Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 27
Gora joan
Menua
Jakin 232

«Euskal rapa ikertu behar da», Eric Ditxarri

Azken hamarkadetako isla izan arren, euskal rapak ikertu gabe jarraitzen duela dio Ditxarri antropologo eta artistak

2019-07-09
,

Euskal rapak abestu dituen gaiak ez dira batere neutroak izan, eta baliteke hori izatea orain arte unibertsitatean gutxi ikertu izanaren arrazoietako bat. Hala dio Eric Ditxarri antropologo, artista eta komisarioak Jakinen 232. zenbakirako idatzitako ‘Euskal raparen hausnarketa antropologiko historikoaren hazia’ artikuluan. Ez da arrazoi bakarra, baina. Rapa kultur adierazpide gisa gutxietsi izana kausetako bat izan litekeela dio, esaterako, herri kulturaren baitan kokatzen delako eta mugimendu berri bezain minorizatua izan delako.

Azken urteetan indartuz joan da euskal raparen eszena, ordea, eta garaiko aldaketa sozialen isla dira kantuak. Selektah Kolektiboa taldea hasi zenetik aldaketa soziopolitiko eta kultural nabarmenak egon baitira, eta aldaketa horiek irauli dituzte raplariek abestien letretara nola jarreretara. Horregatik da hain baliagarria euskal rapa ikertzea, Ditxarriren hitzetan.

Aldarri politikoetatik existentzialistetara

Fermin Muguruza aitzindari izan zen Negu Gorriak tadearen bidez euskal musikan rap kutsuko doinuak txertatzen, gogorarazi du Ditxarrik. Aitzitik, Selektah Kolektiboari zor zaio euskarazko lehenengo hip-hop albuma. 2000. urtean argitaratu zuen taldeak izen bereko diskoa egoera politikoaz, euskararen bazterketaz eta hip-hopaz abesteko.

Geroztik etorri dira beste hainbat talde. Gaur egun hogei talde baino gehiago daude zerrendatuta: MAK, Glaukoma, Maisha MC, 2zio, La Basu, Bad Sound System, Raperos de Emaus, Gorpuzkingz… «Euskal raparen panorama ikusirik, esaten ahal da Selektah Kolektiboak orain dela kasik hogei urte erein zituen haziak hazi direla», ondorioztatu du Ditxarrik.

Taldeak ugaldu ahala, aldaketak sumatu ditu Ditxarrik azken bi hamarkadetan. «XXI. mendetik sortu zenetik, euskal rapak Euskal Herriak bizi izan duen egoera soziala, ekonomikoa eta politikoa islatu ditu. Gazteen eskuetan, rapa Euskal Herriko bi azken hamarkadetako egoerak aldarrikatzeko eta salatzeko arma bilakatu da». Baina, hastapenean aldarrikapen politikoak gailentzen ziren, ezker abertzaleari lotutakoak bereziki. Gaur egun, aldiz, bestelako kezkak azaltzen dira raplarien ahotan. «Euskal raparen testuak eta ingurunea ikertuz gero, esaten ahal da, alde batetik, belaunaldi berriek aitzindarien taldeen filosofia gordetzen dutela, baina, alde batetik, garrantzitsua dela azpimarratzea borroka armatuak, gatazka politikoen amaierak eta euskal gizartean egon diren aldaketak rapari kezka existentzialen eta umorearen ateak ireki dizkiotela».

Gutasunetik euskaraz

Aldaketa horiek ez dute nazioartean hip-hopak erakutsi duen joera hedonista ekarri euskal rapera, ziurtatu du Ditxarrik. «Gutasunetik nitasunera doan lerratzeak ez du ez hedonismo ez egotasunaren apologia sustengatzen. Nikeria baztertua da. Jende arteko harremanak eta bizitzaren giltzak galdezkatuak dira». Kritika sozialak oraindik presentzia nabaria baitu.

Era berean, euskaraz hip-hopa egitearen joerak indarrean segitzen du, bere neurrian bada ere. «Euskal rapak euskal kantagintzaren eszenatokian bere lekua egin du. Normalizatuz doa euskaraz rapa egitea».

Hala eta guztiz ere, unibertsitate ikerketetatik kanpo segitzen du euskal rapak, ikerketa horrek aparteko balioa izan badezake ere. «Euskal raparen mugimendua ikertzeak aldaketa politiko-sozialek eta estetika musikalaren birmoldatzeek dituzten bide paralelo eta gurutzatuak ulertzen eta sakontzen laguntzen digu».

Horra euskal rapa ikertzeko Eric Ditxarriren proposamena Jakinen 232. zenbakian.