Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 27
Gora joan

Historia

Cira Crespo
Cira Crespo

Historialaria, idazlea, txori zalea, Euskara-jendartekoa, kataluniarra. Bost gauza horiek naiz, besteak beste, gutxi gorabehera, eta karnetik gabe, bokazioz, eta ahal den bezainbat gozatzen ditut. Ez dakit ireki didaten leihatila honetatik amilotxik ikusiko dudan, ezta miru gorri dotorerik ere. Gaurkotasunari buruz hitz egiten didatenean, nahi gabe, txorien migrazioari buruz zergatik hasten naizen pentsatzen ere ez dakit... Baina, aizu, Cira, lurrera hankak, eta aurkitu orain historiatik gaurkotasunari buruz hitz egiteko manera, saiatu kontatzen, txori migratzaile bazina bezala, Euskal Herria nola ikusten duzun.

Marilyn, igandeak eta zubiak

2024-02-19

Izar suizidak

1962ko abuztuaren 4an, 08:30etik 10:30era bitartean, hor nonbait, barbiturikoz pozoitu ondoren Marilyn Monroe hil izanak ez dauka, hasiera batean eta itxuraz, behintzat, Euskal Herriarekin zerikusi handirik. Baina, badu, noski, zerikusirik, azken batean gizatasunaz eta mundu modernoaz ari baikara. Marilynek ez zekien, pinpilinpauxen hegaldiek bezala, bere heriotzarekin leku askotako jende ezberdinarengan eragingo zuenik, ezta besteren bizitzetan aldaketa landatuko zuenik ere.

Aktoreak izar izendatzeko ohitura, seguru asko, Ingalaterran sortu zen, antzerkigintzaren munduan. Gero, Hollywooden konstelazio propioa sortzen hasi ziren, Star System deitua. Han barruan, bere papera jokatzen zuen bakoitzak zalantzan jar ezin zitekeen irudia eskaini behar zuen, eta bere argia ikuslegoari saldu. Izar hitzak famatuaren papera nabarmentzen du, aldi berean gorputz urrun eta iritsezin, distiratsu eta txinpartatsu, eta, hala ere, zentzu batean etxeko eta iluntasunean lasaigarri. Baina lasaigarri guretzat, ez, ordea, izar direnentzat. Zalantzarik ez daukat goiko bizitza horiek ez direla errazak.

Marilyn Monroeren heriotzaren inguruan (ere) ez da konspirazio teoriarik falta. Teoria horrek gihar narratiboa izan, nonbait, eta, hari helduta, Joyce Carol Oates idazle amerikar ospetsuak oso eleberri arrakastatsua egin zuen, Blonde. Iaz jarri zuten Netflixek liburuaren inguruan egindako filma, eta, berriro ere, hitzetik hortzera erabili zen Marilyn Monroe; lotsatia zela, manipulatzen erraza, edo azkarra, edo ez hainbeste, arima nahigabetua, tristea gehienetan, alaia gehienetan, edo ez... Haren oroimena maiztua dago, honezkero. Horregatik ari naiz deseroso samar berari buruz hizketan. Baina, konturatuko zarete: berez, ez dut Marilyni buruz hitz egingo. Akordatu bakarrik egin nahi nuen.

Terenci Moix

Marilyn hil zenean hogei urte zeuzkan mutil katalan bati buruz hitz egingo dut, Terenci Moixi buruz, alegia. Bartzelonako Raval auzo umilean jaio zen, Ramon Moix izen-abizenez, desegituraturiko sendi batean. Raval auzoa Bartzelonako Ciutat Vellan dago kokatuta, eta nik oso barruan daukat sartuta, paisaia oso ezaguna baita niretzat. Han ez naiz inoiz galduko.

Mundu horretan zeukan deserosotasun hura, herri gutxitu eta identitate sexual zapaldu baten partaide izate hori, modu batean edo bestean agertzen da haren lanetan, ezin da ezkutatu.

Niretzat galbiderik gabeko paisaia hori Filmin plataforman Moixen bizitzaz egin duten dokumentalean agertzen da. La fabulación infinita (Fabulazio infinitua) du izena, eta kritika batzuk jaso ditu, batez ere ez duelako merezi bezala azaltzen literatura katalanean Moixek izandako eragina eta, oro har, idazle gisa izan zuen eragina. Nik aitortu behar dut nostalgia handiz ikusi nuela lehenengo atala, hurbiltasun sentimendu harrigarri batekin. Horrexek ukitu ninduen, lehenengo eta behin; ordura arte, ez nuen ikusten, ez nintzen konturatzen idazle katalan ospetsu hura langile-sendi bateko semea zela, ni askotan joana nintzen Bartzelonako taberna tipiko baten jabeen semea, zoruko azulejuen akatsak ezagutzen ditudan taberna horietako batekoa, alegia. Eta, horregatik, akatsez ondo asko ohartzen nintzelako, sakonki ulertu nuen Moixek bere liburu batean kontatzen zigun igande arratsalde hura:

