Iaz zendu zen Joseba Intxausti Jakinen sortzaile eta zuzendari ohiari omenaldi sentitua egin diote bere jaioterrian, Seguran. Lehenik, bere lanarekin egindako ekarpena gogoratu dute Paulo Agirrebaltzategik, Joseba Agirreazkuenagak eta Nekane Goikoetxeak. Hurrenez hurren, bere ibilbide bio-bibliografikoa, ikerketa historikoan egindako ekarpena eta euskararen historia sozialean jarritako mugarriak izan dituzte hizpide. Jarraian, herriko plazan ekitaldi ederra eskaini zaio, ordezkariek, etxekoek eta herriko kultur eragileek osatua. Berak abiatutako bidea jarraitzeko premia eta desioa aipatu dute denek ere.