazera sustatzea da helburu. Irakatsi behar diegu gure antzerkiarekin esperimentatzen, sortzaileak izandako poztasun eta min guztia deskubritzen.

Horregatik nago irakurzaletasuna, zinemara joateko ohitura edo, bere osoan, euskararen erabilera sustatu beharrean, akaso datu hobeak eta magia gehiago genukeela askatasuna, pasioa edo desira balira gure helburu.

Annie Ernaux eta Irati Jimenez: pasio hutsez begiak zabaltzea

Diru-sariak zorren ordain izaten dira askotan. Txanpon berarekin ordaintzen dira bi-biak. Onartu behar dut, ordea, poztu nautela aurtengo udazkenean literaturan izandako bi azpimarrek.

Lehena, Annie Ernaux idazle frantziarrarentzat izan da 2022ko Literaturako Nobel saria. Nire idazle kuttunetako bat da Ernaux, eta orori gomendatzen dizkiot euskaratutako bere lanak: Pasio hutsa (Igela, 2002, Joseba Urteagak itzulia), Gertakizuna (Igela, 2003, Joseba Urteagak itzulia), Lekua (Igela, 2003, Joseba Urteagak itzulia), Emakume bat (Txalaparta, 2011, Itziar de Blas Fernández de Gamarrak itzulia) eta Begira zenbat argi, maitea (Igela, 2015, Xabier Aranburuk itzulia).

Bestetik, 2022ko saiakerako Euskadi literatura saria Irati Jimenezek jaso du Begiak zabalduko zaizkizue liburuagatik. Begiak beste eztabaidak zabaltzen dituen liburuak beti dira interesgarri. Jimenezek dio, besteak beste, euskara dela euskararen gai nagusia, eta, era berean, banitate konplexuz betea dela gurea; hotz egiten duela euskal literaturan eta umorearen falta dugula.

Arkatzezko galdera-ikur, izar eta ixaz betea dut liburua, eta okasioa probestu nahi nuke Jimenezek proposatzen duen zerrenda hona ekartzeko. Zuek jarri galdera-ikur, izar eta ixak: «Euskaraz gaizki idazten dugunean egiten ditugun gauzatxoak».

1. Gauza bat adierazteko bi hitz daudenean, ondo idaztea hitz arrunta aukeratzea da, mundu guztiak ulertuko duen hitza, hizkuntzaren baitan bizirik mantendu den hitza.

2. Hobe da modak ebitatzea.

3. Bi hitzen artean ezaguna hautatzea aukeraketa eskasa da, baina okerragoa izan liteke. Izan liteke ezezaguna eta itsusia.

4. Elkarrizketak belarrirako idatzi behar dira.

5. Kontuz hitanoarekin.

6. Ez du zertan egon eta zorionez ez dago euskara batuaren eta euskalkien arteko inolako lehiarik, elkarrekin lortu dugu euskara batzea eta elkarrekin lortuko dugu euskara zabaltzea ere.

7. Naturala ez denak eztena dauka.

8. Hitz-jokoak gehiegi gustatzen zaizkigu.

9. Ortotipografiarekin kakaztadak egiten ditugu.

10. Hitz egin normal.

11. Idatzi normal.

Ernauxek hitanoarena ez beste guztiak betetzen dituela uste dut.

Nostalgiari nostalgia eta ahanzturari ahanztura

Ibil Bedi talde nafarrari lapurtu diot izenburua. Badu kanta bat halaxe dioena: nostalgiari nostalgia eta ahanzturari ahanztura. Eta berriz ere errepikatzen da nostalgia eta ahanztura: nostalgiari nostalgia eta ahanzturari ahanztura.

Nostalgia horixe baita: berreskuraezinak diren eta, egia esan, berreskuratu nahi ez ditugun gauzen nostalgia sentitzen dugu. Desiraren eta borondatearen oreka; iragana delako desiratzen duguna, baina gerora begira zer ez dugun nahi erabakitzeko ere balio digu.

Kantaren izena Hiraeth da. Galesezko hitz zahar horrek herri- edo etxe-minari egiten dio erreferentzia, hutsuneari, baina ez zentzu negatiboan; kontrara, goxoki oroitzeko bidea litzateke hiraeth, hitzez adierazten zaila baina sentitzen erraza den sentimendu hori. Badakizu zertaz ari naizen.

Lagun batek beti esaten du laurogeiak bizitzea gustatuko litzaiokeela: sozialki, kulturalki, ekonomikoki demasa litzatekeela kale horietan egotea. Musikazale sutsua da bera eta ‘laurogeiak’ deitzen diegun hori Euskal Herriko Rock Erradikalaren sinonimotzat du. Niri ere galdetzen dit ea nora joan nahi nukeen. Ez dakit erantzuten. Gaurtik etzira egingo nuke salto, edo orain dela hilabeteko egun hartara, baina izan ez nintzen garaietan egon da norbait. Benito Lertxundik kantatzen du: ibilbide guztiak etxera itzultzeko izan.

Izan da nostalgiarik gabeko sasoi bat. xvii. mende amaierakoa omen da nostalgia kontzeptua, Johannes Hofer izeneko medikuak sortua. Armadetan atzematen zituen sintomen multzoari erreferentzia egiteko erabili zuen kontzeptua: gogogabetasuna, ahulezia edo apatia sentitzen zuen soldadua erietxera bidaltzen zuten nostalgiak jota. Tratamenduen artean, besteak beste, musika entzutea debekatu. Europar artxibo militarretan, lubakietan hildako eta zauritutako erregistratuez gain, «nostalgiagatik» izandako bajak ere ageri dira.

Nostalgia horixe baita: berreskuraezinak diren eta, egia esan, berreskuratu nahi ez ditugun gauzen nostalgia sentitzen dugu. Desiraren eta borondatearen oreka; iragana delako desiratzen duguna, baina gerora begira zer ez dugun nahi erabakitzeko ere balio digu.

Jira eta buelta dezente eman zaizkio kontzeptuari. Eztabaidatu da zein diren bere esanahiaren mugak, nola bereizten den melankoliatik, etorkizunaren nostalgia ere badagoela aldarrikatu du zenbaitek edo nostalgia sinesmen bat gehiago dela salatu.

Interesgarria da beti denbora debate hutsez betetzea, baina egunerokora salto egiten duzu eta orainaldia anakronikoa bihurtu dela ohartzen zara: Hertzainak musika-taldea bueltan da; Mihiluze lehiaketa omen ETB1en denboraldi honetako erabakirik bikainena; eta 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa ondo, maila polita eta ahots interesgarriak, baina Andoni Egañak apuntatzeko imintzioren bat egin balu, orduantxe nostalgikoak uluka.

Kezkatzen nau pasatutakoa berriro bizitzeko dugun nahiak. Hala dio Ana Urkizak: garai bakoitzak kutsatzen duen esperientzia jasotzen duen parentesia da kultura.