Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan
Menua
Elkarrizketa

Roldan Jimeno: «Espainiako justizia frankista da oraindik, hein handi batean»

2020-04-27

Roldan Jimeno (Iruñea, 1973) historialari eta legelariarekin Daniel Escribano soziologoak izandako solasaldi sakona duzu honakoa.


Roldan Jimeno historialari eta legelaria da. Jardunbide oparoa du Euskal Herriko historiari eta kulturari buruzko ikerkuntzan, eta hainbat libururen egilea da. Amnistías, perdones y justicia transicional. El pacto de silencio español [Amnistiak, barkamenak eta justizia trantsizionala. Isiltasunerako Espainiako ituna] (Pamiela, 2018) bere azken liburuan, honako hau du ikergai: 1977ko urriaren 15eko Amnistiari buruzko Legea, Espainiako gaurko erregimenaren zutabea dena, eta hura oinarri Espainiako botere zentralek egindako oroimen politikak, nazioarteko zuzenbidearen eta oroimen demokratikorako politiken ikuspegia galdu gabe.

Liburuaren azpizenburuan, isiltasunerako Espainiako itunaz mintzo zara. Dena den, asko hitz egin da 36ko gerraz. Baina arazoa da Errepublika, gerra eta frankismoari buruz urteetan egon den eta, egun, hein batean oraindik jarraitzen duen ikuspegia erlatibista, demokrazia eta faxismoa parekatzen dituena dela...

Bai, baina gauza bat eta bestea harreman estuan daude. Izan dugun trantsizio motan ahanztura egon denez, frankismoa legeztatuta gelditu da, bai juridikoki –batez ere juridikoki–, baita sozialki ere, berme juridikoa existitzen delako: Amnistiaren Legea, preskripzioak... Horrek guztiak, azken batean, zuritze bat ekarri du, eta zuritze horrek ekarri du, adibidez, frankismoaren sententzia militarrak, politikoak direnak, une honetan oraindik indarrean egotea. Azken batean, faxismoa zuritu dute, eta horrek esan nahi du erregimen hori demokratizatu egin dutela. Hori pentsaezina izango litzateke nazismoarekin, Mussoliniren erregimenarekin edota Txileko diktadurarekin. Eta oraindik mantentzen da.

Preso politikoak kaleratzeko monarkiaren bigarren gobernuak onetsi zituen neurrien kronologia arakatuta, zera ikusten dugu: aurretik mobilizazio indartsuak izan zirela, 1977an jada Euskal Herrian bakarrik egiten zirenak. Uztailaren 14an amnistia orokorrari buruzko bi lege-proposamen aurkeztu zituen Talde Komunistak Espainiako Kongresuan. Hala ere, UCDk ez zuen amnistiarako legerik negoziatzeko prestasunik agertu irailaren 14ra arte, Askatasun Ibilaldiak Euskal Herria zeharkatu eta, hilaren hasieran, Hegoaldeko hiriburuetan amnistiaren aldeko manifestazio jendetsuak izan ostean. Hau da, honako hau gerta zitekeela uste izan zuenean: herri-mugimenduak bozetan ordezkari gehien lortu zituzten euskal alderdi parlamentarioei gaina hartzea.

