Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Historia

Cira Crespo
Cira Crespo

Historialaria, idazlea, txori zalea, Euskara-jendartekoa, kataluniarra. Bost gauza horiek naiz, besteak beste, gutxi gorabehera, eta karnetik gabe, bokazioz, eta ahal den bezainbat gozatzen ditut. Ez dakit ireki didaten leihatila honetatik amilotxik ikusiko dudan, ezta miru gorri dotorerik ere. Gaurkotasunari buruz hitz egiten didatenean, nahi gabe, txorien migrazioari buruz zergatik hasten naizen pentsatzen ere ez dakit... Baina, aizu, Cira, lurrera hankak, eta aurkitu orain historiatik gaurkotasunari buruz hitz egiteko manera, saiatu kontatzen, txori migratzaile bazina bezala, Euskal Herria nola ikusten duzun.

Oroimentsuak

2023-04-25

Ireneo Funesen istorio tristea kontatu zigun Borgesek. Funes oroimentsua da, dena gogoratzeko zorigaitza du. «Mendi bakoitzeko zuhaitz bakoitzeko hosto bakoitza». «Zabor hustegi bat bezalako» memoria zuen. Ezin zuen ezer egin oroitzapen horien guztien zamarekin, lo ere ezin zuen egin. Borgesen hitzetan: «Nekerik gabe ikasiak zituen ingelesa, frantsesa, portugesa, latina. Ez zen, ordea, beharbada, pentsatzeko oso gai. Pentsatzea diferentziak ahaztea da, orokorrera jotzea da, abstrakziora».

Historiari ez dizkiogu bizitzaren taupadak kendu behar, ezin dugulako ahaztu iraganean bizi zirenen ildo beretik gatozela gu geu. Gogoratu behar dugu, adibidez, borroka zelai historikoetako arrabotsaren aurretik nahiz ondoren, etxe xumeetan, negar egin zutela, guk bezala. Hori da, niretzat, historiaren parte zailena, zirrarak bere dardararen gain eraman zaitzakeelako.

Beharbada, Borges kontalariak esan nahi zuen ez zirela nahastu behar gauza guztiak noiz non gertatu diren zehaztasunez gogoratzea eta Historia egitea. Hori pentsatu nahi dut nik behintzat, nahiko memoria txarra baitaukat. Data historiko oso gutxiz akordatzen naiz, eta izen propioez ere berdin; eta, halere, historiaz idazten dut. Historia egiteko, nago oroimen betea baino emankorragoa dela gertaerak ondo lotzeko ahalmena, iraganeko jazoeren arteko loturak ikusteko sentsibilitatea. Antolatu egin behar dira iraganeko une horiek, eta, bai: kontaera bat sortu. Eta, jakina, berriro ere bai: subjektu batek egingo lukeen moduan sortu, kontaera. Zintzotasunetik. Subjektibotasunak ez duelako esan nahi frogarik aurkeztu beharrik eza, edota gustuko ez ditugunekin topo eginez gero, horiek onartu eta jakinarazi ordez, isilik pasaraztea. Alderantziz. Eta are gehiago, gainera: ertzetako historia egiten dugunok ondo dakigu kalitatezko estandar altuagoak eskatuko dizkigutela; maila goreneko iturriak, froga argiagoak eta zehaztasun handiagoa. Onartuko dugu erronka, ez digu beldurrik ematen, eta gure historia interesgarriagoa izango da, hobea. Eta saiatuko gara zuen akatsak ez errepikatzen, baina geure burua zigorrez gogaitarazi gabe.

E. P. Thompsonek oso ondo laburtu zuen guri zer interesatzen zaigun, historia iragana (eta etorkizuna) idealizatu gabe egitea alegia, era berean mundu hobea eraikitzeko behar den guztia ezagutzeari uko egin gabe. Horregatik egiten dut nik historia; hain zuzen ere, sentitzen dudalako etorkizuna eraikitzeko gakoak iraganeko marjina horietan, galtzaileen borroka eremu horietan aurkitzen direla.

