Gora joan

Historia

Cira Crespo
Cira Crespo

Historialaria, idazlea, txori zalea, Euskara-jendartekoa, kataluniarra. Bost gauza horiek naiz, besteak beste, gutxi gorabehera, eta karnetik gabe, bokazioz, eta ahal den bezainbat gozatzen ditut. Ez dakit ireki didaten leihatila honetatik amilotxik ikusiko dudan, ezta miru gorri dotorerik ere. Gaurkotasunari buruz hitz egiten didatenean, nahi gabe, txorien migrazioari buruz zergatik hasten naizen pentsatzen ere ez dakit... Baina, aizu, Cira, lurrera hankak, eta aurkitu orain historiatik gaurkotasunari buruz hitz egiteko manera, saiatu kontatzen, txori migratzaile bazina bezala, Euskal Herria nola ikusten duzun.

Atrilak, etxeak eta markoak

2023-06-29

Zuen periferiak, gure erdiguneak

Fisikan, ‘erreferentzia sistema’ esatean, kontzeptu multzo bat adierazi nahi da, puntu materialak non dauden eta bertako gertaerak noiz jazotzen diren zehazteko balio duena. Hala, objektuen posizioa edo higidura deskribatu eta analitikoki aztertuko bada, ezinbestekoa izango da espazio horretan aldez aurretik erreferentzia sistema bat definitzea. Baina, egia esan, espazio fisikoaren azterketan bakarrik ez, ikertu nahi duzun beste edozein eremutan ere gertatzen da erreferentzia sistemarena. Pentsamenduak ere beti leku batetik abiatzen dira, eta behar-beharrezkoa izaten da leku hori erreferentzia sistema batean ongi zehaztua izatea.

Kultur kolonialismoaren ardatzetako bat da menderatutako kulturei onarraraztea menderatzailearen erreferentziak direla egokienak eta, are, izan daitezkeen bakarrak ere. Hegemonia kulturalak hobetsi beharreko hitzen esanahiak zein diren zehazten digu eta ezartzen dizkigu ikerketarako marko egokiak eta, gainera, nabarmentzen digu horiek zentralak direla eta, horregatik, gure kulturak periferiakoak direla.

Hala ere, bada denbora bat periferia horietako batzuetatik hori guztia zalantzan jartzen ari direna. Adibidez, emakume afroamerikar askok ekarpen biziki interesgarriak egin dituzte feminismoaren historia hobeto ezagutzeko. Hara hor Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea (Jakin eta Elkar, 2016) adibide gisa. Hitzei esanahi propioak eman eta marko propioetan aurkeztuz, adibidez, ondoko galdera planteatzen du Davisek: nola izendatu intelektual bat unibertsitaterik ez den herri batean? Ez al daukate intelektual izateko eskubiderik? Edo etxe kontzeptua bera: etxearen esanahiak berbera behar al du emakume dirudun zuriarentzat nahiz emakume esklabo beltzarentzat? Lehenengoaren kasuan, seguru asko, etxea zapalkuntzaren agertoki izan da, eta da; bigarrenarentzat, aldiz, eta laburbilduz, eremu aske bat sortzeko posibilitate bakarra. Eta antzera jarrai dezakegu beste kontzeptu askoren errepasoan: nola gerturatu jainko hitzak daukan esanahira? Guztiz desberdina da emakume zuri edo afroamerikar batentzat. Hori guztia ezin da berdin analizatu, bestela errealitate ugariri bizkarra emango baikenieke.

Hegemonia kulturala aterki totalizatzailea dela diote, beste errealitate guztiak ezkutatzen dituelako; baina ez da hori bakarrik, ez da soilik gure errealitatea ikusezin bihurtzea. Kontua da azalpen batzuekin gure hilobien zuloak egiten direla, kultur hegemoniak nahita distortsionatzen dituelako esanahiak, menderatuek menderatzaileak baino gutxiago direla senti dezaten.

Hori guztia zalantzan jarri dute, besteak beste, arrazoibide dekolonialek. Ikuspuntu horiei esker jakin dugu, adibidez, Mendebaldeko feminismoaren sortetxea dirudunen etxeak izan zirela, batez ere, eta, diskurtso on horien guztien atzetik, hizlariaren atrila garbituko zuen emakume beltz bat iritsiko zela. Feminismoan ahots asko arrazistak zirela, alegia. Horrek, ordea, zalantzan jartzen al ditu feminismoaren ideiak? Horixe ezetz; baina bai, noski, zurien jarrerak eta gizartearen egitura. Hau da, emakume arrazista batek boto eskubidea lortzeak ezer gutxi balio izango du gizarte hobe bat eraikitzeko. Alde horretatik, normala da garai hartako emakume afroamerikar askorentzat zaila izatea feminista dirudun eta arrazista horiek erreferentziatzat hartzea; euren askatasunak beste bide batzuk beharko zituen ibili.

