Joan Mari Torrealdai (1942-2020) jakinlariaren hutsunea bizi-bizi dugula, bere bizitza eta ekarpena ekarri nahi izan ditugu gogora. Alde batetik, Torrealdairen obra argitaratu guztia digitalizatu eta Jakinen Euskal pentsamendua atalean sareratu dugu, denon eskura egon dadin. Eta, bestetik, Torrealdai: euskara herri zenbaki monografikoa argitaratu dugu, bere ekarpena aztertu duten aditu eta adiskideekin: Dabid Anaut Peña, Garazi Arrula Ruiz, Imanol Murua Uria, Lourdes Otaegi Imaz eta Agurtzane Juanena Alustiza. Gainera, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi elkartu ditu Lorea Agirre Dorronsorok, Torrealdairen bizitzaz eta ibilbideaz jarduteko.
Gai nagusia sailean, Joan Mari Torrealdairen bizitza eta ibilbidea aztertu dute Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi Jakin Taldeko kide historikoek, batetik, eta Dabid Anaut Peña, Garazi Arrula Ruiz, Imanol Murua Uria, Lourdes Otaegi Imaz eta Agurtzane Juanena Alustizak, bestetik.
Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi Jakin Taldeko kide eta Torrealdairen gogaide, lankide eta adiskideek haren bizitza eta ibilbidea dakarte gogora: euskara batuaren borroka, liburugintzaren ikerketa, zentsuraren ikerketa, liburutegi nazionalaren ametsa, euskalgintzaren pentsaera eta babesa, euskal prentsaren sustapena...
Torrealdaik euskararen normalizazioaz eta euskalgintzaz zuen ikuspegia aztertzen da eta, horrekin batera, euskalgintzari egindako ekarpenaren berri ematen da.
Torrealdairen liburugintza eta argitalgintzari buruzko ikerketa soziologikoa aztertzen da haren idatzi eta esanen bidez, argi utziz motibazio filosofiko eta sozialak zituela haren proiektu linguistiko-kulturalak oinarrian. Zer ekarpen egin zituen ez ezik, nola egin zituen ere adierazten da.
Torrealdaik hedabideetan egindako ibilbidea eta hedabideei buruz egindako ikerketak aztertzen dira. Jakin eta Anaitasuna-n kazetari, idazle eta zuzendari izan da, Euskaldunon Egunkaria-n sustatzaile, eragile eta Administrazio Kontseiluko kide eta, ikertzaile gisa, euskarazko hedabideek 1960ko hamarkadatik aurrera izan duten bilakaeraren aztertzaile.
Euskal liburuaren zentsuraren alorrean Torrealdaik eginiko ekarpena aztertzen da; horretarako, haren arretagune nagusiak jorratzen dira, besteak beste, euskararen bazterketa, zentsura gubernamentala, idazleen autozentsura eta argitaletxeen bitartekotza labaina.
Torrealdaik Biblioteka Nazionalaren inguruan idatzia aztertzen da, gaurko testuingurura ekarriz eta Euskal Herriko zein atzerriko esperientzia arrakastatsuen berri emanez. Agerian uzten da Euskal Biblioteka Nazionalaren egingarritasuna eta premia.
Torrealdaik, 2015ean idatzitako testu autobiografiko honetan, kontaketa biografikoari heltzen dio lehen zatian, eta bigarrenean ibilbide intelektual eta ekintzaileari: kazetaritza, liburuari eta euskarari buruzko ikerketa soziologikoak, Euskaltzaindiaren inguruko lanak eta kulturaren transmisioa.