Ai, eta, nola ez, gauza horietaz guztiez gain, mesedez, ez ahaztu poesia. «Saia gaitezen historiari bere poesia zatia ez kentzen», zioen March Bolch mediebalista ospetsuak. Hau da, historiari ez dizkiogula bizitzaren taupadak kendu behar, ezin dugulako ahaztu iraganean bizi zirenen ildo beretik gatozela gu geu. Gogoratu behar dugu, adibidez, borroka zelai historikoetako arrabotsaren aurretik nahiz ondoren, etxe xumeetan, negar egin zutela, guk bezala. Hori da, niretzat, historiaren parte zailena, zirrarak bere dardararen gain eraman zaitzakeelako. Baina, zirrarak, bere arriskuekin, behar du, enpatiarik gabe nekez egingo baita historia onik.

Agian ez du ematen, baina artikulua pixkanaka gaurkotasunerantz hurbiltzen hasi da. 2002an gaude honezkero, non eta Erromako Forum inperialetako aztarnategi arkeologikoan. Handik nabil ni, hogeita bi urteko gaztea, zirraraz beteta. Gidatxo arkeologiko txiki eta gorria daramat esku artean, nire Erromako Erasmusa egiteko unibertsitateko irakasle batek utzi zidan gida bitxia. Historia ikasten ari naiz, Historia Klasikoa espezialitatean, zehazki. Garai hartan, nire denbora-pasa kuttuna Forum aztarnategietatik bakardadean ibiltzea zen, eta, gidatxo txiki eta gorriaren bidez, nik ezagutzen nituen Erromako gertaera historikoak kokatzea. Erromako Senatuaren eserlekuak oso ondo ikusten ziren, eta erraz irudika nezakeen Zizeron aldarrika, «noiz arte abusatuko duzu, Katilina, gure pazientziaz!?». A zer hitzaldia, a zer hizlaria! Liluragarria! Katilinaren kontrako diskurtso horren hasiera izugarria da. Hori ere, bere moduan, poesia da. Aski dira hitz horiek Katilina izuak hartzen antzemateko. Hori bai, beti bezala, egoeran pixka bat sakonduz gero, agian, zeure burua non kokatuko zenukeen ere hasiko zara pentsatzen, Zizeronen larruan, edo Katilina horren larrian...

Harri erromatarren artean ibili ahala, eraikinak nire aurrean agertzen hasi dira jada. Irudimenari esker, altxatu egin dira hormak. Egun batzuk pasa eta gero, erromatarrak paseatuz ikusten ditut, dotore baino dotoreago, beren togekin, emakumeak orrazkera zoragarri haiekin... Askoz ere zailagoa da niretzat, aldiz, besteak irudikatzea, etorkinak, txiroak, lapurrak, edota zaratak, usainak edo gogo aldarteak... Eta zailago da, besteak beste, harritzarrok aurkezten zaizkigun moduan nire irudimen ariketari interferentzia egiten dion kontakizun historiko zehatz bat adierazten delako. Italia faxistak Erroma inperial eta inperialista hartan zeukan bere sortze mito ideala, eta Mussolini diktadoreak hori goraipatzeko programa historiko oso bat burutu zuen: Forum inperialak ikusgarriak dira, bai, baina horien luzimendurako aurretik Erdi Aroan auzo herrikoi oso bat hustu eta lurrarekin berdinarazi zutelako.