Bi edo hiru plano ezberdin daude, nahiz eta lege beraren barruan egon. Bat da herriak zer eskatzen zuen, edo frankismoaren kontrako mugimenduek zer eskatzen zuten, oso modu berezian Euskal Herrian, jakina, euskal preso politikoengatik. Baina ez ziren bakarrik euskal preso politikoak edo, beste modu batez esanda, etakideak; bazeuden antzeko egoera batean zeuden beste talde batzuetako kideak ere, hala nola FRAPekoak. Nik esango nuke preso politikoen amnistia oso globala zela, baita Estatutik kanpo ere; Europa osoan zehar aski zabalduta zegoen euskal presoekiko elkartasuna, eta baita FRAPeko, GRAPOko eta halako erakundeetako presoekin ere, 1970eko hamarkadako erdialdera arte, gutxienez. 1977an gauzak aldatzen hasi ziren, trantsizioa ezin baita ikusi gauza monolitiko bat bezala. Zalantzarik gabe, Euskal Herria mugimendu horren motorra zen; baina, horretaz gain, batzuetan ahazten dugu lan amnistia ere eskatzen zela, eta hor mugimendu oso handia eta garrantzitsua zegoen. Lan amnistiari dagokionez ere fenomeno aski globala izan zela esango nuke. Are gehiago: Erresuma Batuko sindikatuen eta Alderdi Laboristaren ekimena lan eskubideen aldekoa zen politikoa baino. Italian, erakusketa oso handia egin zuten amnistiaren alde, Italiako ezkerreko artista guztiak bilduta. Amnistiak non eduki zuen garrantzirik handiena? Hego Euskal Herrian, berdin Gipuzkoan, Nafarroan, Bizkaian eta Araban.

Eta, hirugarrenik, beste amnistia batzuk ere eskatzen ziren, agian hainbeste garrantzi ez zeukatenak, baina, nahiz eta kopuruaren aldetik murritzagoak izan, garai horretan oihartzuna eta indarra izan zituzten. Adb., mugimendu feministak bultzatzen zuen adulterioaren despenalizazioa eta, beraz, adulterioarengatik epaituak eta kondenatuak izan zirenen amnistia. Hori oso garrantzitsua izan zen esparru zehatz horretan. Estatu eremuko aldarrikapena izan zela esango nuke, eta, Euskal Herrian, batez ere Bizkaian izan zuela garrantzirik handiena (Nafarroan, gutxiago). Horrez gain, bazeuden beste mugimendu batzuk, askozaz txikiagoak, oso minoritarioak, adb., homosexualentzako amnistia eskatzen zutenak. Egia esan, oso oihartzun txikia izan zuen Euskal Herrian, batez ere Katalunian izan zuen. Gaixotasuna izango balitz bezala tratatzen zuten homosexualitatea, eta praktikan giltzapetu egiten zituzten homosexualak. Mugimendu horiek guztiek amnistiaren aldeko aldarrikapen orokor bat sortu zuten, Euskal Herrian, bereziki, eta Estatuan, oro har.

 

Oposizioko talde batzuen kideei ez zieten Legea aplikatu. 1977ko abenduaren amaieran, Legeak indarra hartu aurreko egindako ekintzengatik 48 preso politiko zeuden, artean, Espainiako espetxeetan, honako erakunde hauekin lotuta: PCE(r) Espainiako Alderdi Komunista (berrantolatuarekin), GRAPO Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistekin, MPAIAC Kanariar Uharteentzako Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimenduarekin eta PCE(i) Espainiako Alderdi Komunista (internazionalistarekin).

Bai, eta ez hori bakarrik. Amnistia zer da? Zer ezberdintasun dauka barkamenarekin, indultuarekin? Amnistia ezartzen denean, zure aurrekari penal guztiak desagertzen dira, zure aurreko ekintza guztiak ezabatuko balira bezala. Zure aurreko bizitzak ez du ondorio juridikorik. Zer gertatu zen amnistiaren lege horrekin? Aipatu dituzun kasuak hor daude, eta oso gordinak izan ziren, baina bestelako gauzak ere izan ziren, adb., etakideak izan zirenak eta, amnistiaren ondoren, kalera atera zirenak. Horrelako pertsonak, polizia-kontrol batean geldiarazten zituzten, adb., eta segituan agertzen zitzaizkien aurrekari guztiak, eta hori ia-ia 1990eko hamarkada arte gertatu zen. Eta ez bakarrik amnistia politikoarengatik, baita lan amnistiarengatik ere: hainbat pertsonari gertatu zitzaien AEBetara hegaldia hartzera joan, eta ezin sartu teorian amnistiatuta zeuden egitateengatik. Non dago amnistia?

