Asteartea, 2024ko martxoak 19
Gora joan

Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian

Iñaki Petxarroman

Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian

Bilduma: Aleka | Zenbakia: 10 | Data: 2020

Luzaz eszeptizismo interesatu bat sustatu bada ere, gaur egun ez dago klima aldatzen ari dela taxuz ukatzen duenik, ezta aldaketa hori giza jarduerak sortu duenik ere. Besteak beste, aldaketaren ondorioak dagoeneko jasaten ari garelako. Horra hor, esaterako, muturreko fenomeno meteorologikoak, gero eta ugariagoak, gero eta bortitzagoak. Bioaniztasuna, berriz, inoiz baino azkarrago galtzen ari da, zoonosiak, COVID-19a kasu, eta beste pandemia arriskuak biderkatzen diren bitartean. Planeta ezezagunerako bidaia baterantz abiatu da, eta, harekin batera, bertan bizi garen guztiok. Bidaia atzera-bueltarik gabea da, baina oraindik garaiz gaude, neurri batean behintzat, bidean izango diren astinduak gutxitzeko eta ahal den modurik onenean egokitzeko. Zientzialariek, ordea, argi dioskute: gehienez ere hamarkada bat dugu gu guztiok garraiatzen gaituen ontziaren norabideari lema kolpe sendo bat emateko. Iñaki Petxarromanek, hainbat aditurekin hitz egin ondoren, informazio asko eta oso modu ulergarrian eskaintzen du, bidaiariok geure burua hobeto goberna dezagun krisi klimatiko eta ekologikoan barrena.

Papera 17,50 €

Jakineko harpidedunek DESKONTUA izango duzue erosketa eskaria honako helbidean eginez gero: jakinkide@jakin.eus

Erlazionatutako albistea

Klima eta ekologia krisia, bidaia ezezagun baterako kronika

Jakin 2020-10-14

Klima eta ekologia krisi betean bidezidorrak zabaltzeko ahalegina egin du Iñaki Petxarroman Berria-ko kazetariak Ezezagunerako bidaia Aleka bildumako saiakerarekin. Gaiaren inguruan elkarrizketatutako adituek ideia horixe erabili baitute ahoz aho, egilearen hitzetan: «Lurralde ezezagun batean sartzen ari da Lur planeta eta, harekin batera, baita bertan bizi garen guztiok ere. […] Sekula baino informazio gehiago daukagun belaunaldi bateko partaideak izanik, klima aldaketa antropogenikoaren prozesu konplexu eta atzera-bueltarik gabeko batean murgildu gara».

Aldaketa klimatikorako bidean emandako urratsak, akatsak eta erabakiak aztertu ditu Petxarromanek adituen iritziak eta azterketak jasoz, eta gaur dugun etorkizunerako gako batzuk eskaini ditu, aldaketa moteltzeko lasterbidea egon badagoelako: «Jadanik ez erabat, baina oraindik parte handi batean bai, gure esku dago murgildu garen ezezagunerako bidaia hau ahalik eta hobekien joatea, izango diren astinaldiak ahalik eta gehien gutxituz eta haietara egokituz».

Berria, Elkar eta Jakinen elkarlanaren emaitza da Aleka bilduma. Gaurkotasun gaiak lantzen dituen bildumako hamargarren zenbakia da Petxarromanena.

AURKIBIDEA