Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Deflazioaren itzala

2016-05-12

Ez da giro finantza merkatuetan. Ziurtasunik eza eta beldurra dira nagusi. Inork ez daki munduko ekonomiari zer arraio gertatzen ari zaion edo, beharbada, boteretsuei ez die axola. Izan ere, inolako azalpen eta eredu matematikorik ezin eutsi kapitalismoaren logika basatiaren pean. Zer esanik ez aurreikuspen ekonomikoez, ugari bezain ahanzgarri eta okerrak dira eta. Ekonomia positiboak, gertaera hutsak aztertu ohi dituena, orain arte ezin izan du bere helburu zientifikoa bete, ekonomia monetarioen kasuetan behintzat. Horregatik, gehienetan, ekonomialari tradizionalen azalpen sasizientifikoak iadanik gertatutakoaren unean uneko ad hoc deskribapenak bertzerik ez dira. Noizbehinkako salbuespenak diagnostikoak dira, bi motatakoak nagusiki: egungo ekonomian diru eta gastu gehiago behar direla esaten dutenak (Krugman edo Stiglitz tartean), alde batean; eta, bertzaldean, legedi, arau ekonomiko, zerga eta administrazio publiko gutxiago eskatzen dituztenak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE), Nazioarteko Diru Funtsaren edo Europako Batzordearen kasuan bezala, banku zentral eta enpresari elkarte nazionalak ahaztu gabe. Grosso modo, Japonia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua dira lehenengo ereduari jarraitzen ari zaizkionak; bitartean, Eurogunean irizpide neoliberalak ezartzen ari dira.

Merkelnomics deritzen politika ekonomikoaren oinarrizko printzipio teorikoak laburbil daitezke. Lehena, eragiketa ekonomiko guztiak trukeak (salerosketak) dira, bi eragileren artekoak: saleroslea eta eroslea. Bai lan merkatuan, bai ondasun eta zerbitzuen merkatuetan eta baita finantza merkatuetan ere, egiten den guztia erosle baten eta saltzaile baten arteko harremana da. Bigarren oinarrizko hastapena: eragiketa ekonomikoek emaitza ezin hobea, bakarra eta egonkorra izan dezaten, askatasun ekonomikoa da ezinbertzeko baldintza. Hortik ongizate estatua murrizteko jokaera. Ekonomialari neoliberalen ustez, gaur egungo langabezia handiaren eta hazkunde ekonomiko txikiegiaren sorburua dira enpresarien eta langileen arteko harremanen gaineko gehiegizko arau, legedi eta baldintzak. Horien guztien ondorioz, soldatak handiegiak omen dira negozioak aurrera eramateko, inbertsioak eta inbertsoreak uxatuz. Langabe batek, gutxieneko dirusaria eskuratzean, ez delako soldata mixerable baten truk lan egiteko prest izanen, neoliberalek lan merkatuan eskari eta eskaintzaren legea osoki indarrean izatea nahi dute, eta horretarako jendarte politikak eta lan legedi aurrerakoiak oztopo dira. Logika osoan, krisialditik ateratzeko bide neoliberala deflazioa da, hots, salneurri eta soldaten txikiagotzea... Inbertsore eta enpresariek nahi duten soldata-maila behea lortu arte ez da berreskuratze ekonomikorik izanen. ‘Egiturazko erreformak’ aipatzen dituzten bakoitzean, langileen soldatak jaisteko ekimenez ari dira, nahitaez, lehiakortasuna lortzeko bide bakarra. Erran gabe doa aterabide horretan galtzaileak irabazleak baino askoz gehiago direla. Alegiazko Transatlantic Trade and Investment Partnership –Merkataritza eta Inbertsioen Partzuergo Transatlantikoa– litzateke bide neoliberal horren egitasmo garrantzitsuena, Asiako saiakeraren arrakasta pirrikoa izan eta gero, Txina kanpoan geratu da eta.

Aterabide anglosaxoi-japoniarraren funts teorikoa erabat ezberdina bada, neurri batean neoliberalarekin bateragarria da, gurpil zoro teoriko-politiko ekonomiko bat osatuz. Hala eta guztiz ere, bertsio horri kutsu keynesiar nabarmena dario. Neoliberalen teoriatik aldenduz, enpresa eta langileen arteko harremanak ez dituzte salerosketa hustzat jo. Eragile ekonomiko gisa ez da berdin enpresaria edo langilea izatea. Izan ere, pentsalari haien ustez, kapitalismoan, enpresen gaurko salmentak eta irabaziak (mozkinak) dira biharko inbertsioak egiteko enpresari kapitalistek erabili ohi dituzten irizpideak. Orduan, langabezia dago ezen enpresen salmentak, eta mozkinak, txikiegiak direlako. Horien ondorioz, enpresariek ez dute kapital eta lan gehiago kontratatzen, inbertsoreek ez dute negozio berririk sortzen. Soldatak ez direlako soilki gastu bat, kontsumitzaileen erosketak finantzatzeko sorburua baitira ere bai, neosozialdemokrata horiek ez daude ados soldata txikien edo ongizate estatuaren eraispen politika orokorrekin. Alderantziz, inbertsore eta enpresarien ekimenak faltan daudenean, gastu publikoa eta gutxieneko soldatak igo nahi dituzte. Banku zentraletako diru merkearen politikaren aldekoak dira, estatuaren gastuak/defizitak finantzatzeko ere bai. Ideia heterodoxo horrek finantza merkatuak urdurituko dituelakoan, finantza legedi zurrunagoen aldekoak ere badira, nahiz eta arau horien inguruko zehaztapen gutxi iragarri.

Berrikuspen azkar horren ondorioz, gaizki gabiltzala baiezta daitekeela uste dugu. Hautu zaila da aterabide neoliberalaren ondorio latzen –desberdintasun ekonomikoak, gerra inperialistak eta segurtasun parafaxista barne–, eta administrazio publikoen ekimen ausartak dakarren egonkortasun –politiko eta finantzario– ezaren artekoa, gehiegizko zor publiko nazionalen ingurumari arriskutsuan, enpresen zein estatuen finantza porrotak eta erreskateak barne.