Amnistiaren Legea gorabehera, 1977ko abenduan epaitu zuten José Ignacio Domínguez UMD Militar Demokraten Batasuneko kidea. Gutxiagorengatik, frankismoaren krimenak ikertzeko eginbideak hasteagatik auzipetu zuten Baltasar Garzón Nazio Auzitegiko magistratua, Legea ez aplikatzea leporatuta...

UMDrekin gertatu zenak oihartzun handia izan zuen, sinbolismo handia izan zuen; ez bakarrik 1970eko hamarkadan, baita geroago ere, estatu-kolpea gertatu zenean. Amnistiaz ari gara, baina justizia trantsizionalak zera dauka: egia bilatzea, erreparazioa, justizia bera, eta ez errepikatzeko bermeak. Bigarren Errepublikako militarrak, maisuak, etab. erreparatuak izan ziren (oso zaharrak ziren, eta erreparazioa ez zen hainbesterako izan). Baina UMDko militarrei ez zitzaien amnistia aplikatu, sinbolo bihurtu ziren, frankistak ez ziren militar bakarrak zirelako, hain zuzen ere. Baina, era berean, horrek estali zuen gainerako guztia. Nik uste dut eskuinari eta, modu berezian, une horretan gobernuan ari zen UCDri ere interesatzen zitzaiola hori, beste guztia itzalpean gelditzen zelako; bazirudielako amnistiaren arazo bakarra horixe zela. Eta behin Legea indarrean egonda, segituan arazo larriak izan ziren, praktikan: lehen aipatu ditugunak edota lan amnistia ez zela horren amnistia izan, besteak beste.

 

Zure iritziz, frankismoaren krimenak amnistiatzearen truke onartu zuen UCDk lan amnistia. Luis Enrique de la Villaren eta Aurelio Desdentadoren arabera, ordea, langileen alderdiek errenta-politika onartzearen truke egin zuen.

Bai, garai horretan negoziazio estuak egon ziren, gai guztiak negoziatu behar izan ziren, zerotik hasita, eta tartean amnistia zegoen. Amnistiaren negoziazioa, gainera, oso sinbolikoa zen, une horretan kalean gehien aldarrikatzen zen kontua zelako, eta lehenengo legea izan zelako. Beraz, UCDk bere interesen alde erabili zuen amnistiaren kontua. Eta Alderdi Sozialistarentzat eta Alderdi Komunistarentzat, zer zen garrantzitsuena? Ez hainbeste amnistia politikoa –nahiz eta, teorian, aldarrikatu–, baizik eta lan amnistia. Ezin dugu ahaztu, garai horretan, bizkiak zirela UGT eta Alderdi Sozialista, eta CCOO eta Alderdi Komunista, eskutik helduta zihoazen errealitateak zirela. Horrekin UCDk zartagina kirtenetik hartuta zeukan, eta baliatu egin zuen. Frankismoaren krimenez ari garenean, ez gara ari bakarrik 36ko gerran gertatutakoaz edo makiekin gertatutakoaz; honetaz ere ari gara: Rodolfo Martín Villaz, une horretan ministro zenaz, edota Gasteizko gertaerez, kronologikoki oso hurbilak zirenez. Eurei ere interesatzen zitzaien euren burua amnistiatzea.

 

Lan amnistiari buruz, zera idatzi duzu: «Espainiako lan-legediak, nahasiak eta osatugabeak, ez zuen erraztu amnistiatutako langileek euren lanpostua berreskuratzea».

