Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Jakin 200. 2014

Jakin 200.  2014
Aldizkaria Irakurri
PDF Deskargatu
Papera 14,00 €
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu
Historia bizia sailean, Luis Iriondo kultur eragile polifazetikoa elkarrizketatu du Imanol Murua Uriak. Elkarrizketa osatuz, Iriondoren ibilbideko alor batzuk jorratu dituzte Joxemari Iriondok (1960ko hamarkadako euskal musika berriaren hastapenak), Josu Martinezek (euskarazko film-dokumental laburren Ikuska saila) eta Estitxu Garaik (euskarazko publizitatearen aurrerapena 1960-1975 aldian).
ZUZENDARIAREN HITZAK
HISTORIA BIZIA

Luis Iriondori elkarrizketa

Luis Iriondo kultur eragile polifazetikoa elkarrizketatu du Imanol Murua Uria kazetariak. Iriondoren bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu elkarrizketak: haurtzaroa Azkoitian; gerra garaiko eta gerraosteko oroitzapenak; ikasketak mojekin eta salestarrekin; 13 urterekin Banco de Vizcayan lanean; Londresko egonaldia; Kontrapuntoak boskotearen sorrera eta ibilbide arrakastatsua; gabon kanten konposizio lanak; hainbat musikari eta kantariren sustatzaile lanak; literatura eta musikari buruzko kazetaritza lanak, prentsa idatzian zein irratian; Laboral Kutxan marketing, harreman publiko eta publizitate arduradun izanik euskarazko publizitatean egindako urratsak; zinema industriala ekoiztetik Ikuska sailaren sustapenera; aktore eta soinu-banden musikagile lanak zineman; Carlos Garaikoetxearen eta aurrerago Jose Antonio Ardanzaren gobernuetan, komunikazio, harreman publiko eta protokolo arloan aholkulari gisa izandako esperientzia; Euskal Telebistaren sorreran lehenengo zuzendaria izendatua...

Euskal musika giroa 1960ko hamarkadan

Joxe Mari Iriondok 1960ko hamarkadako euskal musika berriaren hastapenak aztertzen ditu: Nemesio Etxaniz apaizaren lana eta ekarpena, Robles-Arangiztarrak eta 50eko hamarkada amaierako euskal kantugintza berriaren Bilboko eta Bizkaiko mugimendua, Mixel Labegerie eta Iparraldeko kantu giroa, Lourdes Iriondoren agerpen harrigarria, Mikel Laboaren lehen urratsak, hainbat eta hainbat kantariri euskal irratietan egindako grabaketak, dantzalekuetako euskal taldeak, otxoteen lehiaketak...

Ikuska saila: ostarte bat laino itsasoan

Josu Martinezek euskarazko film-dokumental laburren Ikuska sailaren historia osatzen du. 1978tik 1984ra bitartean Lan Kide Aurrezkiak eta Bertan Filmeak etxeak ekoitzitako dokumental sorta hori Euskal Zinema Nazionala sortzeko saiakera interesgarri bezain ezezaguntzat jotzen du Martinezek. Artikuluan zehar, Ikuska sailaren sorrera, helburuak, lan dinamika, euskararen tratamendua, emanaldi publikoak eta tituluen katalogoa aztertzen dira.

Euskarazko publizitatea: sasi artean sustraitzen (1960-1975)

Estitxu Garaik 1960ko hamarkadatik aurrera euskarazko publizitatearen esparruan egindako aurrerapenak aztertzen ditu, urte horietan agertzen hasi baitziren, gerrak eta frankismoak ezarritako etenaldiaren ondoren, publizitate modernoaren euskarazko ernamuinak. Garairen aburuz, Loiolako Herri Irratia eta Zeruko Argia aldizkaria izan ziren urte horietan euskarazko iragarkigintzaren publizitate-euskarri aipagarrienak, Lan Kide Aurrezkiak egindako ekarpen azpimarragarriarekin batera.

Egunen Gurpilean
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu