Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan

Kultura

Itziar Ugarte Irizar
Itziar Ugarte Irizar

Zuk bizitza ala bizitzak zu. Irakurri nion norbaiti, eta hori gaur nire bandera. Denboraren hitz bat tatuatu nuen oinean, eta ez dakit zer esan nahi didan. Kazetaritzaren bidetik nabil, eta maite dut kulturgintza, izebergaren punta baizik ikusten ez dudan arren. Ur horietan murgiltzeko enkargua beteko dut blog honetan, posible bezain bizi.

Mamuak udan

Ez egunak ez eta urtearen aldiak, ez dira berdinak denak. Eta iraila itzulera da. Zain duzun lekua zertzeko garaia da, norberaren urtebetetze egunaren eta gabonzahar egunaren antzera, nolabait. Badirudi esanahiz husten dela aktualitatea uda egunetan, zer esanik ez kulturako orrietan. Edo bada esatekorik; ezer gertatzen ez dela dirudienean gertatzen baita gehiena. Erritmoak bestelakoak dira uztailetik irailera bitarteko sasi-parentesian; liburuak ugaritzen dira jendearen eskuetan, musika jaialdietako kartelak ugaritzen paretetan, eta zinema aretoak, antzokiak eta erakustokiak umezurtz gelditzen dira, non eta euriak ez dituen kaleak hartu. Eta hau dena esateko parentesi horretan ateratako bi argazki dakartzadala.

Lehenengoa. Donostiako Jazzaldia. Zurriolako hondartza. Agertoki gainean Izaro eta taldea. Pareoak, bokatak, Heineken botilak, liatzeko zigarroak, oinutsak harea gainean. Aire zabalean iluntzeko orduetan horrek denak ematen duen zoriontasuna gainez du jendeak aurpegietan. Nor ez da kutsatzen albokoaren pozaz hemen. Azken diskoa aurkezten ari da kantaria, eta batu du jendea ingurura. Bazoaz lau euroko zerbezaren bila, eta mihia hozkatzen duzu hizkuntzaren auziak sortzen dizun korapiloaz ezer ez esateko. Ez da unea. Baina mihia hozkatzearen hozkatzez, odol zaporea duzu dagoeneko ahoan, eta zutaz espero dutena esaten amaitu duzu: Easo kantuan Donostiak berak barrutik nola kantatuko lukeen idazten saiatu dela azaldu du kantariak agertoki gainetik, eta, kantua gaztelaniaz izanda, Donostiak gaztelaniaz kantatuko lukeela iradoki du, zure irudiko. Ahoz-goran esan duzu, eta hobe zenuen halakorik esan ez bazenu, zu, talibana. Nor eta zerbeza eskuan eta oin hutsetan dantzan kontent zaren hori, aho txikiz me invade la felicidad kantatzen bukatu duzuna gaua. Euskaldun batek euskaldunak gaztelaniaz jarri ditu kantuan, eta euskaldunak behar duten baina gaztelania betean ari direnak euskaraz ere jarri ditu, berdintsu. Bada, esan baduzu esan duzu. Zu, talibana.

Nahi duen hizkuntzan kantatu ahalko du ba? Erdu hona: nola ez ba? Esan gabe doa hori, ez diozu zuk esango nola kantatu, kontua ez da hori, eta beste hamaika azalpen zabar. Baina hari solteak utzi ditu sokak, eta konturatzerako horietan lotu zarete hurrengo egunen ordu udatiarretan. Izarok berak eta Iñaki Garitaonandia Gari-k Berria egunkariari emandako elkarrizketak soka eman dio sokari. Zuk irakurri duzuna zera da: musikariaren funtzioa ez da euskararen normalizazioaren alde egitea –baietz diozu, baina, hala izan gabe ere, jarduteak soilik egiten duela bataren edo bestearen alde–, musikariak musika egin nahi du, kito, eta hortik bizi nahi, eta biziraun nahi badu, hobe du erderen merkatuan flotagailua aurkitu. Oker egon zaitezke, irakurketa bat da, baina, hala ez bazeunde, ez zara ezer berria esaten ari.

Izaro: Asko dira hori egiten duten artistak [euskaraz besteko hizkuntzetan kantatzea], baina ez dakit nire kasuan zergatik den deigarriagoa. Hiru hizkuntzatan abesten dudalako, ez naiz euskaltzalea? Beti ibili behar dut gauzak bi aldiz frogatzen: emakumea naizelako, gaztea naizelako, euskaraz gain beste hizkuntza batzuetan kantatzen dudalako, musika nire ofizioa izatea nahi dudalako...

Gari: Begira Maria Arnal eta Marcel Bages. Kataluniako abeslariak dira, bi hizkuntzetan egiten dute, eta arrakasta lortu dute; ez dute halako kontrakotasunik izan. Ez dakit Euskal Herrian zergatik dugun oraindik eztabaida sutsu hori.

