Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Kultura

Itziar Ugarte Irizar
Itziar Ugarte Irizar

Zuk bizitza ala bizitzak zu. Irakurri nion norbaiti, eta hori gaur nire bandera. Denboraren hitz bat tatuatu nuen oinean, eta ez dakit zer esan nahi didan. Kazetaritzaren bidetik nabil, eta maite dut kulturgintza, izebergaren punta baizik ikusten ez dudan arren. Ur horietan murgiltzeko enkargua beteko dut blog honetan, posible bezain bizi.

Dinosauroen zilborresteak

Neu naiz ala urte hasierak beti izen handiak eramaten ditu kulturaren lerroetatik? Joxan Artzez ari naiz, bistan da, eta samur eraitsiko didaten arren esandakoa, abenduak ere beltz askoak izan direla-eta, oihartzun hori itzuli zidan urtarrilaren 12 goizeko berriak.

Ez nuen sekula neure begiekin ikusi Artze. Ezta Laboa, Lete, Iriondo. Ezta ikusiko ere. Ez dakit zenbateraino aldatzen dituen gauzak horrek, baina laguntzen du distantzia bat eraikitzen. Horregatik ere, modu harroxko esajeratuan, adinkide batzuekin dinosauroen forman tratatu izan ditugu inoiz 1960ko hamarkadako kultur pizkundeko haiek. Guk ere esango dugu Artzek gu ere egin gaituela, edonola ere. Hor da dinosauroen zilborrestea.

Hala, hilberriaren osteko sintoma behar zuen izan nostalgiaren sukarrak. Kasu honetan, bizi izan ez duzun horren urruneko nostalgia moduko bat behar du izan. Ez Dok Amairuz hitz egitea, gainera, aspergarria izatea da gaurko egunetan; esan dut, dinosauroez aritzea. Ordutik ezinbestez sortu dira besteak, eta eskerrak. Ikaragarri aldatu dira gauzak bidean, eta ez dira aldatu hainbeste –abangoardiaren atzetik Paris, Londres, Suedia eta inguruak motorrez zeharkatu eta handik bueltan kantuak eta liburuak sortzearen garaitik, pantaila agorrezinen gure garaian sortzera mundu oso bat dago, bere dimentsio guztiekin. Eta hori sukarra bai, baina ez da huskeria–.

Idurre Eskisabelen iazko artikulu bat atera dute hil ondorengo egunek berriz argitara. Testuan kontatzen denez, bada dioenik Ez Dok Amairu izan dela euskal jendeak kolektiboki bizi izandako azken esperientzia kulturala, eta ondorengo denen eragina kontsumo indibidualaren mailara mugatu dela –Anariren kontzertu batean Lourdes Iriondoren kontzertu baten pareko herri baten kantua atzeman zuela iradoki zuen orri hauetan Iñigo Astizek–. Baina badakigu, atomizazioak bizi gaitu.

Sortzaile berriak kolektiboa trinkotzeko zenbateraino diren gai, ez da soilik sortzaileen gauza. Gainera, sukarrak jota, bada arrisku bat dinosauroekin, Xabier Mendigurenek ohartarazi bezala, eta hori da «santoral moduko batean edukitzea». Artzez idatzi direnen artean, batik bat, tradizioa birformulatu eta euskal kultura abangoardista baten aldeko bidea urratu izanagatik agertu diote mira; zein sortzailek ez luke hori egiteko gai izan nahi. Baina urteekin abaro bakezaleago baterantz urrats ez hain apurtzaile, ez hain errebeldeak egiten ere hasi zen Artze, eta hori ere askatasunaren seinaletzat uler liteke, bertsio gaztearen zirrara iritsi ez arren. Ama hil zait poemarekin erakutsi zuen pentsamenduaren jauzia Mendigurenek:

1969ko Artze:

Ama hil zait / lanak itota / lanaren amoreagatik hil zait / zertarako den bizitza / jakitera iritsi gabe...

