Larunbata, Igandea, 2024ko maiatzak 18
Gora joan
Menua

[Podcast] Torrealdaik euskalgintzari emandakoaz

Dabid Anautek Torrealdairen euskalgintzaz idatzitakoa laburbildu du irrati erreportajean

2020-12-21

Euskalgintzari Joan Mari Torrealdaik egindako ekarpena aztertu du Dabid Anaut euskara teknikari eta euskalgintzako ekintzaileak Jakinen 240. zenbakian. Torrealdaik euskara ardatz eta motor izan zuela dio Anautek, eta hasiera-hasieratik garbi izan zuen euskarak edonorako izan behar zuela: «Euskara etxeko hizkuntza behar zuela bai, baina hori baino gehiago ere izan behar zuela garbi zuen: kulturarako, zientziarako..., leku guztietarako. Hasieratik izan zuen aspirazio hori». Horregatik, euskara batuaren alde egin zuen bere bizitza osoan zehar. «Euskara batuaren momenturik esanguratsuenetan egon da presente Torrealdai, erabateko konpromisoarekin».

Joan Mari Torrealdai gogoan zenbaki monografikoarekin eta atari digitalarekin

Torrealdairen obra osoa dago eskura sarean, eta bere ekarpena aztertzen du Jakinen 240. zenbakiak

2020-12-06

Joan Mari Torrealdai (1942-2020) jakinlariaren hutsunea bizi-bizi dugula, bere bizitza eta ekarpena ekarri nahi izan ditugu gogora. Alde batetik, Torrealdairen obra argitaratu guztia digitalizatu eta Jakinen Euskal pentsamendua atalean sareratu dugu, denon eskura egon dadin. Eta, bestetik, Torrealdai: euskara herri zenbaki monografikoa argitaratu dugu, bere ekarpena aztertu duten aditu eta adiskideekin: Dabid Anaut Peña, Garazi Arrula Ruiz, Imanol Murua Uria, Lourdes Otaegi Imaz eta Agurtzane Juanena Alustiza. Gainera, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi elkartu ditu Lorea Agirre Dorronsorok, Torrealdairen bizitzaz eta ibilbideaz jarduteko.

Torrealdai, Azurmendi eta pandemia Durangoko Azokan

Durangoko Azoka digitalaren bidez egingo da aurten salmenta

2020-12-04

Pandemiara egokitzeko, Durangoko Azokak sarearen bidez plazaratuko ditu aurtengo nobedadeak, abenduaren 4tik 8ra zabalik izango den denda digitalarekin. Bertan topatuko dituzue salgai Jakinen argitalpenak. Ekar dezagun Landakoko berotasuna plaza digitalera.

[PODCAST] Egiari bizkar emanda bizi gara

Egia-ostearen garaian gaudela dio Irati Zubia Landa filosofian graduatuak irratirako Jakingunea podcastean

2020-11-03

Egiarekiko interes eza gure garaiko ezaugarrietako bat dela dio Irati Zubia Landa filosofian graduatuak Jakinerako idatzi duen artikuluan. Egia-ostea deitutako garaian bizi baikara, dioenez. Kezkagarria da hori: «Egiarekiko axolagabetasuna dela medio, egiaren ahalmena galdu dugu, besteak beste duen ahalmen salatzailea. Galera handia da hori». Egiak deserosoak baitira maiz, eta horri esker ekar ditzakete gizarte aldaketak.

Egia, ordea, iritziarekin nahastuta eman ohi da, irrati tertulietan, esaterako, eta 'norbere egiei'  jaramon egiteko gero eta joera handiagoa dute herritarrek; sare sozialek are gehiago hauspotuta, besteak beste. Horregatik, klima aldaketa gertatzen ari dela jakin arren, auzi horri bizkarra eman eta geldiarazteko beharrezkoak diren neurriak hartu gabe jarraitzen dugula dio Zubiak, adibide gisa.

Hori guztia jaso du Miren Rubio Iturria Jakineko kazetariak Euskadi Irratiko Jakingunea atalerako osatu duen erreportajean. Entzun podcasta!

[PODCAST] Dena ez da distopia bat

Distopia zer den eta zer ez, horri buruz jardun du Alba Garmendia Castañosek Jakinguneko erreportajean

2020-10-28

Distopia hitza ahoz aho dabil. Telesailak, pandemiako egoerak... distopikotzat jotzen dira sarri. Baina dena jo liteke distopiatzat? Ezetz dio Alba Garmendia Castaños filosofian doktoregai eta utopia kritikoei buruzko ikasketetan aditua den Jakin-eko kolaboratzaileak. «Amaitzera doazen munduekin edo mundu apokaliptikoekin lotzen dugu distopia, denbora bukatzera doazen munduekin. Baina, distopiek ez dute zertan halako baldintzarik bete».

Horri buruz, distopia zer den eta zer ez, jardun du Garmendiak Euskadi Irratirako Miren Rubio Iturria kazetariak egin duen erreportajean. Hain zuzen ere, Egunen gurpilean egindako hausnarketak oinarri hartuta. Entzun!

2020-10-18

Pandemiaren osteko egoera distopikoari begiratzeko beste modu bat eskaini nahi du Jakin-en 239. zenbakiak Mario Zubiaga Garate, Arantza Etxeberria Agiriano, Joseba Azkarraga Etxagibel, Irati Zubia Landa, Joseba Gabilondo eta Harkaitz Canoren testuekin.