Erreferentziaz

Nik nazio estatuen prototipoaren kontinente zahar honetatik idazten dut, galtzaileen eremuetatik ahalegintzen naiz pentsatzen. Zehazki, azken bolada honetan, Espainiako gerraurreko emakume idazle euskaldunen historia hasi naiz ikertzen. Ez naiz bakarra, noski. Unibertsitatean nahiz handik kanpo, aspaldidanik ari dira horren inguruan. Amaia Alvarezek, adibidez, Katalina Eleizegiren inguruko tesi txit interesgarria burutu zuen 2011n; Nekane Goikoetxea gertukoa dut, Tene Muxika idazlearen figuran aditua; Xabier Altzibarrek Julene Azpeitiari buruzko liburu mardula osatu du, Askatasun eguzkia baino beharrago izenburukoa. Saiakera literarioaren arloan, berriz, ezin aipatu gabe utzi Edorta Jimenezen Nikolasa Atxika-Allenderi eskainitako liburua. Eta zerrendatxo honetan asko faltako dira, ziur. Nolanahi ere, nire ustez, ekarpen garrantzitsuena, beharbada, Jakinen webgunean Emakume Abertzale Batzaren kideen testu guztiak kontsultarako moduan jartzea izan da, bilatzaile on batekin.

Baina, nahiz eta lan polit hori guztia egin den, emakume horiei buruzko ikerlan zintzo horiek ez dira nahikoa izaten ari, antza. Zeren eta jende batek, Euskal Herrian, berezkoa bezalakoa baitu gaitzespen keinua emakume horien ekarpenaz aditzen dutenean. Baina ez al ziren eskuindarrak? A, baina ez al ziren antifeministak? Eta, hori bai, ez al zeuden hatxearen kontra?! Nire uste apalean, aurreiritzi horren atzean dagoen arazoetako bat da, besteak beste, Espainiako marko kontzeptualetatik pentsatzeko hezi gaituztela. Guri buruz esan dutena erreproduzitzen dugu, kritikarik gabe. Horregatik behar ditugu ikerketarako marko berriak, hain zuzen aurreiritzien hautsak astindu eta jarri dizkiguten etiketa distortsionatzaileak gainetik kentzeko.

Gai horri heltzeko, iradokitzaileak iruditzen zaizkit Atlantikoaz bestaldeko kontinentetik datozkigun zenbait ideia. Horrela, gerraurreko emakumeak aztertzeko estilo ‘dekolonialaren’ antzeko zer edo zer erabiltzea proposatuko nuke, batez ere ikuspuntuari dagokionaz bezainbatean. Adibidez, zer izan zen emakume euskaldun batentzat etxea, zapalkuntza bizi zuen eremua ala bere hizkuntzan lasai hitz egiteko eremua? Eta Jainkoa edo Eliza? Zapaltzaileak ziren soilik, ala batzuetan autoritate zibilak inposatzen zuenaren aurrean aurki zitekeen alternatiba bakarra? Hori egin eta gero, agian beste modu batean ikusiko ditugu fede kontuak edo sukaldearekiko atxikipena.

Gero, fokuak besteen gain jartzea ere argigarri izan liteke. Zer irudi zuten Euskal Herrian pertsonaia ospetsu hark ala besteak? Esaterako, ez dut inon irakurri garai hartako emakume idazle euskaldun bat bera ere bere burua feminista izendatzen. Espainian, aldiz, bai. Oso esaldi ezaguna da, adibidez, Maria Maezturena: «Ni feminista naiz, lotsatuko ninduke ez izateak». Maria Maeztu Gasteizen jaio zen eta gero Bilbon igaro zuen gaztaroa. Hala ere, bizitza Madrilen egin zuen. Izen ospetsua zen garai hartan. Bere sendiko beste batzuk ere izen handikoak. Mariaren neba maitea, Ramiro Maeztu, teoria faxistak Espainiara sartu zituztenetako bat izan zen eta, berebat, Hispanidad kontzeptuaren sortzailea. Emakume euskaldunak oso ondo informatzen zirenez, egunkaria irakurtzen zuten bitartean jakingo zuten gure Maria horrek zeinen gustura hartu zuen Primo de Riveraren diktaduran, txantxetako parlamentuan, aulkitxo bat. Feminista ez izateak lotsatuko zukeen baina, antza, faxista izateak ez hainbeste.

Primo de Riverak zuzendutako jostailuzko parlamentu hartan, bazen emakume euskaldunei aski ezagun eta gertuko egingo zitzaien beste diputatu bat ere, Josefina Oloriz. 1936an Gipuzkoako Probintziako hezkuntza inspektore nagusi izendapena erdietsi du emakume horrek badaezpadako ohore. Irakasleen depurazio lana ongi egiten zuen, nonbait, Olorizek, eta halaxe mantendu zuten karguan diktadura urte ilun luzeetan, harik eta 1964an erretiroa hartu zuen arte. Zalantzarik ez dago, jakingo zuen Elbira Zipitria batek Oloriz nor zen. Agian, amesgaiztoetan ere azalduko zitzaion andereñoari. Baina, era berean, zalantzarik ere ez zen izan 2001ean Donostian, gure herri ahazkor honetan, plazatxo bati Josefina Oloriz izena jartzeko orduan, hiriak izan zituen lehen bi emakumezko zinegotziak aldarrikatu behar zirela-eta. Barka iezadazue, baina hori ez da ‘aterki totalizatzailea’, hemen izan duguna ahanzturaren armada totalizatzaile bat izan da.

