Asteazkena, 2018ko abenduak 19
Gora joan
Menua
Urrezko Domina
Jakinen talde historikoa iazko Joseba Intxaustiren omenaldian

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina Jakinentzat

Pentsamenduan, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, euskara batuaren bultzadan eta transmisioan egindako lanarengatik jasoko du saria Jakinen talde historikoak

2018-11-13

Joxe Azurmendik, Joan Mari Torrealdaik, Paulo Agirrebaltzategik eta Joseba Intxaustik osatutako Jakinen talde historikoari Urrezko Domina ematea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, pentsamenduan, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, euskara batuaren bultzadan eta transmisioan egindako lanarengatik. «Urrats garrantzitsua izan zen garai hartan, eta gaur oraindik gurean dugu ahalegin haren fruitua», adierazi du Markel Olano ahaldun nagusiak. «Bakoitzak bere ibilbidea zuen arren, jakin dute urteetan zehar taldeari eusten eta euskal kultura sustatzen. Merezi dute».

Esker onez jaso du berria Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakariak, talde osoaren izenean: «Jakinen parte hartu duten guztientzako saria da Urrezko Domina. Talde historikoko lau kideek ez ezik, bidelagun izan ditugun guztiek egin baitute Jakin. Baita egungo Jakineko lantaldeak ere. Etorkizunera begira aritzeko bultzada ere bada saria».

Ekitaldia abenduaren 19an egingo da Gipuzkoako Foru Aldundian. Bertan izango dira lau jakinkide historikoak.