Osteguna, 2017ko irailak 21
Gora joan
Menua
ETAren ARMAGABETZEA

ETAren armagabetzearen atarian, indarkeriaz gogoeta

Jakinen gatazkaz eta biolentziaz idatzitako zenbait artikulu jaso ditugu dosier honetan

2017-04-03

«Oso erraza da Aieten esatea ETAk armak bota behar dituela. Botako ditu. 200 kalashnikov nahi badituzu, emadazu aste bat eta lortuko dizkizut, azkar. Merke, gainera». Hala zioen Ramon Labaien politikari jeltzaleak 2013an, Imanol Murua kazetariak Jakin aldizkariko Historia bizia sailerako egindako elkarrizketan. «Uztea sinbolo bat da. Horiek nahi dute belauniko jartzea eta pistola bat botatzea. Pistola batekin nahikoa dute. Baina belauniko. Espainiak ez du inoiz bakea bilatu, beti nahi du garaipena. Beti zapaldu. ETAkoek keinua egin dute, baina Madrilekoei eta Pariskoei negoziatzeko eskatzen diete gero. Horiek ez dute behin ere negoziatuko! ETA izan da argudio politiko bat, laguntza bat espainolentzat. Horiei ez zaie komeni ETA desagertzea. Eta, bestetik, ez dute negoziatuko ezin dutelako. Hor gelditzen da problema bat. ETAk ezin ditu utzi presoak baztertuta espetxeetan. Eta espainolek bere hautesleei begira ezin dute negoziatu ETArekin. Zertan bukatuko den? Ez dakit».

Murua, Imanol (2013): ‘Ramon Labaieni elkarrizketa’, Jakin 196: 35-108.

2017ko apirilaren 8an izango du erantzuna Labaienen galderak. Ezusterik ezean, egun horretan armagabetuko da ETA, bakearen artisauak bitartekari dituela. Bake prozesuan mugarri izango den eguna. Horregatik, Jakin aldizkarian ETAren nahiz oro har gatazkaren eta indarkeriaren inguruan idatzitakoak ekarri nahi izan dugu ostera ere mahai gainera. Ez guztiak, baina bai esanguratsuetako batzuk. Baita Jakinkideen gogoetak ere.

 

Indarkeria alboratzeko ETAren erabakiaz

2011ko urriaren 20an iragarri zuen ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera. Erabaki horretara iristeko pausoak eta kausak aztertu zituzten 2013an Mikel Saratxo eta Julen Zabalo soziologoek. Hala zioten 197. zenbakian argitaratutako 'Jarduera armatuaren amaiera. ETAren erabakirako arrazoiak' artikuluan: «ETAri gogoetarako gaia aurkeztu zitzaion: nazioartean eta Euskal Herrian laguntzeko jarrera ager zitekeen, baldin eta ekintza armatuak desagertzen baziren; baina balizko jarrera hura ezina izango zen ekintzek jarraituz gero». Armagabetzearen bidean beste erabaki mugarri baten analisia duzue honakoa:

Saratxo, Mikel; Zabalo, Julen (2013): ‘Jardura armatuaren amaiera. ETAren erabakirako arrazoiak’.  Jakin 197, 11-32.

 

Politika eta indarkeriaz: Azurmendi eta Cugno

Armagabetzearen atarian, indarkeria bera ere bada gogoetagai. Hain justu, biolentzia eta balioen inguruko hausnarketa egin zuen Joxe Azurmendi Jakinlari eta pentsalariak Hik Hasi aldizkarian 1998an argitaratutako 'Indarkeria eta balio berrien bilaketa' artikuluan.

«Uste dut honez gero horrek izan behar duela biolentziaren inguruko planteamendua: ez, zilegi da edo ez da ETAren indargintza? (erantzuna edozein izanda ere, asko ez digute balio ematen baitu); baizik, zer egin, ahalbait lasterren indargintza ezin dadin razionala eta legitimoa inola izan gure artean? (Ez, "bizitza sakratua da", inola ere egia ez dena, baizik: egin dezagun gure artean, sakratua izan dadila). Hori da gure erronka».

Azurmendi, Joxe (1998): ‘Indarkeria eta balio berrien bilaketa’. Hik Hasi 35: 6-35.

(Azpian PDFan ere eskura)

Ildo horretan, 2012an Agnès Cugno filosofo eta irakasle frantsesaren gogoeta ekarri genuen Jakineko 192. zenbakiko orrietara, indarkeriaren, politikaren eta estatuaren inguruko hausnarketa:

«Biolentzia Estatuan zentralizatzeak dakarren instituzionalizazioak legitimitatea ematen baitio denen begietara indarkeria horri, baita pairatzen dutenen begietara ere. Mendekuaren aldeko eta kontrakoak dauden bitartean, Estatu biolentziak aldekoak besterik ez ditu. Denen izenean jokatzen baitu Estatuak, baita kondenatuaren izaera razionalaren izenean ere, Hegelek analizatzen duen moduan».

Gogoeta hauek irakur litezke euskaratutako 'Indarkeria eta politika' artikuluan.

Cugno, Agnès (2011): ‘Indarkeria eta politika’, Jakin 192: 54-64.

 

Gatazkaren ezpalak, ertzetatik begira

«Gatazkatik zer edan den, nola irakurri den, eta, bereziki, nola islatu den». Hori zuen helburu Jakinen 209. zenbakiko Gatazkaren ezpalak monografikoak, atarikoan zehazten zenez. Gatazkaren errelatuari buruzko borroka islatzeko sei eremuetako zortzi ahots elkartu zituen Jakinek: artetik begiratu zioten gatazkari Xabier Gantzarain, Nora Aurrekoetxea, eta Laura Ruizek; musikatik aritu zen Josu Larrinaga; literaturatik Ibon Egaña; zinematik Josu Martinez; generoaren ikuspegitik Zuriñe Rodriguez; eta Imanol Murua Uria akademiatik. Izan ere, ezinbestekoa da gatazkaren eta kultur diziplinen arteko elkar eragina, trukea eta are performazioa.

Zenbakia osorik duzue hemen eskura.

  • Gantzarain, Xabier (2015): 'Gatazka irudikatzeran gatazka', Jakin 209: 11-23.
  • Aurrekoetxea, Nora: Ruiz, Laura (2015): 'Noiz arte jarraituko du dantzak?', Jakin 209: 25-34.
  • Larrinaga, Josu (2015): 'Musikak gatazka islatu edota performatu, gatazkak musika ito', Jakin 209: 35-52.
  • Egaña, Ibon (2015): 'Ihesaren fantasia', Jakin 209: 53-67.
  • Martinez, Josu (2015): 'Ispilu hautsiaren memoria?', Jakin 209: 69-82.
  • Rodriguez, Zuriñe (2015): 'Gatazka, normalizazioa eta feminismoa', Jakin 209: 83-99.
  • Murua Uria, Imanol (2015): 'The End of ETA: errelatuaren borroka akademian', Jakin 209: 101-116.