Berriro gehiago berreskuratuko ez dituzun gauza horien artean, oroimenean gordeko dituzula espero ez arren, gero serioski biziraun duen gauza bakarra bezala itzultzen diren uneen artean, nik igande arratsaldeak ditut. Diagonaleko pisu berrian, goizeko zinema saio baten ondoren, edo baita tebeo zaharrak erosi eta Sant Antoniko merkatuan behin eta berriz errepikatzen diren kromoak aldatu ondoren ere, Pelayo kaleko gozotegitik igarotzen ginen, aitarekin, pastela jaso eta familia osoa mahaiaren bueltan jartzen ginen, ondo ezagututako jai grina tranpatiak preso hartuta, lanegunetako presaren pozoirik gabe, eta bazkalondoetako denboran sartzen ginen. Igande bazkalosteak, etxeko bakearen baretasun txepelean (etxe baketsu horietako kumeak gara gu, berrogeita hamarreko hamarkadako seme-alabak), baretasun loguretua, neguko eguzkiarekin babestua, hain garbia eta gozoa Bartzelona.

Sakonki ulertu dut zer esan nahi duen Herrialdearen hondakinen arteko igande batek, zer esan nahi duen norbera ez beste zerbait ezberdina izateko grinak, zer esan nahi duen kultura gutxitu eta txikiaren preso izateak, eta imajinatu dezaket ere zer esan nahi duten diktadura faxista baten erdian beste gizon batzuk maitatzearen zailtasunek. Mundu horretan zeukan deserosotasun hura, herri gutxitu eta identitate sexual zapaldu baten partaide izate hori, modu batean edo bestean agertzen da haren lanetan, ezin da ezkutatu.

Hizkuntzari dagokionez, pentsatzen dut, zure ama-hizkuntza hizkuntza gutxitua denean, hori beti izango dela gai bat, nahiz eta ez konturatu.

Adibidez,

Oso urrutitik nator,
gogoratzen ez nuen beste gau batetik,
arrotza atzotik eta betiko
nire herri hondatutako kai lainotuan.

Edo...

Nire herria urdina da
itsasoaren ertzean jaiotzen da
ausartak izan ez diren Titanen lurra.

Hizkuntzari dagokionez, pentsatzen dut, zure ama-hizkuntza hizkuntza gutxitua denean, hori beti izango dela gai bat, nahiz eta ez konturatu. Galdera hori Terenci Moixen lanen gainetik hegalka dabil: zein hizkuntza erabili, nola lortu arrakasta zure hizkuntza txikiegia bada? Argitaratu zuen lehen liburua gaztelaniaz izan zen, Besaré tu cadáver eleberria, 1965ean, Ray Sorel ezizenez. Gero, 60ko eta 70eko hamarkadetan zehar, katalanez baino ez zuen argitaratu, arrakasta handiz. Arras ospetsu bihurtu zenean, 80ko hamarkadan, gaztelaniaz hasi zen berriro.

Eta hemen dator Terenci Moixen eta Marilynen arteko lotura. Terencik eleberri oso garrantzitsua idatzi zuen Marilynen heriotzaren inguruan: L’any que va morir Marilyn (Marilyn hil zen urtean). Eta, besteak beste, Moixen hezieraren inguruko zalantzak eta konplexuak ulertzeko ere balio digu. Izan ere, eleberriaren lehen bertsioa gaztelaniaz egin zuen; El desorden zuen izena, eta Nadal saria irabazten saiatu zen. Ez zuen lortu, eta editoreak bere bulegora deitu zion esateko haren eleberriak funtsezko arazo bat zeukala, hau da, ez zegoela jakiterik zein hizkuntzatan zegoen idatzia: gaztelania izan nahi zuen katalana zirudien haren prosak. Hartara, zergatik ez zuzenean katalanez idatzi? Onartu zion Terencik oharra, eta halaxe egin zuen, eta literatura katalanarentzat eleberri garrantzitsu bat burutu zuen, katalanez pop literatura edota literatura garaikidea prosa aberats, hanpatu eta jatorrarekin egin zitekeela konturatzeko balio izan ziguna. Eta gero etorriko zirenei bidea ireki zien. Hau da, hain zuzen, Marilynen heriotzari buruz hitz egiten duen zatia:

Jainko zaharrak bezala hilda [...] txikiak ginenean izar bihurtu zena, abandonatu egin gintuen, gure nerabezaroa hil berria zenean. Karrera haren, alienazio haren goialdean hasi ginen gu, etorkizuneko gizonak.

Txillardegi

Gehiago kostatzen zait Txillardegi, hau da, Jose Luis Alvarez Enparantza, bizi izan zen giroan jartzea. Nik ezagutzen ez ditudan igandeetako bazkalondoetako elkarrizketak izango zituen haren sendiak, nik probatu ez ditudan pasteltxoen inguruan. Bera ere zapaldutako giro gris eta tranpatiak preso hartuta sentituko zen, agian. Handik ateratzeko egin zuen lehenengo gauza euskaraz ikastea izan zen: «Donostia erdaltzale eta erregekoi hartan haurtzarotik sentitu nuen gure hizkuntza berreskuratzeko eta mintzabide bihurtzeko bulkada». Hortik aurrera, zenbatezinak dira berak egoera hari aurre egiteko eman zituen erantzunak, euskaraz guztiak: ipuinak, eleberriak, militantzia gordina, instituzionalagoa ere bai, saiakera politikoa, gaur egungo euskararen oinarrien lanketa... Hari guztietatik egin zuen tira, eta bideak ireki.

