Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan

Beharrizanak hezkuntzan

HUHEZI Fakultateko irakasleak hezkuntzaren inguruko eztabaidari heldu dio

2022-03-18

Hezkuntzari buruzko gogoeta beharrizanaren ikuspegitik antolatuko dugu. Alde horretatik, hauxe da galdera orokorra: zein dira, gurean eta gaur egunean, hezkuntzako beharrizanak? Halako galdera baten muineko planteamendua honako hau da: ezagut ditzagun lehendabizi hezkuntza formaleko beharrizanak, eta, gero, haren zerbitzura doitu hezkuntza-sistema eta eskolaren antolaketa.
Gogoeta hau bokazio horrekin dago egituratuta. Baina ikusiko dugu planteamenduak badituela bi arazo eta zailtasun praktiko. Alde batetik, beharrizanak askotarikoak dira, izaera, zentzu eta helburu askokoak; eta beharrizanen artean konkurrentzia ere badago. Bestetik, antolaketak ez du beharrizanen eta guztion onaren zerbitzura zertan egon, eta, kasu horretan, esate baterako, hezkuntza-komunitateko eragile ezberdinen aldetik, neurri protekzionisten eta korporatibisten eskaerak gailendu daitezke.  Mendebaldeko gizarte pluralistetan, halako buruhausteak ohikoak dira; ez hain orokorrak eta arruntak hezkuntzaren eremuan, ordea.
Gaia, planteamendua eta arazoa azalduta, hona hemen testu honen egitura: lehenik, beharrizanaren kontzeptua eta esanahi morala argituko ditugu, labur-labur; gero, bigarrenik, gurean hezkuntza-beharrizanak zein diren planteatu, eta horren azalpenari eskainiko diogu testuaren zati gehiena, beharrizanen tipologia bat osatuz; azkenik, bukatzeko, gure aurrekoei diegun zorra aitortu, eta iragan hurbileko ekimen herrigileetatik ikas dezakegunaren pintzelkada bat sintetizatuko dugu, testuan zehar  idatzitakoak berrirakurri eta aurrera begirako proposamen orokor gisa.