Euskara eta bozka abertzalearen arteko lotura aztertzen da. Zehazki, herritarren artean euskararen transmisioa, erabilera eta ezagutza maila zenbat eta altuagoa izan, bozka abertzalearen joerak ere gora egiten duela ondorioztatzen da.
Gai nagusia sailean, euskarak naziogintza eta estatugintza prozesuen baitan duen eta izan beharko lukeen lekuari buruz egiten dute gogoeta Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia, Koldo Izagirre, Unai Apaolaza, Joxe Manuel Odriozola, Jule Goikoetxea, Eduardo Apodaka eta Idurre Eskisabelek. Euskalgintza eta abertzaletasuna, independentzia eta abertzaletasuna, euskara eta independentzia... Banaketa eta krisi hotsak entzuten dira azkenaldian. Euskalgintzak diskurtsoa berritzeko premia duela ere aipatzen da. Galdera berriak agertu dira, berriak edo berrituak, edo zaharrak, baino inoiz baino gardenago formulatuta.