1977ko Amnistiaren Legera jotzen baduzu, eta lan amnistiaren gaineko zatia irakurtzen baduzu, hasteko, ikusten duzu zati hori sartu zutela modu arraro samarrean. Estilistikoki oso traketsa da, eta ikusten da negoziazio baten ondorioz sartu zutela. Modu oso zabalean dago sartuta. Legeekin hori gertatzen da; zuk legea egin dezakezu, baina, gero, lege horrek, praktikotasuna izateko, erregelamenduaren bidezko garapena izan behar du. Hori da lege horri gertatu zitzaiona. Baina lan zuzenbidearekin zera gertatu zen: trantsizioak ez zuenez frankismoarekiko haustura ekarri, frankismoaren legeek indarrean jarraitu zuten, eta Amnistiaren Legea onetsi zen, baina frankismoaren lan-lege batzuek indarrean jarraitu zuten, eta, gainera, geroago aldatu zituztenean, ez zituzten aldatu lan amnistiari bermeak emateko, hain zuzen ere. Beraz, lan amnistiarekin amnistiatutako pertsona batek bere eskubideak garatu nahi izan zituenean, askotan, nagusiak edo enpresak zirrikitu ugari izan zituen langilea ez berrartzeko. 1970eko hamarkadako lehen zazpi urteetan greba pila izan ziren Estatu osoan, baina Euskal Herrian modu oso berezian (eta Nafarroan, zer esanik ez); krisi ekonomiko bat egon zen, eta greba izugarri handiak, non ehunka pertsonak parte hartzen zuten, greba biolentoak eta laneko zergati hutsekoak ez zirenak, kutsu politikoa ere baitzeukaten: amnistia eskatzen zuten, etab. Ehunka kaleratu egon ziren. Lan amnistia onetsi zenean, legearen idazketarekin enpresa batentzat erraza zen zera esatea: «nik ez dut horregatik kaleratu, baizik eta ekonomia oso gaizki zihoalako, enpresaren behar ekonomikoengatik». Oso egoera konplikatuak sortu ziren. Paradoxikoki, zorte handiagoa izan zutenak greba horietako buruzagiak izan ziren; horiek, hain zuzen ere, oso erraza zeukatelako frogatzea horregatik kaleratu zituztela. Baina grebara joan eta kaleratua izan zen langile xumeak, anonimo samarra zenak, pairatu egin zuen. Azkenean, garrantzitsua izan zen lan amnistia, baina hor ere drama pertsonal asko egon ziren: lanera itzuliko zela uste zuen jendea eta, azkenean, itzuliko ez zena.

 

Amnistiari buruzko 46/1977ko Legea erreformatu zuten Espainiako Gorteek 1984an, eta Legeak 5. eta 8. artikuluetan aitortutako eskubideak preskribaezinak direla ezarri zuen. Konstituzio Auzitegiak, ordea, bertan behera utzi zuen erreforma, «segurtasun juridikoa», «enpresa-askatasuna» eta «gauza epaituarekiko begirunea» urratzen zituela argudiatuta. Zure esanetan, «babesa ematen zion» horrela Konstituzio Auzitegiak legedia frankistari, ekintza sindikala egikaritzeko eskubidea eta iritzi politikorako eskubidea zapaldu egiten zituenari.

Gertatzen ari zena auzitegietara joaten zen. Hori Estatuarentzat eta enpresentzat arazo bat zen, eta Konstituzio Auzitegiak sententzia hori eman zuen, eta lan amnistia bukatu, argi eta garbi.

 

46/1977 Legeaz gehien kritikatu den aldea da errepresio frankistaren eragileak babestea, Legeak amnistiatutako ekintzak jazartzean egindako delituengatik eta, oro har, pertsonen eskubideen urraketengatik polizien zigor-erantzukizuna deuseztatuta.

Amnistiaren Legea etorri zenean, jendea hain zentratuta zegoen aldarrikapen historiko horretan, ezen UCDk sartu baitzuen estatu frankistaren delituetarako amnistia. Ez dut esan nahi inor ez zela konturatu –hor zegoen, bistan–, baina oso indartsua zen bestea, eta indar politikoen metaketa, oso ahula. Gainera, Espainiako Gorte demokratikoen lehen legea zenez, ez zegoen ohitura handirik, ez dago negoziazio-prozesuari buruzko dokumentaziorik, batzordearen bileren aktarik ez dago. Bestalde, eztabaida horiek oso politikoak izan ziren, baina ez ziren oso juridikoak izan. Eta eztabaidetan azaleratu ziren kontuak ahanzturaren aldeko apustuak izan ziren, edo, bestela, euskal presoak, lan amnistia eta horrelako gauzak; baina ez zen eztabaidatu frankismoaren zuritze horretaz. Azkenean, hainbat arrazoirengatik, bazirudien Legeak ematen zituela herriak eskatutako amnistia guztiak, baina, benetan, gerora ondorio juridiko handiagoak izan dituena bestea izan da.

