Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 27
Gora joan
Menua
ALEKA BILDUMA

Donald Trump amesgaizto amerikarra bihurtu denekoa

AEBetako presidentearen inguruko zazpi analisi jaso ditu ALEKA bildumaren liburuak. Egileen artean daude Joseba Zulaika, Joseba Gabilondo, Larraitz Ariznabarreta, Olatz Arrieta, eta William A. Douglass, besteak bestela

2017-06-20

Zur eta lur hartu zuen albistea Arantxa Elizegi Berria-ko kazetariak, Trump, amesgaizto amerikarra liburuaren hitzaurrean dioenez. «Asko izan ginen 2016ko azaroko bigarren astearte hartan ordenagailuaren pantailak zioena sinetsi ezinik geratu ginenak». The New York Times egunkariak pailazotzat jo zuen enpresa gizon horrek, Donald Trumpek, gidatuko baitzuen aurrerantzean AEBetako Etxe Zuria. Begiak igurtzita ere, garaile baitzen hauteskundeetan. Eta pentsaezina zena egia bihurtuta, segidan etorri ziren nazioartean kezkak, beldurrak eta galderak. Klima aldaketaren, feminismoaren eta immigrazioaren esparruan, nabarmen.

Oraindik kezkak airean izaki, galdera horiei erantzuteko asmoz gonbidatu ditu zortzi irakasle eta kazetari Elkar, Berria eta Jakinen elkarlanaren emaitza den ALEKA bildumak. Norbere esparrutik Donald Trump presidentearen jardunaz aritzeko. Joseba Gabilondo, Larraitz Ariznabarreta eta Juan Garzia Garmendia irakasleek, esaterako, Trumpen garaipena bere irudi kontserbadore eta outsider-ean oinarritzen dela uste dute. Betiko politikatik at Amerika berriro handi egingo zuen politikaria bezala aurkeztu zuelako bere burua. «Amets amerikarra elikatzen du Trumpek, eta amets amerikarrak elikatzen du Trump”, dio Joseba Zulaika irakasleak.

Etorriko denarekin ezkor dira, bestalde, Unai Pascual BC3ko kidea eta William A. Douglass antropologoa. Klimaren aldaketari begira lehena, migrazio politikengatik bigarrena. Atzerapausoak ikusten baitituzte. Jacqueline Urla irakasleak, aldiz, baikortasunari eutsi nahi dio. Trumpen garaipenak gizarte mugimenduak aktibatu dituelakoan baita, amesgaiztoa benetako bihurtu dela ikusita, eta mugimendu desberdinen arteko elkarlanerako aukerak ikusten ditu.

Aldeko eta kontrako jarrera erakusten du, ordea, Europak. Mendebaldean Trump tentuz hartzen den bitartean, Ekialdeko hainbat herrialdek txalotu baitute errepublikanoaren jarduna. Txekiak, Poloniak edo Hungariak, esaterako. Hala dio Olatz Arrieta EITBko kazetariak, liburu honetako zortzigarren gonbidatuak.

Horien guztien analisi eta iritziak jasotzen ditu, beraz, Trump, amesgaizto amerikarra liburuak. ALEKA bildumaren hirugarren zenbakia da, eta laster, ekainaren 23tik aurrera, izango da salgai.