Asteartea, 2024ko martxoak 19
Gora joan

Jakin 219

Jakin 219
Erlazionatutako albistea

Jakin 219: Nazioak, estatugintzak, kulturak eta subiranotasunak jositako artikuluak

Jakin 2017-05-09

Jakinen 219. zenbakia urteroko artikulu solteen zenbakia da, baina nahi gabean  ‘monografikoa’ bihurtu da. Nahi gabean bai, baina ez kasualitatez. Nazioa, nazionalismoa, estatua, estatugintza, hizkuntza, kultura, demokrazia eta subiranotasuna kontzeptuen inguruan jarduten baitute aldizkariak jasotzen dituen lau artikuluek. Eta hori ez da kasualitatea, une honetan eztabaidagai ditugun gaien isla direlako laurak. Bakoitza bere ertzetik, baina ziri berean metatuta: Humboldt antropologo alemaniarraren Euskal Herriko bidaiari heldu dio Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko filosofia irakasleak; Haritz Azurmendi filosofia lizentziadunak nazioaren eta estatuaren harremanaz hausnartu du; Julen Zabalo eta Onintza Odriozola EHUko irakasleek nazioaz eta demokraziaz aritu dira; eta Iñaki Lasagabaster EHUko administrazio zuzenbideko katedradunak Hego Euskal Herriko administrazioak aztertu ditu, autogobernuaz, subiranotasunaz nahiz eskumenen garapenaz hitz egiteko, besteak beste. Bakoitza bere esparrutik, baina  elkarrizketan. Nahi gabean, baina ez kasualitatez.

Aldizkaria Irakurri
PDF Deskargatu
Papera 14,00 €
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu
Gaiak sailean, lau artikulu datoz, gai hauen inguruan: Humboldten nazioari eta hizkuntzari buruzko gogoetak (Iñaki Zabaleta Gorrotxategi), naziogintza eta estatugintzaren erlazioak (Haritz Azurmendi), demokrazia kontzeptua euskal nazionalismoaren diskurtsoetan (Julen Zabalo eta Onintza Odriozola) eta autogobernuari buruzko hausnarketa (Iñaki Lasagabaster).
GAIAK

Humboldten euskal nazioaz

Humboldten nazioari eta hizkuntzari buruzko gogoetak aztertzen dira: haren helburua ‘euskal nazioa’ bere singulartasunean ezaugarritzea da, eta, horretarako, ezinbestekoa ikusten du ‘euskal hizkuntza’ horren euskarri eta gako bezala ulertzea.

Naziogintzaren ataka berria. Estaturik gabeko naziogintza eta naziorik gabeko estatugintza

Azken mendeetan batera joan diren naziogintzaren eta estatugintzaren irakurketa bat egiten da, batez ere autore klasikoetan oinarrituz; ondoren, sintesi horren arazoak azaldu eta bi prozesuek autonomoki izan ditzaketen bideei buruz gogoeta laburra egiten da.

Eredu aldaketa euskal nazionalismoan? Demokrazia kontzeptuaren garrantzia

Azken urteotan demokrazia kontzeptuak euskal nazionalismoaren diskurtsoetan hartu duen pisuaz egiten da gogoeta eta diskurtso abertzaleek etorkizunean izan lezaketen bilakaera jartzen da mahai gainean.

Autogobernuaren teoria eta praktikari buruzko hausnarketa

Gobernu, autogobernu, forutasun, autodeterminazio eskubide, estatuen aintzatespen eta erabakitzeko eskubideari eusten dioten printzipioak aztertzen dira, eta bereziki EAEko eta Nafarroako autogobernuaren bilakaera, eskumenen garapena, autonomiaren aurrerapena eta egungo egoera.

Egunen Gurpilean
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu