Asteartea, 2017ko azaroak 21
Gora joan
Menua
UEU, OIHANEDER eta JAKIN elkarlanean

'Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu' ikastaroa Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egingo da 2018ko urtarriletik maiatzera. Izena emateko epea zabalik da.

2017-11-19

UEU, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea eta Jakin elkar hartuta datoz ostera ere ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastaroa eskaintzeko. Abiapuntua uztailean Usurbilen egindako ‘Hizkuntza, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua’ Jakin Jardunaldiak dira.  Elkarguneko feminismotik, lau tasun horien gurutzaketaz eta nolakotasunez jardun zuten hizlariek, eta ildo horiei jarraituz osatuko da hizkuntzari eta generoaren gurutzaketari propio erreparatuko dion ikastaroa. Izan ere, hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu, hizkuntza hautuak igarotzen direla genero eraikuntzatik eta alderantziz; prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen sareak jendarteko botere harremanetan gurutzatzen direla. Euskara eta generoa ere ez doaz aparte, eta, horrenbestez, biak, euskara eta generoa, menderakuntzaren alaba izaki, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Euskaltzaletasuna eta feminismoa dira ahalduntzearen bi alabak.

Bi izate, praktika eta prozesu horiek non gurutzazten diren, ze ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak ze esparru emankor zabaltzen digun mahai gainean jartzeko, lau hitzaldi eta mahai-ingurua antolatu dira 2018ko urtarriletik maiatza bitarte. Horretarako, Mari Luz Esteban, Amelia Barquín, Miren Artetxe, Aizpea Otaegi, Jaime Altuna, Ane Labaka, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre pasako dira Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxetik.

“Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastaroan izena emateko epea zabalik da hemen.


PROGRAMA

 

Urtarrilaren 30a

(19:00etan)

Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel: 'Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea'

Laburpena: Hizkuntzak nahiz generoak gizartean kokatzen gaitu. Batak bestea sakontzen, baina baita batak bestea ahalduntzen ere. Botere harremanen sarean, hala menpekotasunerako nola ahalduntzeko elementuak baitira hizkuntza eta generoa. Bien arteko elkargunetik aritzeak badu horregatik aparteko balioa: zentro patriarkal eta linguistikoetatik pasatu gabe, begiradaren zentroa aldatzeko aukera eskaintzen digu, eta identitate kolektiboa eta herrigintza eraikitzeko bide berriak zabaldu. Bide eta bidegurutze horiei erreparatuko diete Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek.

 

Otsailaren 27a

(19:00etan)

Mari Luz Esteban: 'Feminismoa eta euskaltzaletasuna: elkargune bat baino gehiago'

Laburpena: Herritartasun berri bati bide emateko ikuspegi feminista berritu behar dela uste du Mari Luz Estebanek. Esaterako, Euskal Herriko feminismoak aintzat hartu behar ditu menderakuntza-faktorerik ahulenak: hizkuntza, klasea eta etnia-arraza faktoreak. Adibidez, euskara ez da orain gutxi arte modu egokian txertatu pentsamendu feministan, Estebanen ustez, eta, klasearen kasuan, umezurtz utzi ditu feminismoak sarri enpleguaren beheko postuetan eta gizarte ertzetan kokatutako emakumeak. Horren aurrean, herritartasunaren gaiari heldu eta teoria dekolonialak gurera ekartzea proposatzen du, mugimendu herritarren arteko aliantzak sustatzeko. Auzi horietaz guztiez arituko da Mari Luz Esteban.

 

Martxoaren 20a

(19:00etan)

Amelia Barquín: 'Nola erabili euskara modu ez-sexista batean?'

Laburpena: Euskarak genero markarik ez izanagatik ere, ez da gainontzeko hizkuntzen erabilera sexistetatik libro. Euskarak ere baditu erabilera sexistak. Horren aurrean kontzientzia hartu eta proposamenak luzatuko dizkigu Amelia Barquínek: non-nola-zer eta zergatik esaten dugun zehazten saiatuko da desberdinkeriarik gabeko euskara erabiltzeko.

 

Apirilaren 24a

(19:00etan)

Miren Artetxe: 'Bat-batean ahalduntzen? Bertsolaritza, hizkuntza eta generoa'

Laburpena: Emakumeen taularatzea izan da bertsolaritzako azken urteotako aldaketarik nabarmenetakoa. Taularatze hori, ordea, ez da bat-batean egin, eta plazara salto egin izanagatik ere ez da berehalakoan gauzatzen: plazaratze hutsa ez delako aski norberaren lekua bereganatzeko, sentitzeko. Emakume bertsolariek egindako eta urratzeko dagoen bideaz eta ahalduntzeaz solastuko du Miren Artetxek bi elementu horiek, hizkuntza eta generoa, oinarri hartuta.

 

Maiatzaren 29a

(19:00etan)

Mahaingurua: Aizpea Otaegi, Jaime Altuna eta Ane Labaka: 'Euskara eta generoa gurutzatzen diren lekua'

Laburpena: Hizkuntza hautuak eta generoa harremanean daude, elkar korapilatuta, elkar gurutzatuta. Lotura hori non-nola, ze botere harremanen baitan, eta zein gizarte posizionamendutan kokatzen gaituen aztertuko dute hiru adituek; norbere esparrutik, elkarrizketaren bidez hizkuntzaren eta generoaren bidegurutzetik aritzeko.