Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 27
Gora joan
Menua

Euskal kultura 2023

2024-01-11

Elkarri lotzen zaizkion zenbait kezka azaleratu dituzte adituek urteak emandakoaren errepasoan, kulturgintzaren ikuspegi estrategiko kontrajarrien talkan bistaratzen direnak. Egileek etengabe txirikordatu dituzte esperientzia kultural desiragarriak eta aurkako ikuspegiarekin sustatutako proiektuak.

Lorea Agirre zuzendariak hitzaurrean dioen bezala, «kulturaren definizioaren, praktikaren eta botere harremanen sustraiko azterketa egitetik abiatzea» beharrezkoa baita. Fin betetzen dute egiteko hori bi artikulugile nagusiek, iraganetik gaurkorako eta egungotik etorkizunerako begiradak osatuz.

Kultur arloko zortzi lagunen gogoetak biltzen ditu idatziz aldizkariak, alorrez alor urteak erakutsitako erronka, bizipen eta ametsen bilduma osatuz.

Aurten zortzi irudigile ipini ditu gogoetan Jakinek, Dom Campistron kontrazal egileaz gain: Eider Eibar, Axpi, Exprai, Patxi Gallego, Paula Estevez, Mariñe Arbeo, Dani Fano eta Joseba Larratxe.

Azkenik, 2022ko euskal liburugintzaren azterketa ere jasotzen du aldizkariak, Xabier Eizagirre Jakin-eko erredakzio buruaren eskutik.

'Kultura-hitzarmenak hezkuntza-testuinguruetan'

Iratxe Retolaza Gutierrez

XX. mendean zehar erroturiko hitzarmen sozialen bitartez, euskal hezkuntzan euskal kultura eta euskarazko jarduna berdintzen zituen adostasuna lortu zen. Azken hamarkadan hitzarmen hori arrakalatuz joan da. Higatze prozesuan gertaturiko tentsio zein desplazatze zenbait aipatzen ditu egileak, esaterako: «Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berriak euskal kultura definitzean agertzen duen anbiguotasuna». Trantsizio-unean gaudela iritzita, ekiteko moduak birpentsatzeko deia luzatzen du.

'Kultura eta basamortua'

Jon Urzelai Urbieta

Kulturaren ikuspegi estrategikoaz egiten du gogoeta egileak; egun indarrean dauden kultur politikak auzitan jarri eta trantsizio ekosozialaren testuinguruan zein beharko liratekeen aztertuz. 2028rako Jaurlaritzaren Kultura Plan Estrategikoari begirada zorrotza eskaini dio, kultur estrategian aipatzen diren kontzeptuak adibide gisa jarriz: «turismoa, ikusgarritasuna, basque, nahi beste».

 

Euskal kultura 2023

Askoren artean

Urtean zehar kulturaren hainbat alorretan gertatutakoaren balantzea idatzi dute sei egilek. Oihana Aranak literaturaren eremuak galdutako espazio kuttunen hutsunea ze proiektu kolektibok goxatu dioten kontatu du; Gorka Erostarbek, urteko soinu bandatik abiatuta, transmisioaren inguruko kezka agertu du, Jonan Ordorika eta Alan Griffini aipamen berezia eskainiz; Jone Rubiok aztertu du arte munduaren emaria, kantitatea kualitatea gainditzen ari den bizimoduan, bigarrena lehen lerrora ekarriz; Andoni Imazek urteko euskal ekoizpenen bueltan josi ditu bere gogoetak, motiboak eta estiloak aztertuz «herri espirituala eta hiri literala?» galdetzeko; Libe Mimenzak sare eta plataformei eman die errepasoa, zikloak perbertitzeko daudela gogoraraziz; eta Eli Pagolak, bertsolaritzak egun dituen plaza eta jardun desberdinetan fokua jarriz, bertsolaria birdefini dezaketen bertsozale birdefinituen bila jo du. Artikulu grafikoei dagokienean, Eider Eibar, Axpi, Exprai, Patxi Gallego, Paula Estevez, Mariñe Arbeo, Dani Fano eta Joseba Larratxeren begiradak biribildu du urtearen balantzea.

 

'Euskal liburugintza 2022'

Xabier Eizagirre Gesalaga

2022ko liburu ekoizpenaren emaitzak aztertu ditu Eizagirrek, Torrealdaik 1976an abiatutako ikerketari segida emanez. Sarean osorik irakur daitekeen azterketaren laburpena dakar aldizkarira, hainbat joera azpimarratuz. Esaterako, editoreen %6,9k soilik gainditzen duela 20 ekoizpeneko langa, profesionalizazio eta egonkortasun mugatua bistaratuz. Gainera, «Euskal Herritik Euskal Herrirako hezkuntza proiektuak ez dira jada nagusi, bertako editorialek lantzen duten curriculum proiektuak ez baitu gehiengoa hartzen». Produkzioari begira, «kultura osasuntsu batek beharko lukeen maila eta kopurutik oso behera dabil» giza eta gizarte zientzietako liburua. Horiek, liburugintzak agerian utzi dituen zenbait sintoma. Dena den, 2022ko liburu ekoizpena pandemia osteko beheraldiari buelta emanda dator.