Ostirala, 2024ko ekainak 21
Gora joan
Menua

JMT bekaren oinarriak 2024

2024-05-30

Joan Mari Torrealdai Beka kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko sortu da, bereziki Joan Mari Torrealdaik jorratu izan dituen esparru nagusietan. 2024ko bigarren edizio honetan, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak deialdia egin dute hemen zehazten diren oinarriekin:

1. 2024ko beka deialdiaren gaia “Euskal kultura azterketa gaur” izango da:

Laster beteko dira 50 urte Joan Mari Torrealdaik bere liburugintza azterketa abian jarri zuela, eta harrezkero urtero berritu du Jakinek. Ideia argi bat zeukan abiapuntuan: liburugintza aztertuz euskal kulturaren eta gizartearen egoeraz eta nolakotasunaz ondorio esanguratsuak atera zitezkeela, horietatik kultur politikak irudikatu eta abian jartzeko. Mende erdia igarota, ideia berbera errekuperatu nahi du aurtengo deialdiak, eta gaur egunera aplikatu. Horrela, aurtengo gaiak bi ildo nagusi proposatzen ditu:

Liburugintza azterketa bera berrikustea. zertan da liburugintza azterketa gaur egun? Ze berrikuspen metodologiko eskatzen ditu bost hamarkada eta gero? Ze ekarpen egin dezakete Humanitate Digitalek halako ikerketetan eta datuen trataeran? Zer esaten digu bost hamarkadaz bildutako datu-segidak? Produkzioaz harago, nolakoa da euskarazko liburuaren zirkuitua? Eta kontsumoa? Hari-mutur horiei eta gehiagori tira diezaieke proposamenek.

Azterketa eredua beste arloetara zabaltzea. Liburugintzaz gain bestelako adierazpenak ere ugaritu egin dira, ordea. Hori aintzat hartuta, proposamenek Joan Mari Torrealdaik liburugintzan egin zuen azterketaren izpiritua eraman dezakete euskarazko kultur produkzioaren beste arlo batera: sareko eduki sorkuntzara, zinemagintzara, musikara, arte eszenikoetara… Kultur ikerketa soziologikoaren eredu horrek ze argi eman dezake gainerako arloetara aplikatuz gero.

2. Bekaren bitartez egindako gogoeten edo ikerketen emaitzak askotariko formak izan ditzake: liburua, ikus-entzunezkoa, webgunea, erakusketa…

  • Bekaren baitan egiten den lana euskarazkoa izango da.
  • Emaitza dibulgazioari begirakoa izango da eta garrantzi berezia emango zaio lana gizarteratzeko egokitzeari.

3. Deialdira banaka edo taldean aurkez litezke parte hartzaileak. Horretarako emailez bidali beharko da eskakizuna jmtbeka@jakin.eus helbidera.

  • Eskakizunak honako bi dokumentuak izango ditu:
    • Eskatzailearen datuak: izen-abizenak, helbidea, e-maila, telefonoa, proiektuaren izenburua
    • Ikerketa-proiektua
  • Eskakizunak bidaltzeko azken eguna 2024ko urriaren 21a izango da.

4. Ikerketa-proiektua IZENGABEA izango da eta ezaugarriok izango ditu:

  • Proiektuaren atalak hauek izango dira:
    • Izenburua
    • Lanaren ikerketa esparrua eta helburua
    • Eskatzaileak edo eskatzaile-taldeak gaiarekin duen harremana eta motibazioa
    • Aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera
    • Materialak, baliabideak eta lan metodologia
    • Lana garatzeko kronograma
    • Aurreikusitako emaitza, euskarria eta dibulgazio asmoak
  • Gehienez ere 12.000 karaktereko luzera izango du eta euskaraz idatzia egongo da.

5. Proiektuak aztertuko dituen epaimahaia deitzaileek aukeratutako bost adituk osatuko dute.

  • Balorazio prozesua itsua izango da, epaileek ez dute jakingo proiektuen egileak zein diren.
  • Baloratzeko erabiliko diren irizpideak hauek izango dira:
    • Proiektuaren originaltasuna, erakargarritasuna
    • Ikerketak gizartean izan dezakeen eragina eta interes soziala
    • Proiektuaren egingarritasuna
    • Zehaztasun eta egokitasun maila
    • Proiektuak genero-berdintasuna sustatzea
  • Epaimahaiaren erabakiaren arabera aukeratuko dute deitzaileek bekaren irabazlea. Erabakia deialdia itxi eta hilabetera jakinaraziko da.
  • Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete deitzaileek.

6. Epaimahaiak aholkua eman ahalko dio irabazleari, proiektua osatu eta hobetze aldera. Irabazleak konpromisoa hartu beharko du aholku horiek aintzat hartzen saiatzeko.

  • Era berean, deitzaileek prestasuna adierazten dute eskura dituzten informazioak irabazlearen eskuetan jartzeko, ikerlana gauzatu ahal izateko.

7. Bekaren irabazleak 14.000 euro jasoko ditu lana egiteko. Diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, ikerketaren emaitza entregatu eta epaimahaikideek onespena emandakoan.

8. Irabazleak izendapena jaso eta 18 hilabeteko epea izango du lanaren emaitza antolatzaileei helarazteko.

  • Irabazleak lana entregatuko ez balu, edo haren izaera eta kalitatea, epaimahaikideen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaskarragoak balira, irabazleak itzuli egin beharko luke jasotako dirua.

9. Izendapena jaso eta 9 hilabetera, irabazlea epaimahaikideekin eta antolatzaileekin bilduko da.

  • Bilera horretan, irabazleak ordura arte egindako lana aurkeztu beharko du, proposatutakoa behar bezala betetzen ari dela eta egindako lanak behar besteko kalitatea duela erakusteko.
  • Lanaren lagin bat ere aurkeztu beharko du, azken emaitzaren zirriborro modura.

10. Diru laguntza jasotako lanaren jabetza intelektuala egilearena izango da. Bekatik erator litekeen euskarriaren jabetza antolatzaileena izango da, eta egile eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkiote egileari, euskarriaren nolakotasunari dagokionaren arabera.

11. Egindako lanaren zabalkundea eta dibulgazioa helburu, antolatzaileek bere gain hartuko dute horren gizarteratzea, beti ere bi aldeen artean adostuta.

  • Egoki ikusiko balitz, Usurbilgo Udalak gizarteratze hori diruz lagun dezake, beti ere horretarako duen aurrekontuaren arabera.
  • Gizarteratze ekimen guztietan beka aipatuko da, eta bekaren, Udalaren eta Jakin fundazioaren logoak erabiliko dira.

12. Beka deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horiek ulertzeko zalantzarik balego deitzaileei dagokie erabakitzea.