Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Trump presidentea lidergo bila: Senatu eta Kongresuko hurrengo bozketak

2017-11-08

Trump presidentearen agenda zamatu dute kataklismoek eta Las Vegas hirian izandako sarraskiak (herri handi hartan, urteoro hogeita hamar mila pertsona baino gehiago hiltzen dira su armek jota). Zerga erreforma, aurrekontu federala, Obamacare (behartsuenentzako aseguru medikoa) eta Ipar Koreako krisialdia gutxi baziren, hona hemen sute izugarriak Kalifornian, edo Harvey, Irma eta Maria urakanak, Texas, Florida eta Puerto Ricon jasan behar izan zituztenak. Azken elkartutako herri independente horretan, Puerto Rico, Trump jaunak errandako eta egindakoek hango arduradun politiko eta hautetsien haserrea eragin dute. Washingtongo Kongresuan ordezkaririk ez izatearen ondorioz-edo, Puerto Ricoko jendearentzako laguntza urriegia izan zen, berandu ekarri zuten, eta gaizki banatzen ari ziren. Banaketan ikusi ahal izan dugu Trump presidentea eliza batean zeudenei komunerako papera jaurtitzen, paketeak futbol amerikarreko baloiak balira bezala. Lerro hauetan Hungariako mugan errefuxiatuekin izandako gertakizun lotsagarria salatu genuenean –poliziek errefuxiatuei ogitartekoak jaurtitzen zizkietela, alegia–, ezin genuen pentsatu Ameriketako Estatu Batuetako presidente batek gauza berbera pertsonalki eginen zuenik. Erran zituenen artean, Puerto Ricoko jendearentzako laguntza zela-eta aurrekontu federal berria zapuztu egin zela aurpegiratu zien bilera batean zeuden tokiko agintariei, hango jendeak gehiago ahalegindu behar zuela gaineratuz.

Ameriketako Estatu Batuetako ekonomia ongi badoa ere, Yellen andreak zuzentzen duen Erreserba Federalak ez du indarrean dagoen interes tasaren tartea aldatu: urteko %1etik %1,25era, alegia. Zuzendaritzaren bileretan iritzi ezberdinak daudela jakin badakigun arren, tasen igoeraren ondorioak arriskutsuegiak direla pentsatu omen dute gehienek. Ez dira ekonomiaren sendotasunaz fio; soldaten igoerak aurreikusi baino polikiago gauzatzen ari dira, nahiz eta langabeziaren datu estatistikoak hasierako mugaren pean egon (biztanleria aktiboaren %5etik behera dago langabezi tasa), eta inflazio tasa ez da ia ezertan aldatzen ari. Beharbada, Trump presidentea ahal duen leku guztietan iragartzen ari den zerga erreforma ‘iraultzailea’ eta hari loturik dagoen 2018rako aurrekontu federala lotu arte, ez dute Yellen andreak eta enparauek zentzu batean edo bertzean erabakirik hartuko. Trump presidente ahoberoak gai horren inguruan mantendu duen isiltasuna lekuko, ez dirudi Fed-en azken erabakia gaizki hartu duenik. Bitartean, presidentearen esanetan, lau ideia nagusi ditu datorren zerga erreformak: irabazitako lehenbiziko hamabi mila dolarrengatik (hogeita lau mila bikoterentzako) zergarik ez ordaindu behar izatea; diru sarreren araberako hiru zerga tasa bakar-bakarrik ezartzea, %12-%24-%35; orrialde bateko zerga-formularioa ezartzea eta legedi fiskalen sinplifikazioa. Beharrezko botoen bila, etengabe ari dira negoziazioak egiten Senatuan zein Kongresuan, mahai gainean bertze kontuak jarriz: aurrekontu federala, Obamacare programaren ordezkapena, herrian lantoki berriak sortzeko enpresa estatubatuarrentzako erraztasunak, atzerriko merkataritzaren inguruko itunen birnegoziaketaren edukia...

Nazioartean, tradizionalki gertatu ohi den lez, askoz libreago ari da presidentea, sostengu politiko zabalagoaren eskutik. Ipar Korearen aurkako azken neurri, zigor, ekonomikoak eta Venezuelako agintari bolibartar batzuen aurkakoak, bertzeak bertze. Iranekin Obamak sinatutako itun nuklearra salatzean, aldiz, ustekabeko aurkari bat agertu zaio Trumpi: Mattis haren Defentsa ordezkaria, hain zuzen. Ohiko argudio zuhurrak erabiliz, Nazio Batuen Batzar Orokorrean Ipar Koreari buruzko haren buruzagiaren hitz gordinei, Ipar Korea herria «suntsituko duela» errateraino, zeharkako erantzun ezin diplomatikoagoa egin zien ospe oneko militar horrek. Ildo berberean ere, Tillerson diplomazialaria elkarrizketetarako deia egiten ari zenean, adierazpen eta irain beliko-komikoak egin zituen Trumpek little rocket man misilen gizon txikiaren kariaz. Gauzak horrela, urte amaiera arte saltsa politiko ederra izanen dela pentsatzen dugu, presidentetzaren indarra eta eraginkortasuna jokoan dira eta.