Gerraosteko euskal pentsamendu eta naziogintza berriak ekarritako berritasunak aztertzen dira, garai berrietara hobeto egokitzen zen euskal mundu eta euskalduntasun berri bat ekarri baitzuten. Orduan jarri ziren egungo euskal naziogintzaren zenbait zimentarri.
Euskara eta bozka abertzalearen arteko lotura aztertzen da. Zehazki, herritarren artean euskararen transmisioa, erabilera eta ezagutza maila zenbat eta altuagoa izan, bozka abertzalearen joerak ere gora egiten duela ondorioztatzen da.
Erakargarritasunaren mitoaz egiten da gogoeta: gaztelania eta frantsesa bezain erakargarri, erabilgarri eta atsegingarri izatea da euskara hedatzeko gakoa. Egoera kolektibo bat, arazo sozial bat arazo pertsonal bihurtzeko amarrutzat jotzen da ideia hori.
Nazioaren eta euskararen bateratzea estatu bat lortzeko eta euskara normalizatzeko estrategia egokia den aztertuz, estrategia nazionalistaren hainbat aurreiritzi erlatibizatu eta euskararen normalizaziorako estrategia eraginkorraren inguruan hausnartzen da.
Nazio-identitatearen sisteman hizkuntzaren leku hegemonikoa inork zalantzan jartzen ez duenez, euskal estatu eta naziogintzaren eraikuntzan euskararen balioa gutxiesteko saioek nazio-krisi latza eragiten dutela argudiatzen da.
Euskara eta emakumea subalternitatetik ateratzeko, euskal estatu feministaren bidea proposatzen da: euskal estatua euskalduna, demokratikoa eta feminista izango da, baldin eta feminismoa, euskara eta demokrazia hegemonikoak bilakatzen badira.
Unibertsaltasun zaharraren kontra, eta oinarrian duen totalizazio desiraren kontra, dibertso subordinatuen artikulazioa defendatzen da, hori subjektibitate baztertu eta menderatuen unibertsaltasunean oinarriturik. Hemen herria mamitu duen ariketarik zabalduena Euskal Herriaren aldeko mugimendua izan da; haren bi erroak (erakunde propioen defentsa eta euskalgintza) bereizteak ez du zentzurik, hobe (gure, edonoren) gainerako subjektibitate subordinatuekin artikulazioa lortzea.
Ziklo politiko berriaren hastapenetan, galdera zaharrak datozkigu forma eta indar berriz: zerk egiten gaituen gu, komunitate, zer den identitate berezitua. Alboratu ordez, formulazio eta esanahi berriz ekartzea proposatzen da: gu-aren orea demokrazia sakonenen parametroetan jartzea, irudikapen eta balio ireki, zabal eta harkorrez.