Astelehena, 2024ko apirilak 29
Gora joan
Menua

Joseba Intxausti hil da, euskararen batasunaren eta modernizazioaren eragilea

Jakineko kidea, UZEIren sortzailea eta euskararen historia sozialaren eragile nagusia izan da

2023-08-18

Orrialde asko ditu Joseba Intxaustiren curriculumak eta bibliografiak. Asko, eta mamitsuak. Historialaria ikasketez, baina historialarienak ez diren hamaika lanetan ere nabarmendu da. Aitzindaria izan da euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan, baina aitzindaria izan da historiatik kanpo ere, bereziki euskalgintzaren eremuan: Txillardegiren ildoan, euskara batuaren lehen oinarriak jartzen eta zabaltzen aritu zenean, 1964ko Baionako Biltzarrari begira, Jakineko ordezkari gisa; euskararen terminologiaren arloan, oso gazte zela Jakin aldizkari sortu berritik garbizalekeriari aurre egitera ausartu zenean, edota UZEIren sorrera bultzatu eta zuzendu zuenean, gerora.

Euskalgintzan egin duen ibilbide luzeko lehen pausoak Erriberrin eman zituen, artean ikasle zela ikaskideei alfabetatze eskolak emanez, batetik, eta ikasleek urtean behin argitaratzen zuten Gure izarra aldizkarian hainbat lan argitaratuz, bestetik. Geroztik hainbat aldizkaritan argitaratu ditu bere lanak, Jakin, Anaitasuna eta Arantzazu-n, batez ere.

Garai hartan euskal letretan nagusi zen jatorrismoak euskara itoko ote zuen kezkatuta zegoen ordurako Intxausti, eredu harekin ezinezko ikusten baitzuen euskaraz arlo guztiei buruz aritzea, besteak beste zientziari eta teknika modernoei buruz irakurleek ulertzeko moduan idaztea. 1959an Jakin-en argitaratutako ‘Illobira bultzaka’ artikulua da Intxaustik arlo horretan izandako aitzindaritzaren lekuko.

Azken urteotan bi iker lerro nagusiri jarri die arreta Intxaustik. Batetik, euskararen historia sozialaren ikerketa sistematikoa abian jarri eta jarraipena segurtatu du Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez, eta Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerketan aitzindari lana egin du, lekukoa hartu nahi dionarentzat oinarriak jarriz.

Intxaustik 37 liburu, ehundik gora liburu zati eta ia laurehun artikulu ditu idatziak. Guztira 512 idazlan, 62 urtetan zehar idatzi eta argitaratutakoak. Intxaustiren lehen idazlan argitaratua 1957koa da, Jakin aldizkariko artikulu bat. Argitalpen berriena, aldiz, 2018ko liburu bat da: Asisko Frantzisko, hain zuzen. Obra oparoa, kopuruz nola edukiz, beraz. Euskararen historia soziala, kulturgintza eta euskalgintza, euskararen modernizazioa, euskal pentsamendua, Euskal Elizaren eta erlijioso-institutuen historia, Arantzazu eta beste hainbat gai lantzen baitira Joseba Intxaustiren obran.

56ko belaunaldiko kidea

Joseba Intxausti Rekondo 1936ko uztailaren 29an jaio zen Seguran (Gipuzkoa), Espainiako gerra zibila piztu berritan. Hamabi urte zituenerako garbi zuen fraide izan nahi zuela eta, horretarako, Arantzazura joan nahi zuela. Frantziskotarren santutegiko seminario txikian hasi zituen, beraz, ikasketak, 1948an. Handik hiru urtera Forura jo zuen, Imanol Berriatua zuzendari zuen apaiz ikastetxera. Han beste hiru urte egin ondoren, Zarauzko nobizio etxean egin zuen urtebete. 1955ean iritsi zen Erriberriko seminario nagusira, filosofia ikasketak egitera. 1958an Arantzazura itzuli zen, teologia ikasketei ekitera. Jakin aldizkariaren zuzendaritza hartu zuen orduan. Euskaltzaindiak 1961ean izendatu zuen euskaltzain urgazle.

Teologia ikasketak burututa eta apaiz frantziskotar bihurturik, Foruko apaiz ikastegian irakasle aritu zen 1962tik 1964ra. Ondoren, Kataluniara jo zuen, Bartzelonako Unibertsitatean ikasketak osatzera: historia garaikide eta modernoko lizentziatura egin zuen. Historia irakasle egin zuen urtebete Bartzelonan, eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen 1970ean. 1969ko aldizkariak argitaratzeko debekuaren ostean bide berri bati ekin zion orduan Jakinek, Intxaustiren zuzendaritzapean: Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola eta horiek bezala atzerrian ziren beste hainbatekin lankidetzan, Jakin aldizkariaren ordez liburuak argitaratzen jarraitu zuten. 1972tik aurrera Tolosako frantziskotarren etxean bildu ziren Jakin Taldeko kideak. 1973-1974 urteetan Anaitasuna aldizkariaren zuzendaria ere izan zen Intxausti.

Frankismoaren bukaerak aukera berrien garaia ekarri zuen, eta Jakin Taldeak bide berriei ekin zien. Batetik, 1977an Jakin aldizkaria berriro argitaratzen hasi ziren, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean. Eta, bestetik, euskararen terminologia arazoari irtenbidea ematen hasteko garaia zela erabakita, UZEIren sorrera bultzatu zuen, Joseba Intxaustiren gidaritzapean. Hamar urte eskaini zizkion Intxaustik UZEIko lanari, lehenengo bost urteak zuzendari, eta ondorengoak langile.

Historialaritzaren ikuspuntutik ere hurbildu da kulturgintzaren alorrera: besteak beste, Euskal Herria lan entziklopedikoa zuzendu eta koordinatu zuen 1984-1985ean (Lan Kide Aurrezki Kutxa, bi liburuki), Ikastolen Artxibo Historikoaren proiektuaren zuzendari-sortzailea izan zen (Historia baten bila, 1990), eta euskararen historia sozialarekin zerikusia duten hainbat lanetan ere jardun zuen: Euskaltzaindiaren Euskararen Liburu Zuria-n parte hartu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Hitz eta Nafarroako Gobernuaren Euskara Denona erakusketen arduradun izan zen, eta Bidegileak bildumaren aurreneko zuzendaria ere bai, besteak beste. 1994tik, Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko idazkari da. 2004an, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak. 2018an, Jakin Taldearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen.