Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Pornografia

2015-05-18

Informazioa salgaia bilakatzen denean, eta hala gertatzen ari da, edozein hedabidetan, salbuespenak salbuespen, ia edozer ikusteko prest egon behar dugu. Bartzelonatik Düsseldorf hirira abiatutako hegazkinaren istripuarena, zorigaitzekoa izateaz gain, senide eta hurkoentzat bereziki, nardagarria izan da hedabide gehienetan emandako ‘informazioa’. Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren egoitzan izandako hilketen ondoren gertatutakoa txiki utzi du hegazkin-istripuaren inguruko zabor mediatikoak. Espainiar kate publiko batean «Los familiares están destrozados» testua agertzen ari zen bitartean, kate pribatu baten irudietan ‘kazetariak’ pertsona batzuen atzean korrika ari ziren, istripuan hildako baten senideak zirelakoan... Ikusleria –zentzu txarrenean– handienaren lasterketa eroan, denak balio omen du. Beharbada inkesta politikoetarako onak direlako hileta ospakizun eta dolu irudiak, Merkel, Rajoy eta Hollande jaun-andreak istripua gertatu zen lekura hurbildu ziren, bildu ziren kamera ugariren aurrean zorigaitzetik ikuskizunaren etekinak lotsagabeki ateratzen. Ez dira agertu, ez, egunoro munduan hiltzen diren 20 mila haurren etxeetatik, eta ez diete guraso eta senideei inolako laguntza psikologikorik eskaini, beharbada leku horietan kamerarik ez dago eta.

Sentimendu pertsonalen erabilera komertziala omen da egoera postmodernoaren ikur nagusietako bat. Telezaborra hedatzen hasi denetik, joan den mendeko laurogeiko hamarkadan, politikariak urrun egon dira, duela gutxi arte. Orain, aldiz, marra zeharkatu dute, eta ondorioak oso arriskutsuak izan daitezke. Norbanakoaren egoera pertsonala soilki sentimendu pertsonalen arabera epaitzea omen da autolaguntza psikologiko kontserbadorearen leloa. Pertsonen izaera soziala albo batean uztean, gutxiesten ez dutenean, pentsalari neocon horiek klase borrokarik ez dagoela diote, afera guztiak maila pertsonalera murriztuz. Ondorioz, aje eta gertakizun latzen aurrean, banakako ekimenak bultzatzen dira, merkatu kapitalista jendearengana formula magikoak etengabe bideratzen ari den aldi berean. Pixkanaka-pixkanaka areagotzen ari den isolamendu pertsonalaren uhina kontsumismo eurozentristaren oinarri psikologiko-filosofikoa dela otu zaigu, berezko sentimenduen eraginak, positibo eta negatiboak, salerosketa bihurtzen dituena.