Asteazkena, 2024ko maiatzak 08
Gora joan

Kultura

Itziar Ugarte Irizar
Itziar Ugarte Irizar

Zuk bizitza ala bizitzak zu. Irakurri nion norbaiti, eta hori gaur nire bandera. Denboraren hitz bat tatuatu nuen oinean, eta ez dakit zer esan nahi didan. Kazetaritzaren bidetik nabil, eta maite dut kulturgintza, izebergaren punta baizik ikusten ez dudan arren. Ur horietan murgiltzeko enkargua beteko dut blog honetan, posible bezain bizi.

Nola baliatu unea

Adabakiez harago

Berragertu, berretsi, berraldatu, berridatzi. Iraila izaten da ber-aren garaia. Bai garaietako bat. Asmoak, ardurak. Plazerak, lanak. Iraila da berriz. Baina dena dago ohi baino nahasiago orain, eta ariketa zaila bilakatu da non utzi genuen eta nora eraman nahi dugun pentsatzea, batez ere ahal izango dugun pentsatzea. Dena gelditu zela zirudien momentu batean. Eta polita da nola ustezko geldiune horretan eguzkia gorde, ilargia atera, luzatuz joan zen eguna orain moztuz datorrela, eta horrek ere tira egiten duela aurrera. Galdera ikur batek helduta gauzka, baina tira egiten du aurrera.

Uda joan da, eta faltan hartu direnen artean hartu da kultur eskaintza biziago bat, benetakoago bat. Eutsi zaie zenbait konturi, baina pandemiak dakartzan zera guztiek giroa oro har hoztu dutela esango nuke. Disimulurik gabe aitortu zuen Marta Agirrezabala Lankuko koordinatzaileak, esaterako, bertsoarentzat «desastre samar» joan dela uda; aurreko urteetako bertso saioen %25 egin ahal izan dituztela aurtengo uztail eta abuztuan. Horrek dakarren lan galerarekin bertsolarientzat. Eta ez bakarrik: aipatzekoa da zuzeneko ekitaldietako teknikariek darabilten protesta: lehorteak apenas lan gabe utzi ditu asko, eta diru laguntzetatik kanpo ere geratu dira.

Museoek ere eman dituzte datuak, bisitari kopuruaren puska onak galdu dituztela erakutsiz. Bilboko Guggenheim museoak, esaterako, 98.673 bisitari zenbatu ditu aurten; 413.316 izan ziren iaz. Antzeratsu ibili dira inguruko beste museoek eman dituzten datuak ere, baina, hala ere, denak agertu dira baikor, pandemiagatik aurreikusitakoa baino harrera beroagoa izan dutelakoan. Luzatu egin dira udaberrian amaitzekoak ziren zenbait erakusketa, baina hasi dira berriak ere zabaltzen, eta badoa gurpila, ez zulorik gabe, baina aurrera. Kontua hori da, ordea: nola jarri zuloetan begia, unean uneko adabakiez harago, orain nola hala aurrera segitzea bilatzetik harago.

Hor sartzen da, esaterako, erroak sakon botatzen joan den kultur eredu bat berriz eztabaidara ekartzea. Atzerritik saldoka heldutako bisitari kopuru distiratsuak falta izan badira aurten –eta antzeratsu joango direnez datozen hilabeteak–, abagune ona izan daiteke kulturaren jirako mugimendua nola neurtzen den pentsatzeko.

Ez da debaldekoa Guggenheimen aipamena, eredu baten, kultur politika baten sinbolo bihurtu den heinean. Duela hilabete batzuk, hogei urte atzera kulturgintzako fokuak non zeuden aztertu zuen Berria-k, eta argi geratzen zen museoa eta berak zekarrena eztabaidagai zela mende hasieran. Horren erakusgarri, Guggenheim efektua izenpeko mahai-inguruak egin ziren Bilbon, Euskal Soziologia Elkarteak antolatuta. Hona erreportajeko mozketa bat:

«Guggenheim tren baten azken bagoia zen», azaldu zuen Javier Salazarrek, Arkitektoen Elkargoko dekanoak. Haren esanetan, bi beharrek eraman zuten museoa Bilbora: Guggenheim fundazioko frankiziaren egoera ekonomikoak eta Bilboko krisi egoerak. Tren hori hartzeak, baina, bestelako aldaketak ere ekarri zituen hirira. «Bilboren berreskuratzea barne egitura mediatiko batean dago eraikita», defendatu zuen Zaida Muxi arkitektoak. Eta erantsi: «Bilboren rol berria kontsumora zuzendutako hiri izatea den jakin beharko dugu; dela arte kontsumoa, dela ondasunen kontsumoa. Baina betiere beste toki batzuetan ekoitzitakoaren kontsumitzaile. Ekoizletik kontsumitzaile izatera igarotzea hiri nortasun arazoa izan ohi da beti». [...].

