Astelehena, 2024ko maiatzak 20
Gora joan
Menua

LUHUSO: ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna

Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai, Beatrice Molle eta Michel Tubiana, Frederique Espagnac, Max Brisson, Jakes Bortairu, Joseba Aurrekoetxea, Rufi Etxeberria, Ram Manikkalingam, David Pla... daude elkarrizketatuen artean

2017-12-04

Aietetik Baionarako kontakizuna egin du Enekoitz Esnaola kazetariak Aleka bildumaren Luhuso, ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburu berrirako, mugarriz mugarri. Euskal gatazkan bakegintzarako mugarri izan baitzen Aiete: jarduera armatua utzi zuen ETAk. Luhuso ere izan zen gogoangarri: haren armagabetzearen lehen ekinaldia izan zen. Eta hurrengo mugarria, Baiona: guztiz desarmatu zela iragarri zuen ETAk, 2017ko apirilaren 8an; Aieteko bake konferentziatik bost urte eta erdira. Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera ikusita, eta saioak saio, ETAk azkenerako gizarte zibilari eman zion armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa, eta, lan kolektibo eta iraunkor bat eginez –batik bat, Ipar Euskal Herrian–, Frantziarekin hitzartu zen. «Armagabetzearen euskal eredua», deitu diote.

Bide horretan lekuko nahiz kide izan ziren herritarrak eta adituak elkarrizketatu ditu Esnaolak, Aietetik Baionarako bidea urratzeko. Elkarrizketatuen artean daude Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai, Beatrice Molle eta Michel Tubiana bakegileak; alderdi politikoetatik PSko Frederique Espagnac eta Sylviane Alaux, LRko Max Brisson, EH Baiko Jakes Bortairu, EAJko Joseba Aurrekoetxea eta Sortuko Rufi Etxeberria; erakundeetatik Ram Manikkalingam NEBeko ordezkaria, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Alvaro Baraibar Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusia; eta David Pla Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea, besteak beste. Baina, kontakizunetik haratago, ikerketa lana ere bada liburua, orain arte kontatu gabekoak ere jasotzen dituelako protagonisten eta adituen ahotsean.

'Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu' ikastaroa urtarriletik aurrera

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egingo da 2018ko urtarriletik maiatzera. Itxaron zerrenda zabalik da.

2017-11-19

UEU, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea eta Jakin elkar hartuta datoz ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastaroa eskaintzeko. 2018ko urtarriletik maiatza bitarte Mari Luz Esteban, Amelia Barquín, Miren Artetxe, Aizpea Otaegi, Jaime Altuna, Ane Labaka, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre pasako dira Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxetik.

Joseba Intxausti historialari eta jakinlariaren obra osoa sarean

Egilearen 504 dokumentu digitalizatu, eta sareko atarian ipini ditu denon eskura Jakinek

2017-11-15

Joseba Intxaustiren obra osoa digitalizatu du Jakinek: sei hamarkadez argitaratutako egilearen 504 dokumentu. Aitzindaria izan da euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan, eta baita euskararen terminologiaren arloan ere. Esaterako, oso gazte zela eta Jakin sortu berritik garbizalekeriari aurre egitera ausartu zen, eta UZEIren sorrera bultzatu eta zuzendu zuen. Jakin aldizkariaren zuzendaria izan zen 50ko hamarkada bukaeran. Bere lan guztiak eta berari egindako elkarrizketa luzea duzue hemen.

Jakin 221-222: 'Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean'

Jakin Jardunaldian aritutako 11 hizlarien edukiak osatuta ekarri ditugu aldizkari bikoitzera

2017-11-02

Jakin aldizkariaren 221-222. zenbaki bikoitza kalean da 'Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean' izenburupean. Izan ere, UEU eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, Jakin Jardunaldia egin genuen uztailean eta 11 hizlari aritu ziren lau tasun horien harremanaz gogoetan, elkarguneko feminismoaren pentsamendutik eta praktikatik abiatuta. Gogoeta horiek autoreek eurek osatuta ekarri ditugu orain paperera. Izan ere, «hizkuntzen arteko harremana, klase sozialen artekoa, generoen artekoa eta migrazioaren baitakoak bizikidetzaren jokalekuan jokatzen dira, eta horien nolakotasunak herria egiteko geure moduez zerbait esaten digu», Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariaren hitzetan.

Pentsamendua eta praktika, beraz. Hala aritu ziren hizlariak, norbere jakintza eta esperientziatik. Eta horietatik lauri, espresuki, antropologian ‘bizi ibilbidea’ deitzen zaion norberaren esperientziaren eta ikuspegiaren kontakizuna egitea eskatu zitzaien. Egileen artean daude Mari Luz Esteban, Amelia Barquín, Ignazio Aiestaran, María Reimóndez, Itziar Gandarias, Petra Elser, Tarana Karim, Jessica Chalampuente, Aminata Diop Seck, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre.

2017-10-29

Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza. Ekialde Hurbila bertatik bertara ezagutu duten hiru kazetari elkartu ditu Jakin, Berria eta Elkarren Aleka bildumak maparen gibelean dagoena azaleratzeko: Ekialde Hurbileko gatazken muina non dagoen ulertzeko, jatorriei eta ondorioei erreparatzeko, gatazken ertzak erdialdera ekartzeko, egungo egoera aztertzeko. 2011ko Udaberri Arabiarrak dira abiapuntua, baina ezinbestean egiten dute hirurek denboran nahiz espazioan jauzi. «Bakoitzarekin bide bat egingo dugu, zeharkaldi bat, bertatik bertara, eta, kazetaritza eredugarrian, kontakizunekin eta lekukotasunekin, ñabardurez osatutako argazki bat atera dute, kaleidoskopio batetik bezala begira dezagun, dena ez baita zuria ala beltza”. Kristina Berasain kazetari eta liburuaren koordinatzaileak dio hitzaurrean.