Asteartea, 2017ko azaroak 21
Gora joan
Menua
Txillardegi sarean

Txillardegik esku artean eduki ez zuen bere liburua

Jakinek Txillardegiren 'Eta ez ziren sekula itzuli' ipuina topatu du, eta laster abian izango de pentsalari donostiarraren atarian egonen da kontsultagai

'Eta ez ziren itzuli' Txillardegiren ipuina
2017-05-18

Euskaraz baino lehen flandrieraz jaio zen Txillardegiren Eta ez ziren sekula itzuli ipuina. Niet een keert terug zuen izenburu, eta egurrezko kaxa baten barruan beste hiru liburuxkarekin batera argitaratu zuen 1968an, Bruselan zela. Frankismotik ihesi sei urte baitzeramatzan ordurako atzerrian Txillardegik. Branka aldizkaria argitaratzen, baina ezin literatura idatzi: «Ezinbestezko deserriratze eta istiluen ondorioz, agortu egin bide zen nigan ipuingintzarako gogoa». Hala zioen Kosmodromo (1984) liburuaren atarikoan, aurrenekoz euskaraz Eta ez ziren sekula itzuli jasoko zuen ipuin bilduman. Erbestean literatura ezin idatzi zebilen, harik eta Anberesko Valère Depauw flandriar abertzalearen gonbita jaso zuen arte. «Harremanak zituen Depauw-ek herri zapalduetako abertzale askorekin. Eta burutazio hau izan zuen halako batez: lau nazio zapalduetako idazle bana hautatu behar zirela; eta, batera argitara behar zirela, egurrezko kaxa zabal batean aurkezturik. Flamenkeraz, lauak, hasteko; eta gero beste hiruretan». Ezin uko egin proposamenari. Kate Roberts galestarraren, Roparz Hemon bretoiaren eta Depauw flandriarraren ipuinekin batera argitaratu zuen berea Txillardegik. «Nik, azkenik, neure Eta ez ziren sekula itzuli hau eman nion Depauw-ri. Halabeharrez, pittin bat laburtua eta ahuldua azaldu zen, nik uste; baina hiru nazio-hizkuntza ukatu horietan ezagutarazia izateko esperantzan, ohoraturik».

1976an itzuli zen Txillardegi Euskal Herrira, baina ez zuen bilduma berezi horren alerik ekarri. «Oker ez banago, ordea, dirurik eza dela-eta, flamenkeraz baizik ez ziren lan horiek agertu». Memoria egin behar flandrieraz ateratako aleez gogoratzeko. Egun ere euskal liburutegi eta artxiboetan begiratzen duenak ez du edizio horren arrastorik topatuko. «Nire ipuin hau argitaragabea dela esan daiteke», idatzi zuen horregatik Txillardegik Kosmodromo bildumaren atarikoan. Jakinek, ordea, topatu du arrastoa. Ekarri du Euskal Herrira bueltan Eta ez ziren sekula itzuli ipuina. Izan ere, Txillardegiren lana bilatzen, arakatzen eta antolatzen hiru urte eman ditu Jakinek, bere obra osoa digitalizatu eta sarean eskaini ahal izateko. Ia 2.000 dokumentu digitalizatuta eta guztiak eskura Txillardegiren ataria berezian. Horien artean Niet een keert terug liburuxka ere topatu ahal izango du bilatzaileak. Interneti esker, Belgikako Westerlo hiriko in't Profijtelijk Boeksken liburu dendatik ekarri duelako bueltan Jakinek. Euzkadi goiburu duela, Jose Alvarez bezala sinatuta. Egurrezko kaxatik kanpo, erbestetik etxeratuta.