Duela gutxi Maite López Las Heras latinista azkoitiarrak euskarara ekarri digu Egeriaren Ibilbidea (Testu Zaharrak, 2022). Bidaia koaderno zahar bat da. Egeria vi. mendeko emakume kristau bat izan zen, Biblia irakurtzea oso atsegin zuena. Behin batean, leku santuak ezagutu behar zituela-eta, Galiziatik atera eta gaur egun Ekialde Hurbila deritzogun lurraldera iritsi zen. Bidean aurrera eta Lur Santuan barrena egin eran, geraleku guztietan bere liburu faboritoa ireki eta toki hartan zer gertatu ote zen irakurtzen zuen. Alegia, Biblia eskura, nik Forumetan egin nuen ariketa bera egin zuen Egeriak: berarentzat garrantzia zeukaten Bibliako gertakizunak kokatzen saiatu zen. Honelakoak apuntatu zituen bere koadernoan: «Esan zigutenez, lautada hartan ezarri zituzten euren kanpalekuak Moises santuak nahiz israeldarrek hiri haien aurka borrokatu ziren egunetan. Hain zuzen ere, oraindik kanpamentuen arrastoak ageri ziren». Historia baten bila ibili ginen biok.

Ibilbidea liburua irakurriz, gogoratu dut ebanjelioak irakurri nituen lehen aldia. Ni, kontatu dizuedan moduan, unibertsitateko historia ikasle bat nintzen, karrerako azken kurtsoak egiten ari zena, eta jakin-minez hasi nintzen Bibliako itzulpen on bat irakurtzen. Berez, ikergai nuen garaia azaltzen zen. Sorpresa hartu nuen, ordea. Ni erromatar gizon dirudun eta inperialisten istorioak irakurtzen ohituta nengoen, esklaboekiko, beste hizkuntzekiko edo ezberdina zen edozerekiko erdeinurik ezkutatzen ez zutenak... Eta, bat-batean, garai bereko jende arruntentzat idatzitako orri batzuk irakurri nituen. Testu hartan oso gauza original eta iraultzailea esaten zuten: jende guztia berdina da. Are gehiago, madarikatu, zigortu, baztertu guztiak hobeak direla dirudunak eta erdigune guztia okupatzen dutenak baino: «Lehenengoak azkenak izango dira, eta azkenak lehenengoak».

Erromako soldadu batzuek, menditxo galdu batean, beste bataila bat irabazi zuten, beraiek baskoi izendatzen zuten bazterreko tribu baten hiritxo baten aurka. Han ez zen toga bat ere odolez zikindu. Egingo zuten negar baten batzuek, eta han bizi zirenen etxeak eta gauza guztiak atzean utziak eta ahaztuak geratu ziren.

Biblia berriaren zati hunkigarrienetako bat, dudarik gabe, Mendi gaineko predikua da. Han esaten dute, adibidez: «Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko». Karl Vonnegutek, bere ateismotik, A Man Without a Country liburuan esaten du: «Jesusek bere Mendiko Sermoia ahoskatu izan ez balu, nik ez nuke gizaki izan nahi». Izan ere, Bibliako zati batzuk zoragarriak dira. Niretzat, besteak beste, galtzaileentzako, azkenekoentzako itxaropen kantu baten gisakoak.

Orain bai, orain saiatuko naiz gaurkotasunari heltzen: Zizeron beharbada bere beste hitzaldi ahaztezinetakoren bat ematen ari zen bitartean, Iberiar penintsularen iparraldean erromatar armada batzuk zebiltzan. Erromatarren arteko gerra zibila piztu eta gudaroste horiek elkarren aurka hasi ziren, eta Iberiar penintsulako biztanleak tartean harrapatu. Borroka egun horietako batean, Erromako soldadu batzuek, menditxo galdu batean, beste bataila bat irabazi zuten, beraiek baskoi izendatzen zuten bazterreko tribu baten hiritxo baten aurka. Han ez zen toga bat ere odolez zikindu. Egingo zuten negar baten batzuek, eta han bizi zirenen etxeak eta gauza guztiak atzean utziak eta ahaztuak geratu ziren. Armada erromatarrak ere ahaztuko zuen garaipen hori, eta Zizeronek, dudarik gabe, ez zuen horri buruzko hitzaldirik eman.