Izaro: Alderantziz behar luke galderak: zer egin du euskal kulturgintzak sortzaileen duintasuna bermatzeko? Ni, aurrekoen lanari esker, euskaraz hazi naiz eta euskaraz ikasi dut, eta ez dut inolako konplexurik euskaraz sortzeko. Baina zordun sentitzen naiz askotan.

Izen bi dira Izarorena eta Garirena, baina izan zitezkeen beste bi, lau, zazpi. Hizkuntza hautuaren eztabaida zuen artean lehertu dutenak dira, baina izan zitezkeen beste batzuk, buruan dituzun beste horiek. Elebitasunaren diskurtsoa irentsi dugula. Ondorio horretan egin dugu bat azkenean, lan asko barik, ezari-ezarian irentsi dugula. Horregatik ikusten ditut nire adinkideak, ez denak, ez gutxi, erdaretan kantatzearen askatasuna hain sutsu defendatzen. Eta hemen inork ez du inoren askatasuna auzitan jartzerik nahi. Baina?

Baina zerbaiten isla da. Eta badu zerbait kezkatzen zaituena; batzuek asimiliazioa erabiltzen dute, kontzientzia hartze epela besteek. Mamuak, horrek balio dizuete gaurkoz. «Mamu bat hedatzen dabil euskal kulturgintzan, eta naturaltasuna da mamu horren izena», zioen Iñigo Astizek azken Durangoko Azokan. Eta askatasunaren mamua izan daiteke beste bat, bestea bezain moldakaitz.

Atzo goizekoa da musika estilo oro euskaraz ere izan daitekeela erakutsi zenekoa, eta sentitzen dut, gaur, zenbait euskaldunek euskaraz egin beharra inor ez traizionatzeko kortse gisa sentitzen dutela, talibanik ez dadin muturtu. Ez dut orokortu nahi, eta oker egon gura nuke; badira euskaraz egiten dutenak publikoarekin gehiago konektatzeko, hala ateratzen zaielako. Eta ez nuke derrotista izan gura ere, erdaretatik euskarara jauzia egiten dutenen fenomenoa ere hor dago; Mikel Uraken datorkit, edo Ane Guria Ezkerraldetik, garai batean Kortatu izan zen bezala Bidasoaldetik edo BAP!! Andoain ingurutik. Ez nekien Anari ingelesez hasi zenik ere.

Bizitza zinta dantza

Eta berriz hasiko bagina?

Musikan jarri dut fokua, baina beste kultur adierazpidetan ere ez dago urrun panorama. Eneko Sagardoi eta Olatz Beobide aktoreek Berria-ri emandako elkarrizketan irakurri genuen ikus-entzunezkoetan nola dabiltzan. Prekaritateaz esan zituztenak ikusita, nor ausartzen da pentsatzera euskara hutsean ardaztu behar luketenik euren jarduna. Ez ni.

Kontua ere ez baita hori, bistan da. Kontua gehiago da, esaterako, euskarazko telebista publikoak sortu zenetik gaur arte egin duen bideaz serio hitz egitea, fikzioaz ari naiz oraingoan. 80ko hamarkadan dena sortzen ikustea tokatu zitzaiola kontatu zuen Beobidek, eta, orain, globo batek airea galtzen duen bezala ikusi duela hori beheratzen; sortu ziren egitura gehienak mantendu bai, baina ahuldu egin direla, zentrifugazio mugimendu bat egin dutela. Bere semeek dena euskaraz izan dutela eta ez dutela ulertzen euskararekiko enpeinu hori. Normala da, atera zaizu. Euskararen militantziaz hitz egitea gauza nahiko desfasatua bihurtu da zuretzat ere. Zuri ere konplexua agertzen hasi zaizu beti bide beretik ateratzeko joeragatik, zer eta beltzez margotzera ateratzeko, gainera.

Agian Ipar Euskal Herrian ez dute hainbeste konplexu euskararen militantzia ahotan hartzeko. Manex Fuchsi entzunda behintzat hala dirudi. Anaia Ximunekin batera, Le Petit Théâtre du Pain kolektiboa uztea erabaki dute, eta Axut! kolektiboa sortzea, euskara hutsean lan egiteko eta eragiteko. Dagoeneko erakutsi dute jendaurrean haren izenpeko lehen lana, Zazpi senideko antzezlana. Manex Fuchsek, Euskal Kultur Erakundeari emandako elkarrizketan:

