Kepa Enbeita kultur eragilea elkarrizketatu du Lorea Agirre kazetariak. Enbeitaren bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu elkarrizketak: haurtzaroa Muxikan; gerra osteko oroitzapenak; enbeitatar dinastiaren ondarea: euskaltzaletasuna, abertzaletasuna, bertsozaletasuna; Arantzazuko ikasketak eta fraidetza bokazioa; Jakin aldizkariko lana eta jakinlari eta euskaltzaleen arteko bilerak; ETAren sorrerako giroa; lehen alfabetatze eskolak eta liburu eta disko saltzaile lanak; lehen atxiloaldia, 1963an; desterrua eta kartzela; auzolanarekiko fedea: baserri eredu berri baten bilaketa, nekazaritza kooperatiba baten bidez, Abornikanon; nekazaritza sindikalgintzan aitzindari: EHNE sindikatuaren sorrera; Arabako 1977ko lehen udal eta diputazio hauteskundeetako parte hartze erabakigarria EAJren alde; etenik gabeko jazarpena, hamarkadetan zehar...
Arabako euskalgintzaren bereizgarri nagusiak aurkezten dira. Beste lurraldeetako mugimenduarekin alderatuta, Arabako euskalgintzak berandukoa, bazterrekoa eta ahula izateko fama duen arren, atzeman daitezke arreta ematen duten ezohiko praktika batzuk, aurrera begira jarrita probetxugarri izan daitezkeenak. Horiek identifikatzeko ahalegina egiten da.
Ipar Euskal Herriko nekazaritza sindikalgintzaren esparruan azken hamarkadetan izandako esperientzia azaltzen da, ibilbide horretan erreferentzia izan diren ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna) sindikatuaren eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren nondik norakoen inguruan. Laborantza eta sindikalgintza eredu bat ez ezik, herrigintza ulertzeko berezko ildo bat ere taxutu du esperientzia horrek.