Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 27
Gora joan
Menua
2020-10-18

Pandemiaren osteko egoera distopikoari begiratzeko beste modu bat eskaini nahi du Jakin-en 239. zenbakiak Mario Zubiaga Garate, Arantza Etxeberria Agiriano, Joseba Azkarraga Etxagibel, Irati Zubia Landa, Joseba Gabilondo eta Harkaitz Canoren testuekin.

Klima eta ekologia krisia, bidaia ezezagun baterako kronika

Klima eta ekologia krisiari buruzko saiakera idatzi du Iñaki Petxarroman kazetariak

2020-10-14

Klima eta ekologia krisi betean bidezidorrak zabaltzeko ahalegina egin du Iñaki Petxarroman Berria-ko kazetariak Ezezagunerako bidaia Aleka bildumako saiakerarekin. Gaiaren inguruan elkarrizketatutako adituek ideia horixe erabili baitute ahoz aho, egilearen hitzetan: «Lurralde ezezagun batean sartzen ari da Lur planeta eta, harekin batera, baita bertan bizi garen guztiok ere. […] Sekula baino informazio gehiago daukagun belaunaldi bateko partaideak izanik, klima aldaketa antropogenikoaren prozesu konplexu eta atzera-bueltarik gabeko batean murgildu gara».

Aldaketa klimatikorako bidean emandako urratsak, akatsak eta erabakiak aztertu ditu Petxarromanek adituen iritziak eta azterketak jasoz, eta gaur dugun etorkizunerako gako batzuk eskaini ditu, aldaketa moteltzeko lasterbidea egon badagoelako: «Jadanik ez erabat, baina oraindik parte handi batean bai, gure esku dago murgildu garen ezezagunerako bidaia hau ahalik eta hobekien joatea, izango diren astinaldiak ahalik eta gehien gutxituz eta haietara egokituz».

Berria, Elkar eta Jakinen elkarlanaren emaitza da Aleka bilduma. Gaurkotasun gaiak lantzen dituen bildumako hamargarren zenbakia da Petxarromanena.

[PODCAST] Pandemia eta kale protestak Jakingunean

Jakinek lantzen dituen gaiak jasotzen ditu Jakingunea irrati atalak

2020-10-08

Ikasturte berriarekin itzuli da Jakinen eta Euskadi Irratiaren elkarlari esker sortutako Jakingunea irrati tartea. Jakinek lantzen dituen gaiak eta hitzaldiak uhineratzen ditu bertan hilero Miren Rubio kazetariak.

Lehen atal honek 2020ko Jakin Jardunaldian Teresa Larruzea filosofian graduatu eta Sorbonako Unibertsitatean filosofia politikoko masterdunak emandako hitzaldia jasotzen du. 'Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar' izenburupean, pandemia garaian izandako kale mugimenduak aztertzen ditu Larruzeak, herritarren eta estatuaren arteko harremanak eta talkak azaleratzeko. Entzun erreportajea hemen.

 

Joan Mari Torrealdairen azken esker hitzak: «Harro nago eraikitakoaz»

Andanaka herritar eta euskaltzalek eman diote azken agurra Usurbilen Joan Mari Torrealdairi. Familiak ere eskerrak eman nahi dizkie gerturatutakoei

2020-08-03

«Bakean joan naiz familiak inguratuta, bizitzak eman didan guztiari eskertuta». Esker hitz horiekin hasten da Joan Mari Torrealdaik berak utzitako hil ondorengo agur mezua. Andanaka herritar eta euskaltzale elkartu ziren Usurbilgo elizan Torrealdairi azken agurra emateko, eta elizkizunean bertan irakurri zuen alabak Torrealdaik idatzitako agurra. «Ezin izan zaituztet zuek guztiok banan-banan agurtu, baina badakit ulertu eta barkatuko didazuela. Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, baita euskal kultura eta gizarte mailan ere. Ezin hobea izan dut bizitza, eta eskertua nago guztiz».

Joan Mari Torrealdairi Euskal Herriko Unibertsitateak esker onez

Torrealdairen heriotzaz idatzi du UPV/EHUko Jon Zarate Sesmak

2020-08-03

Getze Ibargoitin (Nafarroa) lagunartean familiarekin harrapatu nau Joan Mariren heriotzaren berriak. Bi emozio batu dizkit albisteak, lehenengo tristura eta gero poza. Tristura handia, minez betetako tristura, hutsunez betetako tristura, euskaltzale guztiok erreferente handi bat galdu dugulako. Tristuran murgildurik ordenagailua piztu dut eta poza sentitu dut. Asteazken arratsaldetik pendiente neukan Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluan Jakin Fundazioarekin elkarlanerako onartu genuen hitzarmena digitalki sinatzea. Uztailaren 29an Joan Marik sinatutako dokumentua daukat pantailan eta
gaurko datarekin (2020ko abuztuaren 1ean) Joan Marirenaren aldamenean sinatu dut. Euskal Herriko Unibertsitatea osatzen dugun guztion izenean, eta errektore den Nekane Balluerkaren ordezkari gisa, sinadura honen bidez gure omenaldi xume eta apala egin nahi diogu Joan Mariri.

Ikasteko baserria utzi nahi izan zuen haurra

Jakin aldizkariari lotuta, bizi osoa eman du Joan Mari Torrealdaik euskal kultura eta pentsamendua sustatzen

2020-07-31

Joan Mari Torrealdai Nabea 1942ko azaroaren 24an jaio zen Foruko Urberuaga auzoko Mosone baserrian. Haurtzaroa bertan igaro zuen, gurasoei baserri-lanetan lagunduz. Txikitatik esan zion aitari berak baserrian aritu beharrean ikasi egingo zuela, herrian zegoen frantziskotarren seminarioko haurrek bezala. 12 urterekin, 1954an, Arantzazuko seminariora joan zen, beraz. Bertan eta Foruan bost urtez humanitate ikasketak egin ostean, filosofiakoak egin zituen Erriberrin eta Arantzazura itzuli zen. Bertan sartu zen Jakin aldizkarian, 1963an.