Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan
Menua

Geruzak: gazteengandik abiatutako hausnarketa

Feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua gazteen artean lantzeko ikus-entzunezko sorta

2023-02-21

Estreinatu dira dagoeneko Askatasuna, Boterea, Sormena eta Desira ikus-entzunezkoak. Aurrez aurreko hitzorduak proiektua aurkezteko baliatu dira eta ekoizleek zein protagonista diren gazteek solasaldia osatu dute proiektzioaren ostean. Eneritz Furyak izan da ospakizuna ixteko arduradun, kontzertu txiki bat eskainiz. Aurrez Desira estreinatu zen San Telmo Museoan egindako ekitaldi eta harrera ospakizunean eta zehazteke daude hurrengo estreinaldiak. Aurkeztu ahala jarriko dira sarean ikusgai eta gainerakoak ikusteko pasahitza eskatu beharko da webgunean bertan.

ELKAR eta JAKINek Geruzak proiektua aurkeztu dute, gazteen kezka eta galderetatik abiatuta gogoeta pizteko webgunea. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza izan da proiektuaren babesle eta gai bakoitza lantzeko dokumentalaz gain, auzi bakoitzak kaiera tematiko propioa eta kultur diziplina desberdinetako erreferentziak izango ditu material osagarri gisa. Webguneak pentsamendu kritikorako espazio bat zabaltzen du, eztabaida sustatuz eta kultur transmisioan eraginez.

Gazteak izan ditu proiektuak jomuga, eta hargatik abiapuntu bilakatu ditu. Horrela azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak: «gai eta auzi jakinen bueltan, gazteen hitza, gazteen bizipenak, pentsamenduak, kezkak, usteak eta hipotesiak jaso nahi izan ditugu eta dokumentaletara ekarri». Horrela, gazteak libre ikusiko ditugu euren ideiak partekatzen, harilkatzen, osatzen «elkarren aurrean biluztuz eta elkar jantziz». Dokumental horiek ikusiz, denok jantzi ahalko gara eta gogoeta gehiagoren sorburu izatea da helburua. Gainera, sortutako hausnarketarako espazio honek "euskaratik pasarazi" ditu euren kezka eta interesak, eta euskarari esparru hori ematea ere bada xedea.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako HIzkuntza Politikarako Sailburuak «gai hauen inguruan aurreratu den guztia era erakargarri batean zabaltzeko» aukera ikusi zion proiektuari, euren xede taldea gazteak izanik. Pozik agertu da emaitzarekin, gazte anitzen iritzietatik» sortutako edukia delako; aurrerago atal gehiago egiteko borondatea agertu du. 

Momentuz sei dira Geruzak proiektuak biltzen dituen dokumentalak: Desira, Sormena, Askatasuna, Boterea, Ondo Bizitzea eta Taldetasuna aletu dituzte bertan bosna gaztek. Aurrerako atal gehiago egiteko aukera zabalik utzi du Alaitz Aizpuru Elkar Argitaletxeko ordezkariak. Dokumental horietako protagonistak «Euskal Herriko leku eta errealitate soziolinguistiko, kultural eta politiko desberdinetako» gazteak dira, elkarren artean gaiaz hizketan; Aizpuruk banaka aurkeztu dizkigu orain arte parte hartu dutenak: Begoña Garaikoetxea Diaz, Andrei Fuchs Anev, Ilargi Manterola Aranburu, Maialen Arteaga Gonzalez, Aner Peritz Manterola, Netsanet Iriart Xarriton, Aimar Jusue Rosano, Iruri Altzerreka Martinez, Lide Crespo Zuazua eta Unai Rivera Martinez. Gazteen elkarrizketen osagarri, Markos Zapiain eta Shukare Otero adituen irakurketak ematen dio forma dokumental bakoitzari.

Webgunearen helburua haratago doa, ordea. Kultur disziplina desberdinetako adituek proposatutako erreferentziak kontsultatzeak euskal kulturaren transmisioa indartuko du, Aizpuruk azaldu bezala "gai bakoitzari buruz artean, dantzan, bertsolaritzan, literaturan eta musikan dauden piezak egongo dira ikusgai" eta aurrerago erreferentziak zabaltzeko asmoa erantsi du "pentsamendua, antzerkia eta feminismoa" ere gehituko baitizkiote. Eta nola ez, gazteentzat izanik, Twitter, TicToc, Instagram eta Youtuben jarraitu ahalko da euren berri etengabe.