Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Jakin 183/184. 2011

Jakin 183/184.  2011
Aldizkaria Irakurri
PDF Deskargatu
Papera 14,00 €
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu
Gaiak sailean, hiru artikulu datoz, gai hauen inguruan: euskal kulturgintzaren diagnosia eta etorkizunerako ildoak (Lorea Agirre eta Sorguneak ikertegia); Euskal Herriak historian zehar izan dituen izenak eta izanak (Joseba Agirreazkuenaga) eta administrazioko euskara planak eta euskararen normalizazioa (Roberto Manjon).
GAIAK

Euskal kulturgintza: nondik gatoz, non gaude, nora jo beharko genuke. Eztabaidarako proposamen bat

Lorea Agirre eta Sorguneak ikertegiak (Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatea) Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailarekin elkarlanean egindako bi ikerketaren emaitza nagusiak aurkezten dituzte, luze eta zabal. Ikerketa horietarako, euskal kulturgintza osoa eta bertako agente guztiak hartu dituzte kontuan. Lehen ikerketak («Euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak») aurrera begirako ikuspegia lantzen du, kulturgintzaren oinarriak jarri asmoz: nondik abiatu eta nora jo beharko litzatekeen argitzeko ahalegin bat da. Bigarrenak («Kultur bizitzaren diagnostiko kualitatiboa Gipuzkoan») kultur bizitzaren egoera kualitatiboa ikertzea du helburu. Bi ikerketak, nolabait, txanponaren alde biak dira: bisioa eta diagnosia. Oinarri teoriko-ideologiko berberetik abiatzen dira, metodologia kualitatibo eta informatzaile multzo bera partekatzen dute. Biek elikatzen dute elkar, batak bestearen zentzua osatzen baitu. Hain zuzen, euskaraz sortu, hedatu eta transmititzen den kulturaren egoera politikoa aztertzea dute xede bi ikerketa horiek.

Vasconia, Euskal Herria, Euskadi: izena eta izana denboran barrena

Joseba Agirreazkuenagak Euskal Herriari eta bertako bizilagunei historian zehar eman zaizkien izendapenen bilketa eta kontakizuna eskaintzen du: erromatarren garaiko Vasconia, Nafarroako erresuma, Euskal Herria izena lehen aldiz agertzen duen Leizarragaren 1571ko testamentu berriaren itzulpena, XIX. mendean kontzeptu kulturaletik politikorako trantsizioa, Euskadi izenaren agerpena eta zabalkundea... Bertakoek zein kanpotarrek lurraldeari eta biztanleei azken bi mila urteetan eman dizkieten izendapenek adieraz dezakete, azken buruan, horien izana bera ere nola interpretatzen den.

Admnistrazioko euskara planez haratago. Begirada berri bat Osakidetzako Planaren ebaluaziotik

Roberto Manjonek euskararen hizkuntz normalizazioaren auziari buruzko hausnarketa orokorra proposatzen du, normalizazioaren kontzeptuaren ikuskera murritza irekitzen saiatuz, eta berori testuinguru soziopolitiko, sozioekonomiko eta soziokultural zabalean txertatuz. Artikuluak, azterketaren abiapuntu modura, Euskara Zerbitzu orokorrak Osakidetzaren Euskara Planari buruz 2009ko irailean amaitutako lehen ebaluazioa hartzen du.

Egunen Gurpilean
Izan zaitez Jakinkide Harpidetu