Harkaitz Canok, urtearen kultur balantzea osatzerakoan, kultur buruaskitasunaren aldeko aldarria egiten du. Kulturgintzako hainbat esparru zeharkatzen ditu bere azterketak: erakundeen eta sortzaileen arteko mesfidantzak, kultur politika ereduak, literatura eta liburugintza, memoriaren ‘moda’, zinemagintza, telebista...
Joan Mari Torrealdaik, aurreko urteetan egindakoaren ildo beretik, 2013an euskaraz argitaratutako liburuen azterketa aurkezten du. Honako alderdi hauek landu ditu: lehenik, liburu produkzioaren zifren iturriak; bigarrenik, argitalgintzari dagokionez, liburu ekoizleen izaera eta aniztasuna, argitaletxe emankorrenen aipamena eta kanpoko eta bertoko argitaletxeen ekoizpenaren konparaketa; hirugarrenik, argitalpenaren zenbakien inguruan, argitaratutako tituluen zifrak eta nobedadeak eta berrargitalpenak; eta, azkenik, gai multzoen sailkapenari buruzko datuak eta azterketa.
Gerardo Luzuriagak eta Roberto Kerexetak, 2007an, 2009an eta 2011n argitaratutako hiru artikuluri jarraipena emanez (‘Liburutegi digitalak’, Jakin 160; ‘Euskal liburutegi digitalak: 2007-2009’, Jakin 172; ‘Euskal digitalizazioa 2009-2011’, Jakin 185), azken bi urteotan Euskal Herriko liburutegi digitalen panoraman agertu diren proiektu berriak aurkezten dituzte, horien helbide elektronikoak eta ezaugarri nagusien deskribapena erantsiz.