Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan

Jakin(guran)

Daniel Escribanok (Palma, Herrialde Katalanak, 1978) –soziologian doktorea, itzultzailea eta Konstantzako Unibertsitatean euskara-irakurlea izandakoa– euskal ipuingintza modernoaren antologia bat hautatu eta itzuli zuen katalanera iaz: Pomes perdudes. Antologia de la narrativa basca moderna (Tigre de Paper, 2014). Txomin Peillen, Jon Mirande, Joseba Sarrionandia, Patxi Zubizarreta, Eider Rodriguez, Karmele Jaio, Koldo Izagirre, Harkaitz Cano, Uxue Apaolaza, Xabier Montoia, Katixa Agirre eta Iban Zalduaren ipuinak biltzen ditu liburuak. Horren harira Escribanok idazle horietako batzuei egin dizkien elkarrizketak dituzu hemen irakurgai. Hasteko, Koldo Izagirre eta Xabier Montoiarenak eskaintzen dizkizugu.

2022-05-10

Jakin(guran) atalaren bigarren elkarrizketan Dom Campistron ilustratzailearekin aritu gara, Jakin aldizkariaren 244. zenbakitik kontrazaleko artikulu grafikoen egilea ere badena. Bere liburu ilustratutik abiatuta, kulturaz, herriaz, hizkuntzaz eta sorkuntzaz duen ikuspegia ezagutu dugu.

Xabier Mendiguren Elizegi

«Historia-liburuetan agertzen ez diren ñabardurak ager daitezke fikzioan»

2016-03-10

Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, 1964) ibilbide luze eta oparoa du euskal letretan, ikerkuntzan, sorkuntzan zein ediziogintzan. Antzerkian, besteak beste, honako obra hauek idatzi ditu: Publikoari gorroto (Euskaltzaindia, 1987), Pernando, bizirik hago oraindio (Euskaltzaindia, 1989), edota Garai(a) da Euskadi (Kutxa Fundazioa, 1993). Horrez gain, zenbait eleberri plazaratu ditu Mendigurenek, tartean Berriro igo nauzu (Elkar, 1995), Elvis hil zen urtean (Elkar, 2007), 1002. gaua (Pamiela, 2010) edota Sakoneta (2) (Elkar, 2011). Ipuingintza ere erruz landu du, Arima enkoniatuak (Elkar, 2005), Vikingoen sorterrira (Elkar, 2010) edota Arantzak barrurantz (Elkar, 2014) bildumak lekuko. Hori guztia nahikoa ez, eta euskal liburugintzako argitaletxerik handieneko arduraduna dugu. Harekin elkartu ginen abuztuko amaieran, Beasainen, euskal literaturaz duen ikuspegi zabala eta poliedrikoa ezagutzeko, baita haren obraren beraren alde batzuez solastatzeko ere.

Eider Rodriguez

«Euskal literaturaren gaitzetako bat soberazko hitz-kopurua da»

2016-01-28

Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) euskal kondagintzako ahotsik originalenetako bat dugu. Konplexurik gabeko begirada ausart eta ziztatzailearen jabe, sekulako arreta eta interesa piztu ditu Rodriguezek irakurleengan zein kritikan bere ipuin-bildumen bidez. Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004), Haragia (Susa, 2007) eta Katu jendea (Elkar, 2010) argitaratu ditu sorkuntzan, eta Itsasoa da bide bakarra. Sarrionandia irakurriz (Utriusque Vasconiae, 2014), ikerkuntzaren arloan, bere doktoretza-tesian oinarrituta. Irène Némirovskyren Le bal (1930, Dantzaldia, Txalaparta, 2006) eleberria euskaratu du, eta ediziogintzan ere aritua da Rodriguez. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean ari da ikerlari eta irakasle. Hendaian (Lapurdi) bisitatu genuen abuztuan, oporretatik itzuli berritan, eta euskararen zein euskal literaturaren egoeraz harekin aritzeko parada izan genuen, baita haren obraren alde batzuetan sakontzeko ere.

Uxue Apaolaza

«Diskurtso eginak puskatzeko da literatura»

2015-11-27
Uxue Apaolaza (Hernani, 1981) gaurko euskal literaturaren ahotsik original eta berritzaileenetariko bat dugu, berak halako kalifikatzaileak eszeptizismoz hartzen baditu ere. 2005ean, artean 24 urte zituela, irakurleak eta kritika aho zabalik utziko zituen obra gogoangarriarekin azaldu zen plazan: Umeek gezurra esaten dutenetik kontakizun-bildumarekin (Erein). «Euskaraz inoiz irakurri ez genituen moduko perlak gordetzen ditu», idatzi zuen Gorka Bereziartuak, Apaolazaren begirada ausartak eta hizkera gordinak txundituta. Horrez gain, 2009ko uztaila arte egunerokotasunaren kultur kritikarako zutabeak idazten zituen egunero Berria-n, zinezko pieza literario xumeak izaten zirenak. 2009an, Igartza beka irabazi zuen, eta, horri esker, Mea culpa eleberria (Elkar, 2011) idatzi eta argitaratu zuen. Volgako Batelariak literatur taldearen kidea ere bada Apaolaza. Madrilen hainbat urtez bizi ostean, Hernanira itzuli da, eta han bisitatu genuen martxoaren hasieran.

