Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan
Menua
Joan Mari Torrealdairen heriotzaz

Joan Mari Torrealdairi Euskal Herriko Unibertsitateak esker onez

Torrealdairen heriotzaz idatzi du UPV/EHUko Jon Zarate Sesmak

2020-08-03

Getze Ibargoitin (Nafarroa) lagunartean familiarekin harrapatu nau Joan Mariren heriotzaren berriak. Bi emozio batu dizkit albisteak, lehenengo tristura eta gero poza. Tristura handia, minez betetako tristura, hutsunez betetako tristura, euskaltzale guztiok erreferente handi bat galdu dugulako. Tristuran murgildurik ordenagailua piztu dut eta poza sentitu dut. Asteazken arratsaldetik pendiente neukan Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluan Jakin Fundazioarekin elkarlanerako onartu genuen hitzarmena digitalki sinatzea. Uztailaren 29an Joan Marik sinatutako dokumentua daukat pantailan eta gaurko datarekin (2020ko abuztuaren 1ean) Joan Marirenaren aldamenean sinatu dut. Euskal Herriko Unibertsitatea osatzen dugun guztion izenean, eta errektore den Nekane Balluerkaren ordezkari gisa, sinadura honen bidez gure omenaldi xume eta apala egin nahi diogu Joan Mariri.

Luzea eta oparoa izan da Joan Marik Euskal Herriko Unibertsitatearekin izan duen lotura. Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziatu zen 1985ean, euskaraz egindako lehen lizentzia txostenarekin. 1991n Deustuko Unibertsitatean doktoregoa eskuratu zuen Zientzia Politikoetan eta Soziologian, zentsura frankistaz (1936-1983) egindako tesiarekin, Euskal Herriko Unibertsitateko kazetaritzako irakasle katedraduna den Carmelo Garitaonandiaren zuzendaritzapean. Besteak beste, Joan Marik eskolak ere eman ditu Euskal Herriko Unibertsitatean (1998-1999).

Bizitza guztian egongo gara berarekin zorretan eta hitz labur hauek erabili nahiko genituzkeEuskal Herriko Unibertsitateko kide guztion esker ona erakusteko. Elkarlanean egindako ibilbide oparoaren eta esker onaren adibide argia izan zen 2018an Euskal HerrikoUnibertsitateak antolatutako nazioarteko biltzarrean (“Zentsura eta literatura”) egindako omenaldia. Berriz ere hitzarmenaren pdf-a zabaldu dut, Nekane Balluerka Lasa andrea errektore duen Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Joan Mari Torrealdai Nabea jauna lehendakari duen Jakin Fundazioaren logoak elkarrekin ikusten ditut.

Berriz ere poza sentitzen dut. Joan Marik azken momentura arte euskararen alde lanean jarraitu duelako, emanez eta zabalduz eta beti zubiak eraikiz. Jakin Fundazioko logoko hitzek ere definitu dezakete Torrealdai: herria, kultura eta hizkuntza.
Eskerrik asko eta ikusi arte Joan Mari.

Getze Ibargoitin 2020ko abuztuaren 1ean.

Jon Zarate Sesma

UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea


Joan Mari Torrealdairen heriotzaz: 

Lorea Agirre Dorronsoro: 'Euskararen Amaiur honetan'

Joanmari Larrarte: 'Euskalgintzaren erreferentea'

Garai Arrula eta Andoni Olariaga: 'Joan Mariri esker onez'