Beste izen bat: Clara Campoamor. Espainian emakumeentzat boto eskubidea lortu zuen emakumea, 1931ko ekainaren 23an, Kataluniako Estatutuaren gainean aritu zen eztabaidan Kongresuan. Hain zuzen, estatutuaren bigarren artikulua onartzeko botoa zegoen jokoan, katalana Katalunian hizkuntza ofiziala izendatzen zuena. Kontrako botoa eman zuen Campoamorrek. Espero izatekoa, zeren bera Partido Radical-eko kidea baitzen, Alejandro Lerroux demagogo antikatalan sutsuaren partidukoa, alegia.

Gaur egun gorespenez oroituriko gerraurreko emakume askok hartu dute parte gure herriaren suntsiketa lan ilunean, hilketak ahalbidetzen; gure porrota sendotu dute, nazionalismo totalizatzaile espainiarra zurituz. Feminismo espainiarraren sortzaile batzuek erabili zuten ideologiak, besteak beste, estatuaren armazoia zurkaizteko balio du. Emakume talde kataluniar batek, Matriotes izenekoak, aurtengo M8rako egin duten manifestu batean, oso ondo definitu du: espainiar nazionalismoaren proiektu harraparia da. Azaltzeke dute oraindik historialari espainiarrek zergatik den hain zaila estatu espainiarrean, historian zehar, ‘proiektu harrapari’ horretan parte hartu ez duten intelektualak aurkitzen.

Baina atzera ere gaiari helduz, ez da harritzekoa izen horiek Euskal Herrian gaitzesgarritzat jotzea, garai hartan, eta normala da, berriz, izen horiekin estuki lotzen zen ‘feminismoa’ programa zinez askatzailetzat ez hartzea.

Zahar usaina dutenak

Gerraurrean borrokatu, idatzi, publikoaren aurrean hitz egin zuten emakumeak gutxietsi egin ditugu. Gutxiespenaren arrazoietako bat izan da, esan dudan eran, beren ekarpenak eta posizio politikoak ulertzeko marko espainiarra erabili dugula. Baina bada besterik. Gu ere gizarte matxista batean bizi gara, eta oso merke ateratzen da ‘adineko’ emakume horiekin sartzea.

Esaterako, Tene Muxikak kontatzen zuen nola aldizkari baterako testu bat eskatu zioten eta gero atzera bueltan bidali zioten, zapuztuta. Izan ere, oso merke baitzitzaion «fraide gazte bati» esatea testu horiek «zahar usaina zutela». Tene Muxikak, Gipuzkoako Emakume Abertzale Batzaren lehendakari izanak, ingelesez antologizaturiko euskal idazle bakarrenetakoak, antza, zahar usaina zeukaten idazlanak egiten zituen. Emakume horiekin itxura gordetzen ere ez da asmatu. Eta zaku bete horrelako adibide.

Gerraurreko emakumeak, andereñoak, emakume zaharrak, eskuindarrak, zorrotz eta zurrun samarrak. Gizonei dagokienean, berriz, horien ekarpen literarioez edo historikoez oroituko gara, eta, ahaztu, horietako asko gure emakume hauek baino eskuindarragoak eta zurrunagoak (eta hatxearen kontrakoagoak) izan zirela. Horrek ez du zer ikusirik kultur hegemoniarekin; edo, hobeto esanda, horrek matxismoa deritzon kultur hegemonia motarekin du zerikusia.

*     *     *

Horrekin guztiarekin zera esan nahi dut: astindu aurreiritziak, birbideratu fokuak, baretu autogorrotoak... Kontu handiz dira baloratu beharrekoak gerraurreko emakumeen testuak eta ekarpenak, izan zirena eta esan nahi izan zutena dagokion neurrian ulertzeko. Ongi jakin behar genuke zergatik idatzi zuen Euskal Herrira hurbildu zen emakumezko kazetari madrildar hark, 1931ko erreportajean, ondorengo hau:

Espainiako eskualde guztien artean, euskal eskualdea izango da akaso emakumezkoek gatazka politikoetan parterik aktiboena osatzen dutena; ez da parte hartuko ez duten ekintza publikorik [...] euskal herrixketan emakumezkoek auzi publikoan parte hartzea dagoeneko inork zalantzan jartzen ez duen zerbait da.

Ongi jakin behar genuke. Eta, tamalez, ez dakigu.