Joseba Zulaikak eman zuen lerroburua biharamunean: «Artea zokoratzeak ekarri du Guggenheim museoaren arrakasta». Ramon Zallo EHUko katedradunak «bisitari kopuruan, harrotasunean eta ekonomian» museoak izandako arrakasta onartu zuen, baina kritiko azaldu zen proiektuarekin. Titaniozko eraikinak batez ere marka bat saltzen zuela esplikatu zuen: «Merkatuak irentsi du kultura. Ez da arterik saltzen: hiria eta eraikina saltzen dira. Ikuskizunari lotutako arte mota ekarri dute». Bere ustez egin beharrekoa ere aipatu zuen: «Museoaren jabe egin eta Euskal Kulturaren Kontseiluaren barruan sartu beharko litzateke. Edukia eman beharko litzaioke dagoeneko badagoen edukiontziari, kalitatea eman, Europako fondoekin erosketak orekatu, Krensen [Guggenheim frankiziako arduraduna] kortako lagunek bakarrik ez dezaten izan tokia; euskal artea nazioartekotu eta hezkuntza sistemaren barruan sartu beharko litzateke». Zulaikak kasino batekin erkatu zuen: «Krensek egin zuen apustua, baina euskaldunen diruarekin». Oraindik ere museoa «izugarrikeria» iruditzen zitzaiola esan zuen, baina arrakasta ukatu gabe. Oso bestelako jarrera defendatu zuen Joseba Arregik, Kultura sailburu ohi eta proiektuaren bultzatzaile izan zenak. Harentzat, museoak ez zuen ekarri askok iragarritako «basamortu kulturalik»: «Guggenheim ez da kultura: ekimen kultural bat gehiago da».

Ixiar Rozasi entzun nion azkena aldian behin gogora ekartzea ondo etortzen den hori: nola krisi garaian kritika inoiz baino beharrezkoagoa den, nola ez duten alferrik kritikak eta krisiak sustrai etimologiko berbera. UEUk Eibarren antolatutako Euskal kultur sorkuntza kultur kritika feministaren begiradapean ikastaroan aritu zen hizlari, eta arrakastari eta kulturari funtzio berriak topatzeari lotu dakiokeen hau ere esan zuen: «Ez da gehiago idaztea, idazten denarekin beste denborazkotasun bat bilatzea baizik». Eta jar dezakegu idatzi dioen lekuan beste edozein aditz.

Bitartean, mezu arraroak hasi dira zabaltzen: Frogatu da kultura segurua dela bezalako adierazpenak. Bekokia zimurtzen da nahigabe, mesfidantza moduko batez. Eta edonola ere. Ospatzekoa da kultur agenda berriz izenez, lanez betetzen ikustea. Hala moduz, baina publikoaren eta sortzaileen zuzeneko hartu-emana berriz topatzea. Tartean, udaberrian bertan behera utzi behar izan zirenetako zenbait udazkenean egin ahal izan dira: Sarako Biltzarra, Literaturia, Loraldia.

Kultur egutegiaren ohiko ordena apurtu duen beste elementu bat izan da liburu aurkezpenena; ohituak gaude bi kolpetan jasotzen urteko uzta: udaberrian lehena eta udazkenean gero, Durangoren ateetan. Baina ez aurrera ez atzera utzi zituen hainbat argitalpen pandemiak, eta udak eman ditu azkenean (poesia lanak dezente). Tarte horretan eman zuen mahai gainean kolpea euskarazko liburuaren sektoreak. Egoera larrian daudela salatu zuten, eta kultura erdigunean jarri eta liburuaren kate osoari eragingo dioten neurriak eskatu zituzten: zerga murrizketak, laguntza irmoagoak. Euskal Idazleen Elkarteak, EIZIEk, Editargik, Euskal Editoreen Elkarteak eta Galtzagorri Elkarteak sinatu zuten dokumentua, instituzioengana bideratzekoa. Itura jo zuten: «Ez da nahikoa nola hala eustearekin. Asimilazio prozesu batean ez erortzeko modu bakarra gurea balioestea, sustatzea eta funtzional bihurtzea da».

