Larunbata, Igandea, 2017ko azaroak 18
Gora joan

Euskal Elkargoa sortu dute!

2017-04-04

Munduko zurrunbilo zalapartatsuan benetako albiste ederra jasotzeko aukera eman digute gure anai-arreba lapurtar, zuberotar eta baxenabartarrek. Mitterrand hautagaiaren garaietatik hamaika bider airean izan ostean, hamaikagarren erreforma administratiboaren ondorioz, Nouvelle Aquitaine makrolurraldearen sorrera barne, lortu dute azkenean lehenengo euskal erakunde ofizial bat sortzea estatu frantsesaren barnean. Zorionak, Euskal Elkargoa ofizialki sortu dute eta! Mila laurden bat tokiko hautetsiren bilkura batean, Etxegarai baionesa hautatu dute lehen presidente. Frantsesez, gazteleraz eta euskaraz mintzatuko den erakunde berri horrek okzitaniera ere babestuko duela iragarri du, ‘euskal inperialismoa’ uxatzeko asmoz edo... Hasiera batean ardura batzuk, hondakinen tratamendua, ekimen turistikoak, hiriko plangintza, bertzeak bertze, bereganatuko ditu aurrekontu propioa edukita. Euskararen indartze politikak ere omen daude egitarauan, beti ere kontsentsu politikoen neurrian. Orain arte, behintzat, indar politikoen arteko harremanak onak izan direnez, erakunde berriaren ekimenak arrakastatsuak izanen direla pentsa daiteke. Tokian tokiko jarduera ekonomiko berriak bultzatzeko aukerak zabalduz, irizpide sozial eta ekologikoak hobetuz, deszentralizazioa eta koordinazioa garatuz, jendearen parte hartze zuzena baztertu gabe, etorkizun oparo eta sustengarriaren zutabeak herriz herri eta auzoz auzo osatzeko bidea erraztuko delakoan gaude, hala bedi!