Bestalde, salbuespen batzuk alde batera utzita –oso gutxi–, doktrinak ere ez zuen gai hori aztertu. Gainera, garai horretan eta hurrengo urteetan, ez zen munduko beste inon egon horrelako amnistia orokorrik. Espainiako Konstituzioak amnistia mota hori alboratu egin zuen, baina Amnistiaren Legea gelditu zen erlikia balitz bezala, ukiezin, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko hainbat eragilek esan arren Legea Konstituzioaren aurrekoa dela, giza eskubideen kontra doala, etab., mantendu egiten da, arrazoi politikoengatik.

 

Dena den, Espainiako Konstituzioak «indultu orokorrak» debekatzen ditu bakarrik (62.i art.), baina amnistia ez du aipatzen. Aitzitik, Prozedura Kriminalaren Legeak amnistia jasotzen du, epaiketaren aurreko aferei buruzko atalean (666.4 art.).

Hala da. Konstituzioan amnistia ez agertzea oso argigarria da. Doktrina espezializatuan, adostasun zabala dago honako hau esateko: orain, Espainiako Estatuan, amnistia orokorrak ezinezkoak izango lirateke. Prozedura Kriminalaren Legean agertzen den aipuak ez du esan nahi amnistia orokorrik baimentzen duenik etorkizunerako; bakarrik ezartzen ditu salbuespenak aurreko amnistiekin zerikusia duten erabakiak interpretatzeko.

 

Zure interpretazioaren arabera, «frankismoaren aurkarientzako amnistia politikoa eta lan amnistia» lortzeko eman zioten babesa ezkerreko alderdiek Amnistiaren Legeari, ez frankismoaren krimenak babesteko. Hala ere, Talde Komunistak uztailaren 14an aurkeztutako aipatutako proposamenak honako hau xedatzen zuen: «amnistia 1936ko uztailaren 17tik 1977ko ekainaren 15era bitartean asmo politikoz egindako delitu eta falta guztientzako», matxino monarkiko faxisten eta erregimen frankistaren polizia-indarren krimenak berariaz baztertu gabe. Gainera, lehenagotik ere irakurtzen ahal ziren halako planteamenduak PCEren ingurutik, hala nola 1974ko uztailaren 29an Espainiako Batzar Demokratikoak emandako lehen adierazpenean. Eta orduantxe ere errepresio frankistarako amnistiatzat salatu zuten planteamendu hori PCEren ezkerretik zebiltzan taldeek.

Bai, hala izan zen. Alderdi Komunista dagoeneko 1950eko hamarkadan sartu zen diskurtso horretan, eta gero berreskuratu egin zuen. Egia da 1974an beste jarrera bat izan zutela Alderdi Komunistak eta baita Alderdi Sozialistak ere: justizia unibertsalarena, hain zuzen ere. Eta, Erresuma Batuko laborismoaren bitartez, bultzatu nahi izan zuten epaiketa egitea frankismoari, Nurembergeko epaiketak bezala. Horrek guztiak zergatik ez zuen jarraitu? Alderdi Sozialista eta Alderdi Komunista beste bide batean sartu zirelako; trantsizio hitzartua egitearen aldeko apustua egin zuten, AEBen laguntzarekin, eta estrategia berri bat eraiki zuten, non ardatz nagusia ahanztura baitzen, alde baten zein bestearen krimenei dagokienez. Alderdi Komunista legeztatua izan zen, noski, hori guztia pakete berean baitzegoen, eta, trantsizioaren diseinu horrekin, alboratu zuen, erabat, urte eskas lehenago justizia trantsizionalerako zeukan plan interesgarri hori. Eta Alderdi Sozialista batu zitzaion Alderdi Komunistaren diskurtso horri.