Alfonbraren azpian

Paradoxikoa da zaharrak berri esatea egoera honetan, baina gauza batzuk ez dira hain erraz aldatzen. Donostiako 68. Zinemaldia hasi berri den egunetan bukatzen ari naiz artikulua, eta, giro arraro bat dabilen arren, kosta ahala kosta, aurrera egin nahi duen indar bat sumatzen da.

Erakutsi aurretik harrotu ditu hautsak Patria-k. Lehen nobela zen, orain kartela izan da, eta lerrook publikatzen direnerako telesailean ikus-entzundakoak izango dira. Ordubeteko zortzi atal ekoitzi ditu HBO erraldoiak, eta ETAren sortze urteetatik 2011. urtera artekoak lantzeko promesa egin dute ekoizleek. Gorka Bereziartuak iradoki zuen bere blogean, pentsatzekoa zela Zinemaldiak alfonbra gorria jarriko ziola euskal gatazkari buruzko narratiba jakin bati, Espainiako Estatuak –eta ez soilik– finkatu nahi duen kontakizun ofizialari. Konpentsazio moduko bat atzeman daitekeela zioen, ordea, hainbat izan baitira aurten gatazkari begira jarri diren euskal zinemagileak: Mikel Zabalzaren erailketa ekarri dute gogora Amaia Merino eta Miguel Angel Llamasek (Non dago Mikel?), Alfonso Etxegarai deportatuaren itzuleraz aritu dira Josu Martinez eta Txaber Larreategi (Caminho Longe), identitate nazionalaren eraikuntza aztertu du Aitziber Olaskoagak (Jo ta ke) eta espetxeko bizimodua zinemara eramateko moduaz gogoeta egin nahi duen lana aurkeztu du Arantza Santestebanek (918 gau), oraingoz industriakoen artean. Suma liteke, bada, Fernando Aramburuk hasitako artefaktuari erresistentzia egin nahi bat, bestelako ikuspegiak eta kontaerak ekarri nahi bat.

Aipatuez gain, euskarazko ekoizpenek ere osatu dute sortatxoa aurten. Lara Izagirreren Nora, Imanol Rayoren Hil kanpaiak, Telmo Esnalen Urtzen, David Perez Sañudoren Ane, eta beste. Perez Sañudok ETB1en ere estreinatuko du Alardea datozen hiletan, eta Koldo Almandozek Hondar ahoak. Azken bolada luzean irmo eskatu den zerbait izan da hori, euskal telebistan euskarazko fikzioa berrartzearena –garrantzitsua da hemen ber hori, atzera egin den erakusle baita–. Eta zerbait bada ere –nola ospatzen dugun apurra–, Juan Luis Zabalak ekarri du akordura, bejondeiela bai, baina, euskaraz sortutakoekin batera, bikoizketa ere behar dela. Literaturarekin konparatu zuen:

Hiru hamarkada daramagu entzuten literatur itzulpengintzan sekulako lana egiten ari dela, asko aurreratu dela, eta lan horrek bideak ireki dizkiola euskaraz sortutako literaturari, azken batean euskarara itzulitako literatura ere euskal literaturaren parte baita. [...]. Ikus-entzunezko fikzioari dagokionez, aldiz, euskararako itzulpengintza erabat abandonatuta dago, azpidatzitakoa ikusleentzat neketsuegia eta bikoiztutakoa ekoizleentzat garestiegia dela argudiatuta. Ez dira argudio hutsalak, baina gaur eta hemen fikzioaren errealitatea oso gordina da euskararentzat, eta azpidatzitako edo bikoiztutako fikziorik ezean euskaraz kontsumitutako fikzioak uharte nimiñoa izaten jarraituko du erdarazkoaren kontinente mugagabearen ondoan.

Ramon Agirrek esana du euskal zinemarena loraldia ez, esnaldia dela beretzat. Eta erraz zabaldu da aurten ere, agian beste urte batzuetan bezain ozen ez bada ere, euskal zinemagintza abantean dagoela, munduan kokatzen gaituen kultur forma potenteetakoa dugula. Autokonplazentzia igartzen dut nik ere hor, eta ez dugu gainetik astinduko, alfonbra gorriaren azpian begiratzen jarri ezean.