Anaia eta biok momentu berezi bat bizi dugu; 40 urte pasa ditugu eta bizitza zinta dantzan bezala ikusiz geroz, gu zinta beste aldera askatzen den momentu horretan gara orain, preseski, bizia askatze parte batean sartzen den horretan. Gure arteko erronkan, euskaraz sortzeko desafioa hartu dugu, euskara hutsean, nonbait, hori ezinezko dela erraiten zaigunean hain zuzen ere. Duela gutxi prentsan eta batzuetan ahotan ere entzun dugu ez dela posible euskara hutsezko antzerki bat Baionako antzokian ikustea zeren eta euskal antzerkiak ez omen du mailarik. Beste aitzakia batzuk ere entzun ditugu. Baionako antzokian erran digute onartuko gaituztela baldin eta itzulpen bat jartzen badugu taula gainean. Irringarria da oroitzea Baionako antzokian euskara hutsean eman den azken antzezlana, 1968an zela Matalaz Piarres Larzabalek idatzia eta Roger Idiart apaizak eta Telesforo Monzonek zuzendua! 50 urte! Horrek biziki urrun eramaten gaitu, orduan guk diogu Axut! Ez dela posible? Ba, guk eginen dugu orduan!

Gauzak nola dauden ikusita, mirestekoa da hautua. Sagardoiren berbekin esateko, «krisiaren gainean krisia jartzea» da-eta. Maiz irudipena da, eta barkatu beltzaren kolorea ostera, norabide gurutzatuetan katramilatu direla orain beste une batzuetan argiago ziruditen urratsak eta asmoak. Begiratu euskal telebista, bestela. Berriz hasteko galdera egin dut, eta ez diot hutsetik; zintza dantza izan daiteke modu bat.

Historia erabaki bat da

Bigarren argazkia. Ea. Poesia egunak. Eguzkia laino artetik banator banoa. Ibai Atutxak ireki du eguneko plana 'Immolazio intimoak. Bestelako lurralde, intimitate eta euskal herritarrak egungo literaturan' hitzaldiarekin. Moilan errezitaldia eskaini dute atzetik Martin Bidaurrek eta Juanjo Olasagarrek.

Eta argazkia Zanbuia!-k utzi du. Metrokoadroka sormen laborategiko kideek herrian bertan eman dute aurreko astea emanaldia prestatzen. Hamalau lagun dira denera: Ainhoa Alberdi, Maite Aizpurua, Javier Barandiaran, Idoia Beratarbide, Corine Cella, Amaia Corral, Iraia Elias, Ander Kurius Fernandez, Oier Guillan, Idoia Hernandez Toledo, Unai Lopez de Armentia, Oscar Manso, Joseba Roldan eta Marina Suarez Ortiz de Zarate.

Idoia Hernandez Hatxe piano jotzaileak ireki du parentesiren arteko parentesia. Hasi entzuten pianoaren soinu gardena, eta gehitu Oier Guillanen ahots bakan hori:

Non hasten da amaiera bat? Non amaitu hasiera bat? Zer gertatuko litzateke amaiera hori zerbaiten hasiera balitz, eta hasiera oro amaiera bat? Historia erabaki bat da. Eta memoria ez da soilik norberarena. Pertsona bat hiltzen denean, bere oroitzapenek ihes egiten dute, beste norbaitengan gorpuzteko. Oroitzapen batzuek ez dute desagertu nahi, isilean geratutako oroitzapenek, justizia eske irauten dutenek, historia eta isiltasunaren artean ezkutatzen dira, desagertu nahi ez duten oroitzapenek iragan eta orainaren artean bizi dira, kafe eta esnearen artean, yin eta yang artean, odol eta zainaren artean...

Orain ikusi hainbat lagun, banan, binan, itsaso zabaletik hondartzan lehorreratzen. Pelikuletan bezala, baina haragi-haragitan, zure aurrean, goitik behera bustita, garai bateko herritarrak balira bezala herrira itzultzen. Irudikatu, gero, pertsona horiek kaleak hartzen, hildakoen keraz eta bizi-bizirik dagoenaren indarraz dantza egiten, garrasi egiten, gorputza zabaltzen eta zintzilik jartzen, bizirik eta begira daudenak zirikatzen eta desafiatzen. Hotzikarari irribarre zabala.

Existentziaren oinatzaz ari dira. Eta haiei begira, zer da artea denboran arrastoa uzteko modurik ederrena ez bada. Guillanen ahotik itxiera:

Zer gertatuko litzateke amaierarik ez balego? Zer gertatuko litzateke gezurra balitz amaiera dutela gauzek? Zilegi da edertasuna? Zilegi da umorea? Nolakoa litzateke gure bizitza gauzek amaierarik ez balute? Nolakoa litzateke gure bizitza munduko futbol ligak amaierarik ez balu? Ciudadanos, kafea, Negu Gorriak, orgasmoak amaierarik ez balu?

Uda ez litzatekeela uda amaierarik ez balu. Bizitza ospatzeaz ere ari ziren, beraz. Ez da berdina, ezin da, baina inork nahiko balu, sarean du osorik ikusgai.