Egungo ikuspegitik harrigarria suertatzen zaigu alderdi abertzaleek ere, Euskal Herrikoek eta Kataluniakoek, halako jarrera izatea, baina lehen legea zenez, amnistiaren aldarrikapena Euskal Herrian eta Katalunian garrantzitsua zenez, leku guztietatik ahanzturaren diskurtso hori zabaldu zenez, azkenean, horretan sartu ziren.

 

Nola klasifika litezke bando monarkiko faxistak 36ko gerran eta erregimen frankistak ondorengo diktaduran egindako gizateriaren aurkako krimenak?

Alde batetik, tortura, eta, bestetik, 1936ko kasuan, genozidioa ere izan litezke. Frankismoan zehar, torturak izan ziren, batez ere.

 

46/1977 Legea onetsi zenean, ba al zegoen gizateriaren aurkako krimenak zigortzeko nazioarteko arauren bat, zeina Legeak urratzen zuen?

Bai, ordurako nazioarteko zuzenbideak ibilbide luzea eginda zeukan giza eskubideen kontrako krimenen gainean. Hor zeuden, besteak beste, 1899ko eta 1907ko Hagako Hitzarmenak, Martens klausula, Nurembergeko doktrina edota Nazio Batuek 1945etik aurrera emandako ebazpenak. 1977ko Amnistiaren Legea ezarrita, une horretan indarrean zegoen nazioarteko zuzenbide publikoa urratu egiten zen.

 

1984an, Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioak zera ebatzi zuen: behartutako desagerpenak gizateriaren aurkako krimenak dira, ezin dira delitu politikotzat jo, ezta amnistiarako legeen bidez babestu ere. Eta, Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Hitzarmenaren 15.2 artikuluak dioenez, gizateriaren aurkako krimenei ezin zaie aplikatu zigor-legeen atzeraeraginik ezaren printzipioa. Horrez gain, behartutako desagerpenen aurka pertsona guztiak babesteko nazioarteko hitzarmenak, 2006koak, Espainiak sinatu eta berretsiak, zera ezartzen du: preskripzio-epea «desagerpena bukatzen den unetik» bakarrik hasiko da kontatzen (8.1.b art.). Alta, Espainiako jurisprudentzia kontrako noranzkoan doa, eta zera ebatzi du: 46/1977 Legea onetsi zenean Espainiak ez zuen sinatua frankismoaren krimenak pertsegitzeko behartzen zuen nazioarteko hitzarmenik. 46/1977 Legea demokrazia parlamentarioaren lehena izan zen eta haren xedapenak ez daude Konstituzioan jasota, baina zerorrek ondorioztatu duzunez, materialki lege konstituziogilea da, eta, praktikoki, «Konstituzioaren gainetik dago».

Hauxe da Espainiako egoera juridikoaren kontraesana, eta Estatuaren ustezko izaera demokratikoa nazioartean zalantzan jartzen duena. Egon badago nazioarteko zuzenbide publikoa, Amnistiaren Legea ezarri baino lehenagokoa dena eta, zer esanik ez, geroago eta gaurdaino garatu dena. Zuzenbide horrek argi eta garbi ondorioztatzen du estatu frankistak egindako krimenak ez direla preskribatu eta, beraz, epaitu beharko liratekeela. Eta hori ez da teoria hutsa. Praktikan ere ikusi ahal izan da, biktimek justizia unibertsaleko bidea hartu behar izan dutenean, Argentinako kereilarekin. Beste kontu bat da Espainian gertatzen dena. Trantsizioa ez zen benetako trantsizio demokratikoa izan. Justizian ez zen trantsiziorik egon, Espainiako justizia frankista da oraindik, hein handi batean. Hemen epaile frankistak egun batetik bestera demokrata bihurtu ziren. Eta epaile horiek, gainera, botere judizialeko oposizioak kontrolatu dituzte. Horregatik ere badugu horren justizia kontserbadorea Estatuan. Frankismoak eragin izugarria du oraindik, eta argudiaketa juridiko sendo bat sortu da krimen horiek ez epaitzeko, nahiz eta Nazio Batuek eta nazioarteko beste erakunde batzuek Espainiari esan hori legearen kontrakoa dela. Hortaz, ez da harritzekoa Espainiako Auzitegi Gorenak Amnistiaren Legearen gainean ezarri duen doktrina. Baina hori ez da gertatu beste diktadura batzuekin.

