Astelehena, 2017ko azaroak 20
Gora joan
Menua

Zergatik eta zertarako euskaldun?

2014-11-10

1967ko urtarrilean, Zeruko Argia astekarian, Joxe Azurmendik galdera hauxe planteatu zuen Alemaniatik idatzitako artikulu batean: «Zergatik eta zertarako euskaldun?». Istilu galanta sortu zuen, erantzun andana ere bai hurrengo hilabeteetan. Unamuniano, barojiano, españolista, traidore, erreazionario, burjes... denetik irakurri behar izan zuen Azurmendik.

1967ko Jakin 27/28 zenbaki bikoitzean dator Azurmendiren erantzun nagusia, Joseba Intxaustik 25. zenbakian argitaratutako gutun ireki bat aitzakia hartuta. Azurmendik, erantzun horretan, hasierako artikuluari buruz idatzi zutenei (Juan San Martin, Mikel A. Yntxausti, Julen Kalzada, Egile ezezaguna, Iritzira, Imanol Laspiur, Paulo Iztueta, Gabriel Aresti, Xabier Lete, Joseba Intxausti) erantzutearekin batera, bere ideiak argitzen eta azaltzen saiatzen da.

Azken buruan, Azurmendiren ustez, euskaldun izateko ez da nahikoa euskaldun jaiotzea. Ekintza, ahalegina, lana, ezinbestekoak dira. Kontzientzia. Eta justizia gosea.

Bestalde, Txillardegik eta Rikardo Arregik ere zeresan handia eman zuten artikulu bana argitaratu zuten 1967an bertan Jakinen orrialdeetan: ‘Gure eginkizuna’ Txillardegik (Jakin 24) eta ‘Euskaltzaleen Jainkoa ill bear dugu’ Rikardo Arregik (Jakin 27-28). Euskara, euskaltasuna, euskal kultura, tradizioa eta modernitatea... Nabarmena da eztabaida eta aldaketa ideologiko sakonen aroa bizi zutela urte horietan.

Eztabaida horrek bizirik jarraitzen du gaur ere. Egun, antzeko galderen bueltan gabiltza, zer den euskaldun izatea, hizkuntzaren erabilera nola motibatu, eta, azken finean, zer leku hartu behar duen euskarak. Azken hilabeteetan, gainera, azkartu egin da Euskal Herriaren independentzia prozesuan euskal identitatearen eta zentraltasunaren gaineko eztabaida.

2014ko otsailaren 6an, Jon Benito idazleak ‘Euskal izatearen zaila’ (http://zuzeu.eus/2014/02/06/euskal-izatearen-zaila) izenburupean egindako artikuluak eztabaida bizia eragin zuen. Benitok berak, erantzun batean, gogora ekartzen zuen 1967an sortu zen eztabaidaren oihartzuna, eta orduko artikuluak eskura jartzea iradokitzen zuen. Honatx hemen, beraz, eztabaida zahar-berri honen orduko testigantza guztiak, Jakinen eta Zeruko Argia-n argitaratu zirenak.

‘Zergatik eta zertarako euskaldun?’ polemika Zeruko Argia-n eta Jakinen

        

    

Txillardegi eta Rikardo Arregi Jakinen euskalduntasunari buruz