Astelehena, 2024ko maiatzak 20
Gora joan
Menua

Txillardegiren obra osoa digitalizatuta

Pentsalari eta eragile donostiarraren ia 2.000 dokumentu digitalizatu ditu Jakinek, eta guztiak www.jakin.eus/txillardegi atarian kontsultatu daitezke

2017-05-23

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012), euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan baitzen Euskal Herrian, politikaren nahiz kulturaren esparrutik. Horregatik erabaki du Jakinek bere obra osoa bilatu, arakatu, txukundu eta digitalizatzea, eta sareko atari bereziarekin herritar guztien eskura paratzea. Ia 2.000 dokumentu, guztira.

Txillardegik esku artean eduki ez zuen bere liburua

Jakinek Txillardegiren 'Eta ez ziren sekula itzuli' ipuina topatu du, eta laster abian izango de pentsalari donostiarraren atarian egonen da kontsultagai

2017-05-18
'Eta ez ziren itzuli' Txillardegiren ipuina

Euskaraz baino lehen flandrieraz jaio zen Txillardegiren Eta ez ziren sekula itzuli ipuina. Niet een keert terug zuen izenburu, eta egurrezko kaxa baten barruan beste hiru liburuxkarekin batera argitaratu zuen 1968an, Bruselan zela. Frankismotik ihesi sei urte baitzeramatzan ordurako atzerrian Txillardegik. Branka aldizkaria argitaratzen, baina ezin literatura idatzi, harik eta Anberesko Valère Depauw flandriar abertzalearen gonbita jaso zuen arte. «Burutazio hau izan zuen halako batez: lau nazio zapalduetako idazle bana hautatu behar zirela; eta, batera argitara behar zirela. Flamenkeraz, lauak, hasteko; eta gero beste hiruretan», azaldu zuen Txillardegik. 1976an itzuli zen Euskal Herrira, baina geroztik arrastorik ez zuen liburuxkaz. Jakinek, ordea, topatu du Belgikako Westerlo hiriko in't Profijtelijk Boeksken liburu dendan. Erbestetik etxera ekarri du Jakinek. Irakurri:

Jakin 219: Nazioak, estatugintzak, kulturak eta subiranotasunak jositako artikuluak

Urteroko artikulu solteen zenbakia da Jakinen 219. aldizkaria, eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategi, Iñaki Lasagabaster, Haritz Azurmendi, eta Julen Zabalo eta Onintza Odriozolaren artikuluek osatzen dute

2017-05-09

Jakinen 219. zenbakia urteroko artikulu solteen zenbakia da, baina nahi gabean  ‘monografikoa’ bihurtu da. Nahi gabean bai, baina ez kasualitatez. Nazioa, nazionalismoa, estatua, estatugintza, hizkuntza, kultura, demokrazia eta subiranotasuna kontzeptuen inguruan jarduten baitute aldizkariak jasotzen dituen lau artikuluek. Eta hori ez da kasualitatea, une honetan eztabaidagai ditugun gaien isla direlako laurak. Bakoitza bere ertzetik, baina ziri berean metatuta: Humboldt antropologo alemaniarraren Euskal Herriko bidaiari heldu dio Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko filosofia irakasleak; Haritz Azurmendi filosofia lizentziadunak nazioaren eta estatuaren harremanaz hausnartu du; Julen Zabalo eta Onintza Odriozola EHUko irakasleek nazioaz eta demokraziaz aritu dira; eta Iñaki Lasagabaster EHUko administrazio zuzenbideko katedradunak Hego Euskal Herriko administrazioak aztertu ditu, autogobernuaz, subiranotasunaz nahiz eskumenen garapenaz hitz egiteko, besteak beste. Bakoitza bere esparrutik, baina  elkarrizketan. Nahi gabean, baina ez kasualitatez.

Generoa aztergai, uztailaren 31 arte zabalik Martin Ugalde beka

Egunkaria eta Berria euskarazko egunkariek genero gaietan izan duten eragina ikertzeko bide emango du. Irabazleak 8.000 euroko dirusaria jasoko du

2017-05-09

Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, Martin Ugalde bekaren deialdi berria egin dute 2017rako. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du bi urtean behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera, eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera. Aurtengo gaiak Egunkaria eta Berria euskarazko egunkariek genero gaietan izan duten eragina ikertzeko bide emango du. Proiektu aukeratuak 8.000 euroko dirusaria jasoko du, eta urtebete izango du irabazleak proiektua garatzeko. Lana idatzizkoa nahiz ikus-entzunezkoa izan liteke. Proiektuak aurkezteko epea uztailaren 31 arte izanen da zabalik.

2017-04-21

Liburuaren egunaren karietara, euskarazko liburuaren argazkia ekarri du gogora Jakinen Liburu Behatokiak. 2016ko datuen faltan, ekoizpena errekuperatzeko bidean dela pentsa liteke, 2015ean %8 hazi baitzen euskal liburugintza, mende berriko daturik onenetakoa erdietsiz. Euskarazko liburuaren bizitzak, ordea, laburra izaten jarraitzen du, eta hezkuntza eta irakaskuntza arloko liburuek bereganatzen dute ia ekoizpenaren erdia, %42. Gainera, hezkuntza eta irakaskuntza arloko liburuen 10etik 6 kanpoko argitaletxeek ekoizten dituzte. Datu kezkagarria, hezkuntza proiektu gehienak kanpoan diseinatzen direla ondoriozta liteke-eta, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Jakinen inguruko lau ikus-entzunezko osatuko dituzte EHUko ikasleek

Jakinlarien historia, abertzaletasuna, nazioa eta estatugintza, eta emakumeak eta literatura gaiak landuko dituzte

2017-04-19

EHUko Ikus-entzunezko Beatriz Zabalondo irakaslearen lau ikaslek Jakin aukeratu dute gradu amaierako lana egiteko. Jakinen historian nahiz aldizkarian izandako eztabaidetan sakonduko dute, eta bakoitzak ikus-entzunezko bana osatuko du: Itsaso Garin ikasleak Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Joan Mari Torrealdai eta Paulo Agirrebaltzategi jakinlarien inguruko pieza osatuko du, eta elkarrizketak egiten hasi da horretarako; Olatz Lasa ikasleak, berriz, Abertzaletasuna lehen eta orain: nola bizi dute belaunaldi desberdinek ikus-entzunezkoa egingo du; Leire Ikaran ikasleak, bestalde, emakumeak eta literatura gaia landuko du 1987an Jakinen argitaratutako izen bereko monografikoa abiapuntu hartuta; eta, azkenik, Peru Arrasate ikasleak Naziogintzatik estatugintzara izenburupean landuko du gradu amaierako lana.