 

Frankismoaren krimenei dagokienez, Espainiako epailegoak zabalegi interpretatu izan du 46/1977 Legean onetsitako amnistia. Hala ere, Pablo de Greiff egia, justizia eta ez errepikatzeko bermeak sustatzeko NBEko kontalari bereziak ohartarazi duenez, «amnistiak ondorioak izan ditzan, aplikatu behar da egitateak eta dagozkien erantzukizunak eta zigorrak zehaztuta, ikerketa judizialaren markoan». Ildo horretatik, zera gogorarazi duzu (139. or.): Hego Afrikan eta El Salvadorren emandako amnistiak eragindako eskubideen urraketak egiaren batzordeetan aitortzearen truke eman ziren.

Espainiako justizia trantsizionalean gertatu den hutsune larri bat, gaurdaino mantentzen dena, egiaren batzorderik ez sortzea izan da. 1977tik 1980ra bitartean ulergarria izan zitekeen, artean ez zen horrelako batzorderik existitzen; baina ordutik izan diren nazioarteko ekimenen ondoren, ulergaitza suertatzen da zergatik Estatuak ez duen horrelako batzorde bat sortu. Arrazoia, noski, frankismoaren eragina da, isiltasuneko itunak duen indarra. Hori kanpotik ikusten denean ez da batere ulertzen, eta, horregatik, horrelako irtenbideak proposatzen zaizkio Espainiako Estatuari behin eta berriro, baina Estatuak bere amnistiaren eta preskripzioaren argudioekin erantzuten du beti.

 

Espainiako kultura politikoko oroimen historikoak demokraziari eta faxismoari buruz daukan ikuspegi erlatibista insurgentziaren biktimak babesteko legedian atzematen da argien. Izan ere, «terrorismoaren» biktimekiko elkartasunerako 1999 Legeak noiz eta 1968an du abiaburu. Hau da, Espainiako sistema politikoak berak parekatu ditu frankismoa eta demokrazia parlamentarioa, bi erregimenen arteko continuum-a ezarrita. Hartara, lege horri jarraiki, Espainiako Ministroen Kontseiluak hil osteko ohorezko domina eman zion Melitón Manzanas Gestaporen kolaboratzaile eta Ikerketa Sozialerako Donostiako Brigadako buruari. Horrek sorrarazi zuen iskanbilaren ostean, erreformatu egin zuten lege hori Espainiako Gorteek, baina erreforma horretan leundu eta itxuragabetu egin zuten errepresio frankista. Izan ere, Legearen testu berriaren arabera, ohorezko dominak «ezin izanen zaizkie eman euren jardunbide pertsonal edo profesionalean Konstituzioan eta lege honetan eta nazioarteko hitzarmenetan aitortutako giza eskubideen kontrako jokaerak izan dituztenei». Hartara, Espainiako legegileen arabera, zapalkuntza frankista «norbanakoen jardunbide» soila izan zen, eta, dominak gorabehera, kalte-ordaina jasotzeko eskubideak bere horretan dirau, baita aipatu «jardunbide pertsonala» izan zuten «biktimentzat» ere.

Bai, izugarria da. Amnistiaren Legeak, azken hamarkadetan onetsi diren legeekin uztartuta, ondorio izugarriak ditu, frankista torturatzaile eta kriminalak demokratizatzeko. Melitón Manzanasen kasua oso deigarria izan zen, eta eskandalu izugarria sortu zuen. Eskandalu hori sortu ez balitz, egun, seguruenik, Carrero Blancok ere demokraziaren ohore guztiak edukiko lituzke.