Parte hartu zuen gerra haren alboko kalteek martxan jarraitzen dute. Horregatik, Ikusgela egitasmo kulturalean haren pentsamendua eta figura sei minututan kontatzen duen bideoak polemikatxoa piztu zuen duela gutxi. Covite elkartearen arabera, Espainiako gaizto eta onen arteko bereizketarako pentsamendu markoaren zabaltzaile nagusietako bat bera, bideotxoak Txillardegiren figura zuritzen du. Nire uste apalean, aldiz, bideoa oso argigarria da, eta ikustea gomendatzen dizuet. Bestela, eta haren lanetan interes gehiago baldin baduzue, beti aukera onena lehen iturrietara jotzea da; hain justu, Jakinen webgunean Txillardegiren obra osoa dago kontsultagarri.

Baina, galdetuko duzue: oso interesgarria, bai, baina zein harreman dauka Txillardegik Marilyn Monroeren heriotzarekin? Bada, harena dela ‘Marilynek bere burua hil du’ izeneko artikulua. Izarraren suizidioa hizpide hartuta, garai hartan indartsu zen existentzialismoaren korronte ideologikoaren baitako gogoetak plazaratu zituen.

Ezin zen aurreikusi Marilyn Monroeren heriotzak Bartzelonako kaleetan hogei urteko mutil bati literatura katalana aldatuko zuen eleberri bat eragingo zionik; ezta, beste leku batean, Frantzian erbesteratuta zegoen euskaldun bati, existenzialismoa eta astronomia irakurketak oinarri hartuta, euskarazko pentsamendu liburu garrantzitsu bat osatzen lagunduko zionik ere.

Artikuluan argi agertzen dira haren pentsamenduaren zertzelada nagusi batzuk, esango nuke. Izarraren parean txiki garela eta ezdeus garela –«Ortzea han dugu, goian, goi-goian, urruti, txit urruti, urrutiegi; eta gure oiñazerik ikaragarrienek eta bizienek esan-nahi guzia galtzen dute galatsien pakearen aitziñean»–, edo marxismo ekonomizistari kritika bat: «Funtsezko problema ez baita ez produzioaren emendatzea edo antolamendua, eta ez horrelakorik fitsik; Marilyn’en heriotzaren kakoa jakitea baizik». Zergatik hil zuen bere burua Marilynek? Hara hor funtsezko problema. Nork erantzungo digu? «Erantzunik gabeko galdera, ba dakit», dio Txillardegik.

Marilynen inguruko hitz horiek Huntaz eta hartaz artikulu-saiakera liburuan argitaratu ziren, euskaraz pentsamendu garaikidea garatzeko argitaratu zen lehenengo saiakera liburuetako batean. Horren ildoan, bitxia egin zait deskubritzea ‘Eskuindar eta ezkertar’, ‘Intelektualak eta ekintza-gizonak’ edo ‘Azken heriotza dala-eta’ artikuluen artean, liburua, hain zuzen, poema honekin hasten dela:

Udazkenean batez ere,
igande-arratsaldeetako
tristura ixillak
hunkitzen dituen guziei.

 

*      *     *

 

Tximeletaren hegalaren mugimenduak aurretik jakin ezin diren gertaerak ekar ditzakeen era berean, ezin zen aurreikusi Marilyn Monroeren heriotzak Bartzelonako kaleetan hogei urteko mutil bati literatura katalana aldatuko zuen eleberri bat eragingo zionik; ezta, beste leku batean, Frantzian erbesteratuta zegoen euskaldun bati, existenzialismoa eta astronomia irakurketak oinarri hartuta, euskarazko pentsamendu liburu garrantzitsu bat osatzen lagunduko zionik ere.

Eta, bitartean, jakin dezagun Katalunian, edo Euskal Herrian, edo Estatu Batuetan, igande arratsalde batzuk zein zailak eta tristeak diren, arren.

O, arren,
hilda egon nahi nuke,
batere ez existitu,
hemendik kanpo, nonahi.
Baina nola egingo nuke. Badira zubiak, Brooklyngo zubia.
Baina izugarri gustatzen zait zubi hori (handik dena da ederra,
eta hain garbi dago airea) oinez ibiliz gero,
lasaia dirudi,
nahiz eta beheko partean
kotxe asko, erotuta bezala, ibili.
Beraz, beste zubiren bat izan beharko da,
itsusia eta bistarik gabekoa –zubi guztiak gustatzen zaizkidala
kontuan izanda–, zerbait badute,
eta, gainera, ez dut inoiz zubi itsusirik ikusi.

Marilyn Monroe.