Gerediaga Elkarteak eta Jakinek Durangoko Azokan antolatutako ‘Gogoetaren plaza’ jardunaldietako saioak hasieratik bukaerara gurutzatu zituzten bi gai nagusiei buruz esandakoak biltzen dira: euskal kulturarentzako hitzarmen bat negoziatu eta adosteko beharraren ideia, eta euskal kulturaren ikusezintasunaren auzia.
Durangoko Azokaz hedabideek salmenta eta bisitarien kopuruen inguruan ematen dituzten zenbakietatik harago, zazpi lekukoren bizipenetatik abiatzen da Azokaren balio ukiezinei buruzko galderei erantzun batzuk jartzen hasteko: zer eman dio Azokak (euskal) hizkuntza, kultura eta identitateari? Zer diosku, gaur, transmisioaren ideiari buruz?
Joan Mari Torrealdaik, aurreko urteetan egindakoaren ildo beretik, 2014an euskaraz argitaratutako liburuen azterketa aurkezten du. Honako alderdi hauek landu ditu: lehenik, liburu produkzioaren zifren iturriak; bigarrenik, argitalgintzari dagokionez, liburu ekoizleen izaera eta aniztasuna, argitaletxe emankorrenen aipamena eta kanpoko eta bertoko argitaletxeen ekoizpenaren konparaketa; hirugarrenik, argitalpenaren zenbakien inguruan, argitaratutako tituluen zifrak eta nobedadeak eta berrargitalpenak; eta, azkenik, gai multzoen sailkapenari buruzko datuak eta azterketa.