 

Frankismoaren biktimen eskubideak zabaltzen dituen 52/2007 Legeak ere 1968an du abiaburu, «terrorismoaren» biktimak babesteko legeen irizpide kronologikoari jarraiki. Horrek, ordea, makiak eta 1968 baino lehenagoko borrokalari antifrankista oro baztertzea ekarri zuen. Hau da, frankismoaren eta demokrazia parlamentarioaren arteko continuum-a ezarri dute «terrorismoaren» biktimei buruzko legeek, baina frankismoaren biktimak babestu omen dituen legeak zatitu egiten du frankismoa, eta diktaduraren garai luzeenetakoak kanpo utzi ditu. Hori gutxi balitz bezala, Legea garatzen duen Dekretuak 1968tik aurrerako talde matxinoetako kide izandakoak ere baztertu egin zituen. Zerorrek esana: «Amnistiari buruzko Legeak ukiezin jarraitzen zuen gaizkile frankistentzat, baina ez talde armatu antifrankistetako kide izandakoentzat».

Hala da. Espainiako legedira jotzen badugu, «terrorismoaren» biktimak babesteko legeak oso eskuzabalak izan dira, frankismoaren garaiko biktimak ere sartuz, eta horregatik ditugu, biktima moduan, aipatu dugun Melitón Manzanas edota Carrero Blanco bera ere, horrek daukan onura juridiko eta ekonomiko guztiekin. Borrokalari antifrankistekin, ordea, oso modu zekenean jokatu du. Zergatik ezarri zen epea 1968an, eta ez lehenago? Biktimak, Estatuarentzat, mota batekoak direlako bakarrik.

 

Gainera, Espainiako legegileek eskuin muturreko taldeen biktimak ez dituzte «terrorismoaren biktimatzat» jotzen. Behartutako desagerpenei buruzko NBEren lantaldeak salatu du hori, baita «terrorismoaren» biktimak babesteko 2011ko Legeak 52/2007 Legeak baino eskubide gehiago aitortzea eta biktimen arteko bereizkeria ezartzea.

Estatuaren balio demokratikoen ahulezia agerian geratzen da NBEk Espainia aztertzen duenean. Nazioartean, deigarria suertatzen da poliziek eta eskuin muturreko taldeek egindako torturen eta bestelako krimenen biktimak baztertzea, eta hori behin eta berriro aurpegiratzen zaio Espainiari. Tamalez, NBEk ez dauka indarrik Estatuari isunak edota bestelako zigorrak ezartzeko, eta, hortaz, praktikan ez da deus ere gertatzen.

 

46/1977 Legearen sortze-prozesuan sekulako garrantzia izan zuen euskal preso politikoen kaleratzeko aldarrikapenak. Nolako irteerak ikusten dituzu egungo euskal preso politikoak askatzeko?

Garai bateko amnistia orokorrak ezinezkoak dira egun, ez Espainian bakarrik, baita nazioartean ere. Hori Ipar Irlandan argi ikusi zuten, eta, horregatik, beste irtenbide bat bilatu zioten preso politikoen arazoari. Euskal Herrian ere, halabeharrez, ezker abertzaleak diskurtso historikoa moldatu behar izan du, eta beste bide batzuk aldarrikatzen hasi da. Kosta egiten da, noski, horren erroturik eta horren sinbolismo handia izan duen aldarrikapena erabat baztertzea. Ez dut uste euskal preso politikoen kaleratze bateratu eta masibo bat ikusiko dugunik, horrek amnistia orokor baten antza izango lukeelako. Baina zuzenbideak bestelako zirrikitu batzuk ditu euskal preso politikoak kaleratzeko, besteak beste, indultuak; eta, jakina, zuzenbide penala aldatzen baduzu, instrumentu berriak sor ditzakezu presoak kaleratzeko. Baina horretarako borondate politikoa egon behar da.