Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 27
Gora joan
Menua
Eskafandra bilduma

'Caliban eta sorgina': erresistentziaren historia luze baten memoria

Silvia Federici irakasle eta militante feministaren saiakera itzuli dute Edurne Lazkano eta Aitor Arrutik

2017-11-30

«Esker on handiz egin dut Caliban eta sorginaren euskarazko edizio honetarako sarrera, eta XVI. nahiz XVII. mendeetako sorgin-ehizak –liburuaren ardatzetako bat– aztertzeko hain garrantzitsua izan den lurraldean zabaltzen irudikatu dut».

Silvia Federici irakasle eta militante feministaren hitzak dira, Eskafandrak euskaratutako Caliban eta sorgina. Emakumea, gorputza eta metatze primitiboa (Caliban and the Witch. Women, The Body and Primitive Accumulation, 2004) libururako propio idatzitakoak. Bere ikuspegiak gurean ere oihartzuna izan dezan nahi baitu Federicik, eta ez alferrik. Eskafandrak bezalaxe. Oraindik ere indarkeria hura zuzenetsi zutenen begietatik begiratzen ditugulako sorginak, emakumeak. Inkisidorearen begietatik. Aski da Zugarramurdiko kobetara joatea horretaz jabetzeko: «Akusatutako emakumeen patu ikaragarria turistak erakartzeko ikuskizun bihurtu da, eta sexismo eta arrazakeriaz betetako inkisidoreen ikuspuntua irudikatzen duten irudi estereotipikoak sustatzen dira». Emakume zatar eta okertuak, maltzurrak, baztertuak, zoroak, janzkera bitxi eta arrotzekoak.

Inkisidoreen begiradari erreparatzeak badu horregatik garrantzia, Federiciren ustez. Begirada horren atzealdeak erakusten duelako sorginen iruditeriaren aurrealdea. Emakume horien aurkako jazarpen basatiaren arrazoiak, alegia. Botere talka betean eman baitzen sorgin-ehiza, Federiciren saiakerak agerian uzten duenez. Feudalismotik kapitalismorako trantsizioan, Europako eta Mundu Berriko kolonizazioan. Eta horren baitan eta ondorioz gertatu zen sorginen kontrako jazarpena: «Deabruaren aurka borroka egitearen izenean, harreman kapitalisten aurrerabidearekin bat ez zetozen subjektu eta praktiken mundua suntsitu zuen sorgin-ehizak». Eta jazarpen hark emakumeak izan zituen bereziki jomuga. Harreman eta jabego komunalak desagerraraziz eta lan-eredu berriak ezarriz, emakumearen esplotazioa funtsezkoa izan zelako metatze kapitalistan. Baita gaur egun ere.

Horregatik, ikuspegi eta azterketa ildo horrek balio du gaur egunerako:

«Kapitalismoaren progresibotasunaren mitoa erakutsita, egiaztatzen du giza bizitzaren debaluazioa eta bortxazko harreman hierarkikoak sortzea txertatuta daudela gizarte kapitalistaren logikan eta, hedaduraz, ekoizpen kapitalistaren parametroak desafiatu gabe uzten dituen gizarte-bizitza eredu guztietan».

Kapitalismoak gaur egun ere, orain lau mende bezala, jarraitzen duelako emakumeen kontrako indarkeria ezartzen, gorputzak kontrolatzen, ordaingabeko erreprodukzio-jarduerak debaluatzen nahiz txirotze masiboak sustatzen. Garapen kapitalistaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren genealogia bat da horregatik saiakera hau.

Bada, beraz, sorginen inguruko begiradari begiratzeko tenorea. Are gehiago sorgin-ehizekiko interesa berpizten ari den honetan, Federiciren hitzetan. Gainera, non eta Euskal Herrian, basakeria horien lekuko izan zen lurraldean. Turismoa erakartzeko baliatzen dugun herrian. «Belaunaldi gazteagoen artean erresistentziaren historia luze baten memoria biziberritzen ere saiatu naiz, memoria hori desagerrarazteko arriskuan dagoenez gaur egun». Bide horri heldu dio Eskafandrak, Elkarrek eta Jakinek sustatzen duten bildumak. Edurne Lazkano eta Aitor Arruti itzultzaileek ekarri dute euskarara, eta Federicik berak propio idatzitako aurkezpenarekin dugu orain denon eskura. Gurean ere hain berariazkoa izan dugun emakume eta sorginen erresistentzia haren memoria biziberritzeko eta zabaltzeko.