Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan
Menua
Joan Mari Torrealdairen azken agurra

Joan Mari Torrealdairen azken esker hitzak: «Harro nago eraikitakoaz»

Andanaka herritar eta euskaltzalek eman diote azken agurra Usurbilen Joan Mari Torrealdairi. Familiak ere eskerrak eman nahi dizkie gerturatutakoei

2020-08-03

«Bakean joan naiz familiak inguratuta, bizitzak eman didan guztiari eskertuta». Esaldi horrekin hasten da Joan Mari Torrealdaik berak utzitako hil ondorengo agur mezua. Andanaka herritar eta euskaltzale elkartu ziren Usurbilgo elizan Torrealdairi azken agurra emateko, musika eta omenezko hitzak lagun; tartean Jon Maya dantzariaren aurreskua.

Elizkizunean bertan irakurri zuen alabak Torrealdaik idatzitako agurra. «Ezin izan zaituztet zuek guztiok banan-banan agurtu, baina badakit ulertu eta barkatuko didazuela. Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, baita euskal kultura eta gizarte mailan ere. Ezin hobea izan dut bizitza, eta eskertua nago guztiz». Emaztea ere bereziki eskertu nahi izan du: «Eta nola ez nire eskerrik beroenak Beatrizi, amari, azken urteetan, nere ondoan tinko eta gogor eutsi dion emakume ausartari. Bera gabe nola jarraitu aurrera. Nire ardatza, emazte bikaina. Bizitza zor dizut».

Joan Mari Torrealdairen senideek ere esker hitzak besterik ez dituzte berairi emandako agurragatik. Adiskide, herritar, lankide, agintari, gizarte eragile, kulturgile, euskaltzale... asko izan dira Torrealdairen ekarpena gogoratzeko eta goratzeko gerturatutakoak. Ezin bestela. Hori dela eta, honako mezua helarazi nahi izan du Torrealdai-Gorriti familiak:

Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, Joan Mariren azken agurrean ondoan izan zareten guztioi, agurra goxoagoa eta ederragoa izan da zuei guztioi eskerrak.

Eskerrik asko, adiskide, herritar, lankide, agintari, gizarte eragile, euskalgintzako eta kulturgintzako kide, euskaltzale oro. 

Eskerrik asko, bihotz altxagarri izan zarete.

Ez adiorik!

Torrealdai-Gorriti familia


Hona hemen agurraren laburpena jasotzen duen Berriaren bideoa: