Asteazkena, 2020ko uztailak 15
Gora joan
Menua

Euskal pentsamenduaren ur‐jauzia
Joxe Azurmendi Kongresua

Euskal pentsamenduaren ur-jauzia

Aurkezpena

«Sinesten dudalako ur-jauzi sisteman», hala esan zuen behin Joxe Azurmendik bere saiakeren zergatiaz galdetuta. «Nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta bere ideiak martxan jartzen dira. Horrek ez du beste saiakera bat idatziko, baizik nobela bat idatziko du. Orduan, ideia hauek ur-jauzi modura iritsi egiten dira iritsi behar duten tokira. Hau da nire esperantza behintzat».

Esperantza horrekin idatziak ditu 40 liburu eta 500 artikulutik gora, azken mende erdiko Euskal Herriaren eta mundu aldakorraren lekuko izan direnak. Bere obrak gizaberearen, kulturaren, nazioaren, pentsamendu sozialaren... esparruak bustitzen ditu, eta erreferentzia dira euskarazko pentsamenduan.

Esparru horietako 50 aritutik gora (adituak eta hasiberriak) bildu zituen Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuak Donostiako San Telmo Museoan, 2019ko abenduaren 11tik 13ra. UPV/EHUren, Jakinen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarlanari esker egin ahal izan zen kongresua, eta, Azurmendik ekarritako urek martxan jarritako ideietatik abiatuta, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egin ziren. Horiek dira orain atal honetan jaso direnak, bideo formatuan eta artikulu bihurtuta. Ur-emariak bere bidea egiten jarrai dezan.