Osteguna, 2024ko apirilak 18
Gora joan
Menua
Erreminta kaxa

Trumoitik ekaitz perfektura? (Aitor Zuberogoitia Espilla)

2020-05-25

COVID-19 gaitzaren pandemiak ekarri digun normaltasun distopikoari aurre egiteko lanabesak biltzen hasi da Jakin. Zer eta zergatik gertatu den, eta zer ikasi dugun ulertzeko eta irtenbideak begitantzen asmatzeko tresnak eskatu dizkiegu hainbat pentsalariri. Horien artean duzu Aitor Zuberogoitia Espilla Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslearena, bideo zein testu bihurtuta.


Trumoitik ekaitz perfektura?

Aitor Zuberogoitia Espilla
Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea

 

Euskarazko Wikipediak dioskunaren arabera, trumoi-ekaitz guztiek, axolarik ez zein motatakoak diren, hiru fase dituzte:

• Kumulu fasea
• Fase heldua
• Lasaikeria fasea

Kumulu faseak kontsumo-eredu baten agortze-sintomak eta berorren mugak azaleratu zituen gurean. Aspalditik zetorren kontua, eta adierazlerik esanguratsuena zaborraren kudeaketaren inguruko azken urteotako debate amaigabea zen ziurrenik. Zaldibarko zabortegiko tragedia izan daiteke auzi hori irudikatzen duen metaforetako bat, trumoiaren burrunba eskualde hartan ez ezik Euskal Herri guztian entzun baitzen. Tartean hildako bi izanik, heriotzen eta krisiaren kudeaketaren inguruan ardaztu zen hurrengo egunetako eztabaida, eta ez horrenbeste agian gizarte-ereduan. Niri neuri duela urte batzuetako telesaio bat etorri zitzaidan akordura egun haietan: The Fall and Rise of Reginald Perrin. Reginald Perrini, inguratzen zuen gizartea aztertuta, ezertarako ere balio ez zuten produktuak saltzen hastea bururatu zitzaion (horrela iragartzen zituen, gainera), eta derrepentean aberastu zen. Gure zabortegien itxurak hein batean hori irudikatzen duela begitantzen zait: muturreko kontsumoan oinarritutako gizarte baten erretratua, berak sortutako zaborrarekin zer egin ez dakien garapen-eredu baten argazkia. Horren harira, argigarria da Pedro Miguel Etxenikeri egunotan irakurritakoa Berria-n:

Aurrera egiteko presa dago, baina uste badugu humanitatearen etorkizuna zentzurik gabeko kontsumoan eta naturaren mugarik gabeko esplotazioan egongo dela, porrot egingo dugu.

Artean shocketik geure onera etortzeko ginela, ekaitzaren fase heldua iritsi zen, koronabirusaren tsunamia. Lerrook idazten ari naizela, Hego Euskal Herria lehen fasera igaroa da, zalantza artean, eta Ipar Euskal Herrian 6-10 urte arteko umeak eskoletara bueltatzen hasi dira. Hurrengo hilabeteetara begira jarrita ataka estua atzeman daiteke: Foru Ogasunek uste baino diru gutxiago bildu dute Hego Euskal Herrian, eta, aditu batzuen arabera, batetik eskaintza-krisia egon daiteke sektore batzuetan produkzio-ahalmena jaistearen ondorioz, eta, bestetik, horri eskari-krisia ere batuko omen zaio (kontsumoa apaldu egingo ei da). Horiek horrela, beste garapen-eredu baten aldeko hotsak geroz eta ozenago suma daitezke, ekonomia globalizatua jatorrizko oikos horretara (habitat-a, etxea, bataren zein bestearen gobernua) itzultzearen aldeko aldarriak. Gogoeta interesgarria egin du horren inguruan Joseba Gabilondok Argia-n:

Ideiala, jakina, auzo-baratzean geratzea da. Baina, adibidez, Internet globalari eutsi dakioke horrela? Nola aurre egin auzo-baratzetik kanpotik etorri daitekeen eraso militar inperialista bati? Alegia, auzo-baratzeak unibertsala izan behar du (kontzeptualki eta normatiboki) funtzionatuko badu. Eta hor dago kinka. Argi dago estatua egun ez dela erantzuna, nahiz eta mobilizatu behar izan duen koronabirusa kudeatzeko. Post-estatu bat behar dugu, eta jakina, post horrek berriro diosku oso gutxi dakigula.