 

Nola ikusten duzu euskal letren gaurko egoera?
Zer zentzutan? Ez dakit galdera horri erantzuten; ez dakit, adibidez, literatura-sistemaren egoera ekonomikoa zein den eta abar. Literaturarekin dudan harremana nahiko indibiduala da, ez dira gauza asko existitzen nire burbuila horretan liburuetatik eta nigandik harago. Denak ni bezalakoak balira, ez legoke sistemarik, hori ere egia da.

Koldo Izagirre

«Idazleak ez du izan behar idazle gai bati esker, baizik eta forma bati»

2015-09-30
Koldo Izagirre (Altza-Pasaia, 1953) euskal letretako egilerik irudimentsuenetako bat da. Poesian zein kontagintzan ibilaldi oparoaren jabe, literatur hizkeren esploratzaile eta berritzaile porrokatua dugu. Oroimen historikoa da, gehienbat, bere obran jorratu duen gaia, etengabeko bilakaeran ari den teknika esperimentatzailearen bidez, errealitatea kontatzeko/sortzeko literaturak berak zer muga dituen azaleratuz. Unibertsaltasunerako bidea norberaren lekutik abiatzen dela jakitun, Pasaiako portuan kokatu ditu ipuingintzan sortu dituen lan gehienak. Han bisitatu genuen 2014ko irailaren azken egunetan, euskal literaturaren gaurko egoeraz zer ikuspegi duen jakiteko, baita oroimen kolektiboaz bere obran sortu duen eraikuntza literarioaren gako batzuei hobeki antzemateko ere.

 

Nola ikusten duzu euskal literaturaren gaur egungo egoera?
Oso zaila egiten zait horri erantzutea, zorionez. Duela 30-40 urte erraz samarra zen: eskola zaharrekoak, eta tendentzia berrietakoak, batua-euskalkia borrokaren ildoa luzatuz, nolabait. Orain tendentzia haiek obra inportanteetan gauzatu dira, eta, ondorioz, euskal literatura anitza da. Adibidez, ipuina hartuko bagenu, nik uste dut gardenki ikusiko genukeela hainbat ildo nagusi egileen joeretan, gaietan, estiloetan, eta baita egileek berek askotan daukaten eboluzioan ere. Maila soziologikoago batean, genero nagusia nobela da salmentan eta, ondorioz edo, asko argitaratzen da. Orain dela 30-40 urte esaten zen normaltasunera iristeko nobelak nagusitu behar lukeela. Orain poesia ez dago garai batean bezala nagusi, nagusi dagoena nobela da. Normaltasunera iritsi gara, beraz, gainerako umeak bezalakoak gara. Merkatu bat lortu dugu, edo merkatuak agindu du, azkenean... Niretzat harrigarria da gazteak, oso gazteak, nobelak idazten ikustea, nobelarekin azaltzea estreinakoz plazara.
 

Xabier Montoia

«Batzuei oso ondo etorri zaie Euskal Hiriaren kontzeptua, politika erreakzionarioak eta beren interesen aldekoak bultzatzeko eta zuritzeko»

2015-09-30
Xabier Montoia (Gasteiz, 1955) musikari, olerkari eta idazlea da. Historia da haren narraziogintza zeharkatzen duen motibo nagusietako bat, Hilen bizimoldea trilogia lekuko, Hezur gabeko hilak (Susa, 1999), Blackout (Susa, 2004) eta Elektrika (Susa, 2004) eleberriek osatua, XX. mendeko Frantziako Errepublikako historia belikoaren metafora hunkigarria, Ipar Euskal Herritik begiratua, edota Golgota (Elkar, 2008) nobela. Gaur egungo Euskal Herriko gatazka politiko-sozialei ere ez die izkin egiten Montoiak, Denboraren izerdia (Elkar, 2003), Azken afaria (Susa, 2013) eleberriek, edota Baina bihotzak dio (Elkar, 2002) eta Euskal Hiria sutan (Elkar, 2006) kontakizun-bildumek argiro erakusten dutenez. Maisuek duten erritmoaren senaren jabe, gaurko euskal letren narratzaile handienetako bat dugu Montoia. Hondamendia kontakizun-bilduma da labean duen azken lana. Martxoaren hasieran harekin solastatzeko parada izan genuen, Donostiako kaiko taberna batean.

 

Zer idazten ari zara orain?
Orain bukatzen ari naiz liburu bat, Hondamendia deituko dena, ez dakit zer den ere: ipuinak-edo dira, kontakizunak; baina, beno, ni pixka bat neure buruarekin harrituta nago, orain arte ez dudalako inoiz horrelako tonuan idatzi. Liburu oso harrigarria da, hasi zen oso-oso gutxitik, eta, idatzi ahala, handitu egin da.