1994ko Artze:

Honela nioen orain 25 urte, ausarkeria handiz. Barkatu. Orain besterik diot: Ez ote zekien / gure amak / zertan ari zen? / Ez ote, / beti bizi behar balu bezala / bazuen lan egiten, / eta egun berean hil behar balu bezala / bazen bizitzen.

Urrezko garaietan ezagutu ez, eta beti urrezko, beti garenaren oinarrian ulertu ditugu. Eta, halare, beti dinosauro. Benito Lertxundik duela urte eta erdi emandako lerroburua ekarri dit sukarrak:

Ez Dok Amairurekin batera, jendea esperientziak egiten hasi zela, idazleak, antzerkia... Eta orduz geroztikako ibilaldi hau guztia, 50 urteko ibili hau guztia da Ez Dok Amairu, azken finean, eta ez sei zazpi urteko hura bakarrik. Beharbada, zaharkitu samarra dago egun; beste Ez Dok Amairu bat behar da, beste modu batekoa. Zerbait apurtzailea...

Beste Ez Dok Amairu bat, 2018ko Euskal Herrian. Egon, zer esaten dugu hori esaten dugunean? (Agian inork ez du esan eta kea sortzen ari naiz, hori ere izan daiteke).

Belaunaldi-kide sentitzen dudan Martin Bidaurrek, estreinako poema liburua besapean, ezetz dio, berak ez duela Ez Dok Amairu berri bat sortzeko enkargurik jaso nahi:

Aterako balitz primeran, baina ez atera behar delako. Ez zerbait prefabrikatua. Zerbaitetan parte hartu nahi badut, gogoz eta iniziatibaz parte hartu nahi dut, ez norbaitek esaten didalako «hartu karamelu hau eta eman Euskal Herriko kulturgileei zure karamelutik». Pixka bat hori da. Hori ez da transmisioa, hori gurasokeria iruditzen zait.

Gure belaunaldian ere jende asko ari da gauza interesgarriak egiten. Eta egon beharrean esanez «non dago gauzak egiten duen jendea, etor dadila gauzak egiten duen jendea...», jendea badabil gauzak egiten, eta horren bila joan behar da.

Dinosauroen zilborresteetan, Txillardegi ere izan da berbagai urte hasieran. Artzek ez bezala, benetan garesti du aitortza ofiziala hark. Txillardegi ETAren sortzaileetako bat izateak errekonozimendu instituzionala zailtzen duela zabaltzen aritzea ez zait zilegi iruditzen; begi-bistakoa ez ikustea da, iruditzen zait. Eta hori tranpa da. Baina batek zioen moduan, beste iturri bateko urak darama.

Handia eta beste euskaldun batzuk

Joxe Azurmendik berriki plazaratu duen Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk saiakeran –aurrez enkarguz idatzitako lau hitzaurreren bilduma da liburua–, estaturik gabeko nazioen abertzaletasuna, euskaltzaletasuna... zalantzan jartzeko moduetara itzuli du fokua; direla mitoak, dela mestizajea, dela meneko komunitateen autogorrotoa. Azurmendiren iritziko, behin eta berriro itzultzen dira eztabaidagai berak euskaldunengana, negua neguro eta uda udaro itzultzen den eran, beti kontu beraren bueltan ei gabiltza bueltaka.

Handi-txikien «mestizajeaz» hala hitz egin zuen Azurmendik, liburuaren aurkezpen egunean:

Orain gehiago globalizazioa aipatzen da, eta ez da berdin, baina kasik berdin, beti musika bera da; alegia, gure probintzialismoa gainditu egin behar dugula, mendi arteko itxitasunetik urrundu, unibertsaltasunera irten behar dugula. Ez dugula gure euskaratxoan, kulturatxoan, kuskulduta geratu behar. Eta euskalduna ez dago mestizajearen aurka, euskaldunok ez daukagu beste erremediorik mestizatu baino. Baina handiak ez dira inoiz txikiarekin mestizatzen, eta txikiari exijitzen zaio mestizatu dadila handiarekin; azkenean,   arrain handiak txikia irenstea ontzat ematea.

