Joseba Intxausti (Segura, 1936) 1958tik da Jakineko kide, eta hiruzpalau urtetan aldizkariaren zuzendari izan da. Joseba Intxausti historialaritzaren ikuspuntutik hurbildu da, batik bat, kulturgintzaren alorrera: besteak beste, Euskal Herria lan entziklopedikoa zuzendu eta koordinatu zuen 1984-1985ean (Lankide Aurrezki Kutxa, bi liburuki), Ikastolen Artxibo Historikoaren proiektuaren zuzendari-sortzailea izan zen (Historia baten bila, 1990), eta Bidegileak bilduma ere zuzendu zuen. Ikertzaile lana, nagusiki, bi eremutara zuzendu du: euskararen historia soziala eta Euskal Herriko historia erlijiosoa. Aztergai horiei buruzko hainbat eta hainbat liburu eta artikulu ditu argitaratuak. Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko Idazkari Nagusia da, berori sortu zenetik (1994). 2004tik euskaltzain ohorezko da.