Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan
Menua
ALEKA BILDUMA

LUHUSO: ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna

Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai, Beatrice Molle eta Michel Tubiana, Frederique Espagnac, Max Brisson, Jakes Bortairu, Joseba Aurrekoetxea, Rufi Etxeberria, Ram Manikkalingam, David Pla... daude elkarrizketatuen artean

2017-12-04

Aietetik Baionarako kontakizuna egin du Enekoitz Esnaola kazetariak Aleka bildumaren Luhuso, ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburu berrirako, mugarriz mugarri. Euskal gatazkan bakegintzarako mugarri izan baitzen Aiete: jarduera armatua utzi zuen ETAk. Luhuso ere izan zen gogoangarri: haren armagabetzearen lehen ekinaldia izan zen. Eta hurrengo mugarria, Baiona: guztiz desarmatu zela iragarri zuen ETAk, 2017ko apirilaren 8an; Aieteko bake konferentziatik bost urte eta erdira. Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera ikusita, eta saioak saio, ETAk azkenerako gizarte zibilari eman zion armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa, eta, lan kolektibo eta iraunkor bat eginez –batik bat, Ipar Euskal Herrian–, Frantziarekin hitzartu zen. «Armagabetzearen euskal eredua», deitu diote.

Bide horretan lekuko nahiz kide izan ziren herritarrak eta adituak elkarrizketatu ditu Esnaolak, Aietetik Baionarako bidea urratzeko. Elkarrizketatuen artean daude Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai, Beatrice Molle eta Michel Tubiana bakegileak; alderdi politikoetatik PSko Frederique Espagnac eta Sylviane Alaux, LRko Max Brisson, EH Baiko Jakes Bortairu, EAJko Joseba Aurrekoetxea eta Sortuko Rufi Etxeberria; erakundeetatik Ram Manikkalingam NEBeko ordezkaria, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Alvaro Baraibar Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusia; eta David Pla Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea, besteak beste. Baina, kontakizunetik haratago, ikerketa lana ere bada liburua, orain arte kontatu gabekoak ere jasotzen dituelako protagonisten eta adituen ahotsean.