Demagun, arrain handia Espainiako kultur sistema bada, haren zinema nazionalaren festan gertatu da gure kultura txikiari azken asteetan gertatu zaion gauzarik distiratsuena, Handia pelikularekin. Goya sarietarako hamahiru izendapenekin apustu segurua egin zitekeen ez zela esku-hutsik itzuliko etxera, baina gehientsuenen aurreikuspenak gaindituko zituen halako arrakastak. Lehen unetik izan zen nagusi sari banaketan, pila ona egin arte: aktore berri onenaren saria Eneko Sagardoirentzat; jantzi diseinu onenarena Saioa Lararentzat; muntaketa onenarena Laurent Dufreche eta Raul Lopezentzat; jatorrizko gidoi onenarena Aitor Arregi, Andoni de Carlos, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarentzat; produkzio zuzendaritza onena Ander Sistiagarentzat; zuzendari artistiko onena Mikel Serranorentzat; argazki zuzendari onena Javier Agirre Erausorentzat; makillaje onena Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Agirrerentzat; efektu berezi onena Jon Serrano eta David Herasentzat; eta jatorrizko musika onenaren saria Pascal Gaignerentzat. Ahoz ahokoan zabaldu denez, talde lanaren saria izan da.

Hain zoriontsu denak, hain elegante, hain eder. Pozik ginen, harro ginen. Baina biharamuneko ajean, neguko igande ganduan, iristen dira hemen-han ospakizun konpartitua zirudiena mingosten duten galderak: arrain handiaren bibak eta txaloak nola eragiten diote txikiari? Zenbaterainokoa izan da asimilazioaren kalanbrea?

Eztabaidarako hari-muturrak eta konparaketak iritsi dira, ez ozenegi ere. Bat, esaterako, iaz bertan Kukai dantza taldeak Max sariak eta Espainiako Dantza Sari nazionala irabazi zituenekoa. Jon Maia dantzariak euskara eta euskal kultura transmititu zietenei eskaini zien saria, haiei esker gaur bizi, dantza, ikasi eta sortzea gure hizkuntzan egitea ere posible dela eskertuz. Garaipen txikiak lez ospatzen ditugu aldarriok. Baina egiazki zer aldatzen du horrek? Nor den zer den argitzen ibili behar du beti euskaldunak? Ez zuzen-zuzen harira, baina pelikulako eszena eder askoren artean, bat datorkit orain: Altzoko Joakin Espainiako Isabel erreginaren aurrera eramaten dute, eta euskaraz hasten zaio hari. Atzeratua da?, galdetuko du erreginak. Atzeratua ez, euskalduna da, erantzungo diote.

Mestizajeaz, unibertsaltasunaz, mitoez ere hitz egiten du Handia-k ikusi nahi bada, eta euskal zinemagintzaren historiako inoizko pelikularik ikusiena bilakatu da honez gero. Donostiako Zinemaldian aurkeztu berritan Arregik esandakoetan badira akaso zenbait gako:

Herri baten historia daukagu kontatzeko: guk egiten ez badugu, beste batzuek egingo dute. Edo ez. Gizarte batek beti ibili behar du antenak irekita, bere historia kontatzeko eta bizi dugun garaian egon daitezkeen istorioak kontatzeko, horrek egingo zaituelako, besteak beste, herri edo gizarte.

Euskal zinemaren bandera hartuta ikusi ditugu Moriartitarrak, baina beste bide batean ikusiko ditugu hurrengo lanean; La trinchera infinita deituko da, eta Andaluziako Mijas herrian 30 urte etxean gordeta igaro zituen Manuel Cortés Quero alkate errepublikazalearen istorioa kontatuko du. Istorioak espainolez aritzea eskatzen du, esan gabe doa. Hortik aurrerakoak, ezin esan.

Azurmendik oharkabean beste gauza bat ere esan zuen, eta, sinpletasuna zein den garden, gustatu zitzaidan: «Batzuetan pentsatzen dut, nire ama zergatik ez zen beste edozein bezain unibertsala? Unibertsala egiten gaitu pertsona izateak, ez beste ezerk».