Oso gutxi dakigunez, erreferentzia argirik ez dagoenez eta zelan edo halan burua ateratzen hasiak garenez, oso presente egon daiteke trumoi-ekaitzen hirugarren fasera, hots, lasaikeria-fasera igarotzeko arriskua. Arrisku hori saiheste aldera, herri-estrategia sozioekonomiko oso bat pentsatzeaz jardun du Iñigo Iñurrategik. Beraren ustez, aro honek eskatuko digu tokian tokiko beharrei erreparatzea, jarduera batzuk birlokalizatzeko aukera aztertzea eta birpentsatzea zer produzitu beharko genukeen herri/eskualde bakoitzean, zer Euskal Herrian eta zer Europan zein nazioartean. Hau da, autosufizientzia ekonomikoaren eta interdependentziaren arteko oreka topatu beharko dela.

Iñurrategiren iritziz, jarduteko modu horretan garrantzi azpimarragarria izango lukete tokian tokiko eragile autonomo autoeratuek:

Bai naturak garatu dituen egituretan zein gizarte egitura modernoetan frogatuta dago egitura inteligente eta eraginkorrenak egitura banatuak, autonomoak, ez zentralizatuak direla.

Egitura horiek teknologia bidez konektatu eta koordinatuko lirateke (egunotan igarri dugunez, digitalizazioa areagotu egingo da arlo guztietan, eta automatizazioa eta adimen artifiziala izango ditu lagun, aldaketa handiak eraginez; datuen erabileraren inguruko auzi etikoak ere azaleratuko dira, eta baita hondakin teknologikoen zein zerbitzariei eusteak dakarren kostu energetikoaren auzia).

Horrek guztiak behar den moduan funtziona dezan, baina, ezin da ahaztu Iñurrategik mahai gainean jartzen duen oinarrizko elementu bat:

Autoeraketa eta lankidetzarako, nortasun indibidual eta kolektiboaren garapenerako, berriz, ezinbestekoa da beraien buruarengan eta besteengan konfiantza izango duten pertsonak sustatzea, elkarlanerako gaitasun eta gogoa izango dutenak, eta arlo ezberdinetan konpetentzia teknikoak garatuko dituztenak. Horretarako beharrezkoa da zaintza eta heziketa baldintza egokiak garatzea.

Kontu hori funtsezkoa da: XX. mendeak erakutsi digu egitura-aldaketa hutsetara mugaturiko iraultza eta gizarte-aldaketek oro har erreka jo izan dutela lehenago edo geroago, baina psikologismo hutsaren eta New Age tankerako hurbilketen mugak ere azaleratu ditu gizaldi horrek. Hori dela eta, interes berezia dute bi ibaiertzok uztartzeko saioek. Horietako bat 2007an abiarazi zuten Massachusetts-eko MITen (piztiaren bihotzean, beraz) U teoria sortu zutenek. Teoria horrek gure gauzak egiteko moduan jartzen du arreta, eta eraldaketa sozialerako oinarri bat ezarri nahi du.

U teoriaren arabera, gizarte honek ezin du ongizate sozial, ekonomiko, ekologiko eta espiritual handiagorik sortu baldin eta ohiko jardunean gure kontzientzia-maila areagotu eta lidergo berria eratzen ez badugu. Izan ere, teoria horrek dioenez, edozein gizarte-sistematan sortzen ditugun emaitzen kalitatea banakoon kontzientzia-mailaren eta sisteman parte hartzen dutenek erabiltzen duten arretaren araberakoa da. Helburua litzateke, hortaz, kontzientzia egozentrikotik kontzientzia ekozentrikorako jauzia egitea. Ikuspegi horretatik, gure garaiko krisia ez da soilik lider bati, herrialde bati edo gatazka jakin bati loturiko krisia: gure garaiko krisia pentsatzeko eta jarduteko modu konbentzionalen eta gizarte-egitura zaharkituen kolapsoaren eta desagerpenaren isla da. U teoria aldaketa eraldatzailerako teknologia sozial gisa aurkezten dute, gero eta konplexuagoa eta aurreikusten zailagoa den mundu baten erronkei aurre egiteko eta mudantza sistemikoan laguntzeko.

Badakigu honezkero testuinguru jakin batean sorturiko teoria bat beste testuinguru batean mimetikoki kopiatzea ez dela abiapunturik egokiena. Eremu bakoitzak bere erantzun partikularrak landu behar ditu, argi dago, baina ondo legoke, etorkizun konplikatu baten atarian gauden honetan, gure aurrera begirako proposamenek bi dimentsio ezinbesteko hauek, psikologikoa eta sistemikoa, oso aintzat hartzea, trumoitik ekaitz perfektura igaro gura ez badugu behinik behin.


Erreminta gehiago...

Jule Goikoetxea Mentxakaren erremintak

Ameslari sinesgogorren alde Alba Garmendia Castaños

Izurria nola geldiarazi Harkaitz Zubiri Esnaola

Materialismo gehiago Jokin Bergara Eguren

Borrokan eta bakean Edur Epelde Pagola

COVID-19a eta euskara Jone Goirigolzarri Garaizar

Ekai Txapartegi Zumetaren erremintak

... eta astero gehiago.