Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Doaneko diruaren jaia amaitzera doa

2015-06-11

Joan den maiatzaren 22an, Janet Yellen-ek, AEBetako Erreserba Federalaren Sistemako Gobernadoreen Kontseiluko buruak, hitzaldi oso pedagogikoa egin zuen Providence (New Hampshire) hiriko Merkataritza Ganberan; bide batez, bere garaian hango Brown University-ko ikaslea izan zela gogoratu zuen. Funtsean, ekonomian ezer ez dela ziurra azaldu zuen, irakasle hoberenen umiltasun eta gardentasuna lagun. Horrela, FEDen zazpi kideek ez dakite ziur ongi egiten ari diren, baina, 2015. urtearen amaieran, interes tasa igotzera doaz, haien gehiengoaren ustean hazkunde ekonomikoa egonkorra izaten laguntzeko. Izan ere, AEBetan langabezia tasa biztanleria aktiboaren %5era hurbiltzen ari den honetan, 2016ko amaierarako hango lan merkatuaren egoerak inflazioa (ber)piztuko duelakoan daude, soldaten gaur egungo maila txikiegia eta estatistiken benetako esanahia gorabehera.

Edonola ere, interes tasaren igoera ‘homeopatikoak’, adjektiboa gurea da, iragarri zituen Yellen andreak, egoera ekonomikoaren arabera ezberdin egiteko prest zegoela argi eta garbi utziz, baina. Hitzaldiaren mezua helarazita ere, munduko lehen potentzia ekonomikoaren agintari monetario nagusiari ñabardura batzuk bidean geratu zitzaizkion. Erraterako, interes tasaren igoeren aroa poliki-poliki hasteko arrazoia omen da neurri monetarioek salneurrien gainean eraginik izateko hartu ohi duten denbora tarte luzea, 12 hilabete gutxi gorabehera; baina, aldi berean, beldur da tasaren igoera txiki horiek inbertsioaren eta lan kontratuen aurreikusitako bilakaeren gainean izan ditzaketen epe motzeko eraginez. Oso bereziki, ez badute soldata maila baxuek igo behar, pixkanaka-pixkanaka haiek ere bai. Bertzaldetik, barneko ekonomiari begira egindako hitzaldia izanda ere, interes tasaren igoerak dolarraren euroarekiko balioaren gaineko eragina arestian aipatu bazuen ere, ez zion gehiegizko garrantzirik eman, nahiz eta AEBetako esportazioen lehiakortasuna nozituko dutela ia aditu guztiek pentsatu duten.

Azkenik, baina inondik ere ez garrantzi gutxiagoz, AEBetan azken urteotan moneta kopurua ikaragarri hazi ondoren, Erreserba Federaleko Bankuan eta banku pribatuen kontabilitateetan zorren hazkunde simetriko erraldoia pilatu da, likidezia lortzeko eskatu behar izan zituzten interes tasa txikiko kredituei dagokiena, hain zuzen. Hori horrela, ulertzekoa da tasaren igoerak tentuz kudeatzen saiatzea, kapital merkatuetan finantza-aktibo horien kotizazioek egun batetik bertzera jaitsiera ederra izan ez dezaten. Finean, Lehman Brothers bankuaren zorigaiztoko porrotetik ia zazpi urtera, oraindik ezin uxatu krisialdi finantzario orokorraren mamua, banku zentralena barne.