Jakina denez, duela hilabete gutxi, indusketa arkeologiko xume bat egin zen leku hartan. Ahaztu behar izan zuten herri horren estratu garrantzitsu bat ireki zuten. Objektu arkeologiko guztien artean, metalezko objektu txiki bat agertu zen, esku itxurakoa. Hizkiak zeuzkan. Are gehiago, hizki horiek irakurtzen ahalegindu eta lehenengo hitza ulergarria zen. Hau ezustekoa, hau. Oraindik ere, han utzitako hitz bat ulergarria da. Norbaitek idatzi zuen hori eta, oraindik ere, ez dugu esanahirik ahaztu.

Zorioneku. Zorion promesa batekin hasten den testua, tradizio literario luzekoa eta makarismo edo dohatasun deritzon generoan sailkatzen dena. Formula hurrengoa da: zoriontsu izateko promesa bat daukazu zuretzat, jarrera bat izan edo zerbait bete eta gero. Salmoetan edo Biblian maiz agertzen da, eta ezagunena arestian aipaturiko Bibliako mendi gaineko predikua da, jende xumeenari zuzendutako hitzaldi itxaropen emailea.

Orain badakigu menditxo hartako herritar batek ere zoriontasun desio bat idatzi zuela bere mintzairakideentzat, bataila galdu eta beste ertz batera alde egin behar izan baino lehen. Han gelditu zen desioa, ezkutatua, duela hilabete batzuk arte. Gaur, formula polit horri esker, gure poesia zatia jarri diogu historiari. Hor duzue gure gaurkotasuna, gure zorion xumea.

 

*     *     *

 

Amaitzeko, esan dudan guztia aprobetxatu nahi dut, beste batzuk egiten ari diren moduan,1 literatura greko-latindar klasikoa euskarara ekartzeko baliabideak eskatzeko.

Goi mailako literatura greko-latindarraren itzulpenak, euskarazko literatura edertzeko eta europar literatur tradizioekin lotura egiteko bidea ez ezik, gure herri menderatuaren gaurkotasunaz pentsatzen lagunduko diguten idatziak dira.

Kontua ez da hainbeste, Funes Oroimentsuak bezala, Plinioren Naturalis historia-ren xxiv. liburuaren hasiera buruz eta euskaraz errezitatzeko aukera izatea. Baina bai agian zorioneku hitza idatzi zen garaiaren testuinguru historikoa hobeto ulertzeko oinarriak sendotzea. Herri mailako ekimen sendo bat bultzatu beharko litzateke, ahal dugun ezagutza handiena metatu behar dugu eta. Goi mailako literatura greko-latindarraren itzulpenak, euskarazko literatura edertzeko eta europar literatur tradizioekin lotura egiteko bidea ez ezik, gure herri menderatuaren gaurkotasunaz pentsatzen lagunduko diguten idatziak dira. Izan ere, zein interesgarria izango litzatekeen, adibidez, gure Ovidioren Tristeak eta Pontikoko gutunak euskaraz edukitzea. Han, Erromatik Itsaso Beltzaren ertzera erbesteratua eta latinetik urrun, gure inperialista maiteak erakusten digu zein urrunetik datorren hizkuntza hegemoniaren kontzeptua:

(Hemen) inork ez daki latinez ideia arruntenak ere adierazten. Nik neuk (barkatu, Musak), erromatar poeta, hizkuntza sarmatikoa mila aldiz aritzera behartuta ikusten dut neure burua, eta (ai ene, aitortu egingo dut), ohitura faltagatik ia ez zait latinezko hitzik bururatzen. Dudarik gabe, liburu honetan barbarismoak egongo dira. Ez da idazlearen erruz, bizi den herrialdearenaz baizik.2

Oharrak

1. Adibidez, Santi Leonék 2023ko otsailean argitaratu zuen ‘Karlomagnoren siesta’ artikuluan, edo Maite López Las Herasen elkarrizketa batzuetan, eta bere obraren bidez.

2. Itzulpena nirea da. Oso itzulpen librea egin dut (barkatu niri ere, musak), gaztelaniatik eta frantsesetik.