Ostirala, 2024ko apirilak 26
Gora joan
Menua
JAKIN 210: EGUNKARIA 25 URTE

Joan Mari Torrealdai: "Egunkariaren debatea kulturgintzaren baitan planteatzen da, debatea politizatu geroago egiten da"

Euskarazko egunkariaren ekarpena aztergai, hizkuntzaren normalizazioa, kulturaren eta anzioaren irudikatzea, herrigintzaren ekimenetik eta hedabideen mapara

2015-12-21

Egunkariak ez ditu 25 urte bete. Baina orain dela 25 urte sortu zen. Mende laurdenaren erdia bizi izan zen, 13 urte betetzen ez zioten utzi-eta. Egunkariaren itxiera biolento eta traumatikoaz sorreraz baino askoz gehiago idatzi izan da, normala denez. Orain zorra kitatzera gatoz eta zenbaki honetan aztertu nahi izan duguna horixe da: Egunkaria nola sortu zen, zertarako, eta zer ekarpen egin zion hiztun komunitateari, euskararen normalizazioari, herrigintzaren ekimenari eta ordura arteko hedabideen mapari.

Egunkariak euskalduntasunaren, lurraldetasunaren eta euskal kulturaren gaineko diskurtso berri bat ekarri zuen. Diskurtso berria eta praktika berria, eta horrekin batera hiztun komunitatea erdigunean jartzea ere. Euskalduna zer den, Euskal Herria zer den eta euskal kultura zer den zedarritu eta hiru kontzeptu horien gainean nazio imajinatu propioa eraikitzeko ahalegina egin zuen. Hori da bigarren artikuluak azaltzea xede duena.

Zer esanik ez, Egunkariak ekarpen nabarmenetako bat euskararen estandarizazioari eta normalizazioari egin zion, eta baita euskarazko kazetaritza idazkerari ere. Egunero-egunero hitz, izendapen, definizio eta kontzeptu berriak jarri zituen zirkulazioan, ordura arte inoiz ikusi gabeko kantitatean eta kalitatean. Irene Arraratsek, egun Berria-ko euskara arduradun denak, ondu du artikulua.

Patxi Juaristi soziologoak errepaso luzea egiten dio gizarte zibilaren ekimenari 60ko hamarkadan hasi eta Egunkariaren sorrera arte. Euskarazko egunkari baten aldeko lehen bilera egin eta hamahiru hilabetera kalean zegoen Egunkaria. Halako balentriaren arrazoiak hiru direla iritzi dio: aurreko hamarkadetan «euskararen aldeko partekatutako identitatea eraiki» izana, Egunkariaren egitasmoa baterakoia eta zabala eta Egunkaria Sortzen taldea anitza eta prestigioduna izatea, eta, azkenik, herritarrek egin zuten lan eskerga.

Egunkariaren gaineko artikuluekin bukatzeko, Aitor Zuberogoitia kazetariak Egunkariak hedabideen eremura zer ekarri zuen aztertu du, eta, euskarazko kazetaritzaren autozentratze-ahaleginean, kazetaritza-erregistroen eta hizkeraren garapenean eta hizkuntza komunitatea artikulatzearen aldeko lanean aitzindari izana aitortzen dio Egunkariari.

Egunen gurpilean sailean, aipagarri da Nagore Amondarainek, Donostiako Tabakalera zentroaren irekieraren eta Kortxoenea gaztetxearen eraisketaren argitan, hainbat kultur zentroren gaineko errepasoa egiten duela. Henrike Galarza, Ekonomia atalean, langabezia estatistiken eta Volkswagen enpresaren gezurrez mintzo zaigu, besteak beste. Soziolinguistika alorrean, Patxi Saezek euskararen etorkizuneko estrategiez egin proposamena eta proposamen horri 50 bat lagunek egin iradokizunak hartu ditu ahotan Txerra Rodriguezek. Eta, azkenik, Gorka Juliok, Telepolis atalean, ezagutza, gailu, tresna eta programa libreen aldeko aldarria egiten du «ahalduntze teknologikoa» erdietsi ahal izateko.